Joan eduki nagusira

zoom Javier Belloso Ezcurra, NUPeko doktore berria.

Javier Belloso Ezcurra, NUPeko doktore berria.

Javier Belloso Ezcurra (Iruñea, 1967) ZF-TRW Automotive multinazionaleko Informazioaren Teknologietako zuzendari eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) irakasle eta ikertzaileak tresna matematiko bat (algoritmoa) proposatu du hornikuntza katearen maila berean diharduten enpresen artean egiten diren lankidetza horizontaleko jarduera logistikoen eragina eta onurak ebaluatzeko. Ikerketa hori aipatu erakunde akademikoan defendatu duen doktoretza-tesiaren parte da.

Ikertzaileak matematika baliatu du logistikaren eremuan enpresen arteko lankidetza horizontala optimizatzeko. Benetako lankidetza-praktikak berraztertu ondoren, auzia modu matematikoan planteatu zuen, optimizazio konbinatorioaren ereduak erabiliz, hots, soluzio kopuru finitua duten problemak ebazteko baliatzen direnak.

Algoritmo adimenduna

Irtenbiderik onena bilatzeko, Belloso eragile bidaiariaren problema ezagunaz baliatu zen. “Zenbait hiritatik igaro behar duen bidaiari batentzat biderik egokiena aurkitzean datza, distantzia txikienekoa—-adierazi du ikertzaileak, zeinaren doktoretza-tesia Javier Faulín Fajardo NUPeko katedradun eta Smart Cities Institutuko (ISC) ikertzaileak eta Ángel A. Juan Pérez Universitat Oberta de Catalunyako irakasleak zuzendu baitute—. Abiapuntu horretatik, beste problema konplexuago batzuk sortzen dira: eragile bat izan beharrean, zenbait enpresa baliatzen dira; pertsonak izan beharrean, enpresa horiek partekatzen dituzten eta edukiera jakin bat duten kamioiak dira, etab.”.

Eragile bidaiariaren problema hori NP-konplexu motakoa da, hots, gaur egun ez dago hura zentzuzko denboran ebatziko duen algoritmorik (polinominala). “Milurtekoko zazpi arazo matematikoetako bat, hain zuzen, NP-konplexuak ebatziko dituzten algoritmo polinomialak aurkitzea da”, gehitu du Javier Bellosok.

Eragile bidaiariaren problema horretan oinarrituta, ikertzaileak garraiorako hiru eredu aztertu zituen, oinarrizkoenetik hasi eta konplexueneraino, zeinak aurrekoak ere barne hartzen baititu: banaketa eta bilketa barne hartzen dituzten eta bilketa amaieran egiten duten ibilbideak; banaketa eta bilketa barne hartzen dituzten eta bilketa edozein unetan egiten duten ibilbideak; eta flota heterogeneoko ibilbideak, hau da, askotariko karga-edukiera daukaten ibilgailuei dagozkiena.

Eredu bakoitza ebazteko, algoritmo meta-heuristikoak erabili ziren, eta ausazkotasun alboratuan oinarritutako metodologiak baliatu ziren. Egileak adierazi duenez, “algoritmo meta-heuristikoak ebazpen multzo itxaropentsuenak soilik ebaluatzen dituztenak dira, nolabaiteko adimenarekin, guztiekin probak egin beharrean”. “Bestalde, algoritmo bat sortzean ausazkotasun alboratua erabiltzeak esan nahi du, urrats bakoitzean, ebazpenik onena aukeratu beharrean, probabilitate jakin bat esleitzen zaiela hautatzeko dauden gainerako ebazpenei —azaldu du—. Modu horretan, ebazpen-aukera handia zabaltzen da, problema baten ebazpenik onenak, azken batean, ez baitu nahitaez izan behar urrats bakoitzean itxaropentsuena dena. Xakean bezala gertatzen da: mugimendu batek onena irudi dezake epe laburrean, baina ez azken buruan. Horregatik, beharrezkoa da aukera bat ematea hasiera batean onenak ez diruditen beste mugimendu batzuei”.

Algoritmo bat, besteak baino hobea

Javier Bellosok proposatutako algoritmoa beste batzuekin alderatu zen, eta estatistikoki egiaztatu zen bere ebazpena beste egile batzuek sortutakoak baino hobea dela, bereziki garraio-eredu konplexuenaren kasuan, hau da, askotariko karga-edukiera daukaten ibilgailuak dituenaren kasuan.

Modu horretan, ikertzaileak lankidetza horizontaleko jarduera logistikoen eragina eta onurak ebaluatzeko tresna bat jarri du enpresen eskura. “Logistikan, beti saiatu beharra dago kostuak murrizten, ez baitio ia baliorik eransten ekoizpen-prozesuari. Logistikaren optimizazioan gaur egun dagoen joera zentralizazioa da, hau da, logistika-gune gutxiago baina handiagoak erabiltzea. Uste dut optimizazioaren bide honetan eman beharreko hurrengo urratsa enpresen arteko lankidetza horizontala izango dela”, aipatu du ikertzaileak.

Eta, bikain “cum laude” kalifikazioa lortu duen tesian frogatu duen moduan, ikerketa operatiboak, zeinak eredu matematikoak, estatistika eta algoritmoak baliatzen baititu erabakiak hartzeko, ekarpen handia egin dezake eremu horretan. “Matematika zenbakiak baino askoz gehiago da; ordena, koherentzia eta erlazioak dira”, erantsi du ikertzaileak.

Curriculum laburra

Javier Belloso Informatikan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, Ingeniaritza Proiektuen Zuzendaritzako Masterra eskuratu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Zuzendaritza Nagusiko Programa Nafarroako Unibertsitateko IESEn, eta proiektu-zuzendari profesionaleko ikasketak egin zituen Project Management Institute erakundean.

Ikertzaile gisa, zenbait artikulu argitaratu ditu zientzia-aldizkarietan, eta nazioko eta nazioarteko hogeitik gora kongresutan parte hartu du. Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko DECYL (Project Management Institute) eta Universitat Oberta de Catalunyako DPCS-ICSO (Distributed Parallel and Collaborative Systems-Internet Computing & Systems Optimization) ikerketa-taldeetako kidea da.

Irakaskuntzaren eremuan, NUPeko Matematika eta Informatika Ingeniaritza Sailean eta Automatika eta Konputazioa Sailean aritu da eskolak ematen, eta, gaur egun, erakunde bereko Estatistika, Informatika eta Matematika Saileko irakaslea da. Horrez gain, Informazioaren Teknologietako zuzendaria da ZF-TRW enpresak Iruñean dauzkan instalazioetan, 2008az geroztik multinazional horrek Europan dauzkan beste fabrika batzuetan kargu bera eduki ondoren.