Joan eduki nagusira

zoom Beren artikuluarengatik saria jaso duten Humberto Bustince (ezk.) eta Javier Fernández NUPeko ikertzaileak.

Beren artikuluarengatik saria jaso duten Humberto Bustince (ezk.) eta Javier Fernández NUPeko ikertzaileak.

Informazioaren Prozesamendu Lausoaren Ipar Amerikako Elkarteak (NAFIPS, ingelesezko siglen arabera) sari bat eman die Humberto Bustince Sola eta Javier Fernández Fernández Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Smart Cities institutuko (ISC) ikertzaileei, uztailean Fortaleza hirian (Brasil) egin den urteroko biltzarrean. Biek artikulu bat egin dute elkarrekin “deep learning”ari edo ikaskuntza sakonari buruz, hots, gizakiek ikasteko erabiltzen duten ikusmoldea antzeratzeaz arduratzen den adimen artifizialaren arloari buruz. Lan horrek artikulu onenaren bigarren saria irabazi du mundu mailako hainbat espezialista garrantzitsuk bilera zientifiko horretan aurkeztutako ehun bat lanen artetik.

Beren proposamenean, egileek proposamena egin dute makinen ikaskuntza-prozesuaren etapa jakin batzuetan informazioa fusionatzeko modua aldatzeko, neurona-sare sakonen bidez (“deep learning”). “Orain arte —azaldu du Humberto Bustince katedradunak—, fusio hori gauzatzeko, maximoa, batezbestekoa eta bestelako eragileak baliatu dira. Lanean, aldiz, Choquet izeneko integral mota baten erabilera proposatzen da, neurketa egokiak baliatuz bidea ematen baitu datuen arteko erlazioak kontuan izateko. Aldaketa horrek neurona-sare sakonen errendimendua hobetzen du sailkapen problemetan, bereziki irudien kasuan”.

Brasilgo egileak lankide

NUPeko bi irakasleek, Estatistika, Informatika eta Matematika Sailari, Navarrabiomed zentroari (Nafarroako Gobernuaren eta NUPen arteko ikerketa biomedikoko zentroa) eta Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuari (IdiSNA) atxikiak, Río Grandeko Unibertsitate Federaleko (Brasil) bost ikertzaile izan dituzte lankide saritutako artikulua idazteko: Camila Alves Dias, Jéssica C. S. Bueno, Eduardo N. Borges, Silvia S. C. Botelho eta Paulo Lilles J. Drews. Halaber, ikerketa horretan lankidetzan aritu dira Graçaliz Pereira Dimuro eta Giancarlo Lucca. Lehenbizikoa urtebetez egon da lanean ISC institutuan “la Caixa”ren Gizarte Obrak eta Nafarroako Kutxa Banku Fundazioak talentua erakartzeko finantzatu duten beka bati esker, eta bigarrenak NUPen doktoretza tesia defendatu berri du, Humberto Bustinceren beraren eta José Antonio Sanz Delgado ISCko ikertzailearen zuzendaritzapean.

Informazioaren Prozesamendu Lausoaren Ipar Amerikako Elkartea Estatu Batuetan sortu zen 1981ean, eta eremu guztietan logika lausoa aurreratzea helburu izan zuen lehenbiziko erakundea izan zen munduan. Bertan biltzen dira erabakiak hartzeko prozesuan, irudi bidezko diagnostiko medikoan edota soziologian aplika daitekeen zientzia horretako aditu estatubatuar nagusiak. Urtero biltzar bat antolatzen du, eta, aurtengoan, Humberto Bustincek eman du biltzarraren inaugurazio hitzaldia, zeinean aipatu Choquet integralari eta hura ikaskuntza eta sailkapen problemetan aplikatzeari buruzko ideia orokor batzuk izan baititu hizpide.