Joan eduki nagusira

zoom Fernández-d’Arlas Bidegain ikertzailea, argazkia ateratzeko jarrita NUPeko InaMat Institutuko laborategian, esku batean artilea duela, eta bestean amaierako bioplastiko gardena.

Fernández-d’Arlas Bidegain ikertzailea, argazkia ateratzeko jarrita NUPeko InaMat Institutuko laborategian, esku batean artilea duela, eta bestean amaierako bioplastiko gardena.

Borja Fernández-d’Arlas Bidegain Zientzia Kimikoetan doktoreak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Material Aurreratuen Institutuko (InaMat) irakasleak metodo “erraz eta garbi” bat garatu du artilearen eta oilasko lumen hondakinetatik keratinak ateratzeko. Keratinak proteina batzuk dira, bioplastiko degradagarriak egiteko erabiltzen direnak. Teknika hori erabilgarria da, halaber, aposituak sortzeko, giza gorputzaren ehunak birsortzeko, eszipienteak garatzeko (sendagaiekin nahasten diren substantziak sendagaien dosifikazioa eta erabilera errazteko edo trinkotzeko edo zaporea emateko) edo teknika berri baten bidez (elektroharilkatze deritzana) ehun nanoegituratuak egiteko erabiltzen direnak (elkarri lotutako sareak, nanometroen neurriko zuntz eta poroak dituztenak). “La Caixa” Gizarte Obraren eta Nafarroa Kutxa banku fundazioari esker jarri da abian proiektu hori Talentua Erakartzeko NUPen programaren esparruan.

“Ingurunean plastiko ez biodegradagarriak metatzearekin eta plastikoen karbono arrastoarekin lotutako ingurumen arazoak direla-eta -haien garraioarekin eta ekoizpenarekin dago lotua-, plastiko berrien bila ari gara, bizitza erabilgarria amaitu ondoren ingurumenean erraz integratzen diren ekoizpen iraunkorreko bioplastiko berrien bila”, dio ikertzaileak.

Hondakintzat hartzen diren artileak eta lumadiak

Karbono arrastoa jaisten ahal da tokiko lehengaiak erabiliz eta hondakinen kudeaketa optimizatuz, ahaztu gabe nekazaritzako industriako hondakinak (hala nola artilea eta hegaztien lumak) errebalorizatuz bioplastikoak garatzeak ekonomia zirkularra bultzatzen duela. “Zenbait herrialdek, esaterako Espainiak, tradizio handia dute ardi hazkuntzan Idiazabal gaztaren eta Mantxako gaztaren gisakoak ekoizteko. Nolanahi ere, artile horiek ehunetan erabiltzeko kalitate txarrekoak direnez, hondakintzat hartzen dira”, azaldu du Borja Fernández-d’Arlasek. Haren ustez, Espainian urteko produkzioa 50.000 tona ingurukoa da, eta lumena, berriz, 100.000 tonakoa.

Horri gehitu behar zaio herrialde honetan erabilitako plastikoen % 50 zabortegira eramaten direla (milioitik gora tona urtean), eta horrek esan nahi du “hondakin keratinadunetatik eratorritako bioplastiko degradagarriek ehuneko handia ordezka dezaketela”.

Keratina eta bere ezaugarriak

“Keratina zuntz proteina bat da, orain gehigarri gisa erabiltzen dena kosmetikoetan. Bere egitura makromolekularra dela eta, keratina ehun zuntz aurreratuen osagai gisa ere erabiltzen ahal da”, esan du ikertzaileak.

Keratina horiek ateratzeko metodoa, Elsevier argitaletxearen “European Polymer Journal” aldizkarian argitaratua, Joaquín Gacén-Guillén ikertzaileak (1964) artilearen zuritzeari buruz aurretiaz egindako azterketetan oinarritzen da. “Egile haientzat zuritzeko txarra zena, artilea disolbatzen zuelako, ona da keratinak ateratzeko. Metodoa erraza eta garbia da, edo, nahi bada, ‘berdea’, keratina asko ateratzen baita oxidazio metodo baten bidez ur oxigenatua erabiliz oinarrizko ingurune batean —esan du—. Beste batzuek ez bezala, metodo hori oso erangikorra da, eta ez du hondakin toxikorik sortzen. Horretaz gainera, oxidazio metodoaren abantaila da lortzen diren keratinak hobeki disolbatzen direla ingurune akuosoetan. Ezaugarri hori interesgarria izan daiteke industriarako eta beste esparru batzuetarako: elikadura, farmakologia, uren tratamendua edo kosmetika. Metodologia horri esker keratinen biofilmak lortu dira”.

Keratina horien portaera termikoa aztertzea da ikerketa proiektu horren hurrengo urratsa. “Horren xedea da aztertzea posible ote den proteina horiek prozesatzea beste bioplastikoetan beste plastiko batzuetan ere erabiltzen diren metodologien bidez, hala nola estrusioa edo injekzioa, edo posible ote den proteina horiek erabiltzea ehunak birsortzeko proteinen bioegiturak 3Dn inprimatzeko material gisa”, esan du amaitzeko Borja Fernández-d’Arlasek.