Joan eduki nagusira

zoom Ernesto Gabriel Fuentes Barrera, NUPeko doktore berria.

Ernesto Gabriel Fuentes Barrera, NUPeko doktore berria.

Ernesto Gabriel Fuentes Barrera nekazaritza-ingeniariak (Santa Cruz Tenerifekoa, 1982), Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian, aztergai izan du zer nolako eraginkortasuna duen Kanarietako bananondo-laboreak kaltetzen dituen har neurtzailearen (Chrysodeixis chalcites) aurkako intsektizida biologiko berri batek. Birus batek (ChchNPV) ohiko intsektizidek daukaten eraginkortasuna ematen dio, baina horiek baino denbora gehiago irauten du landarean.

Lehenik, Ernesto Gabriel Fuentes Barrerak aztertu zuen larba horiek zer izurrite-maila eragiten duten bananondoetan, eta zer kalte eragiten duten hostoetan eta fruituetan. “Guztira, 3.155 tona banana galtzen dira urtean, hots, urteko ekoizpenaren % 1,5, eta horrek 2,68 milioi euroko galerak eragiten ditu —azaldu du ingeniariak. Haren tesia NUPeko Laborantzen Babesa ikerketa-taldeko Primitivo Caballero Murillo katedradunak eta Oihane Simón de Goñi ikertzaileak eta Nekazaritza Ikerketetako Kanariar Institutuko Estrella Hernández Suárez ikertzaileak zuzendu dute—. Gainera, intsektizida erabiliena den Indoxacarb bidez izurria kontrolatzeak 240 euroko kostua dauka hektarea eta laboratze-ziklo bakoitzeko”.

Izurriaren aurkako produktu gutxi

Gaur egun, har neurtzailearen –bananondoko musker emea ere deitua– izurria kontrolatzeko, produktu kopuru txiki bat erabiltzen da behin eta berriro, eta, horrek erresistentzia garatzea ahalbidetzen duenez, produktu horien eraginkortasuna murrizten du. “Intsektizida berriak behar dira, baimenduta dauden produktu gutxi horiekin txandakatzeko, eta nahitaezkoa da Kanariar Uharteetako bananondo-laboreetan izurrien kontrol osorako programa eraginkor bat ezartzea”, gehitu du.

Aipatutako ChchNPV birusari, kontrol biologikorako eragile gisa, eman dakiokeen erabilera ebaluatzeko xedez, Fuentes Barrerak eskala txikiko zenbait saiakuntza egin zituen, negutegietan eta aire zabalean, birusaren aldagairik ugari eta hedatuenarekin (ChchNPV-TF1). “Bananondo-landare gazteetan larben kopurua eta hostoetako kalteak murriztea lortu genuen, Indoxacarb eta Bacillus thuringiensis produktu konbentzionalek egiten duten modu berean. Horrez gain, birusari esker, larben heriotza-tasa handiagoa lortzen zen denboran zehar, ohiko intsektizidekin tratatutako larben kasuan izaten den aldi laburraren aldean. Horrek adierazten du birus horrek gehiago irauten duela bananondo-landarean”, aipatu du bikain “cum laude” kalifikazioa lortu duen tesiaren egileak.

Eskala txikiko probaren ondoren, Ernesto Gabriel Fuentes bi urtez aritu zen landa-saiakuntzak egiten, Tenerifeko, Kanaria Handiko eta La Palmako merkataritza-plantazioetako sarezko negutegietan. Birusaren bidezko tratamenduak fruitua garatu baino zenbait hilabete lehenago aplikatu zirenean, berriro ere egiaztatu zen intsektizida biologiko horrek kontrol eraginkorra ahalbidetzen zuela, ohiko intsektizidek lortzen dutenaren antzekoa, eta, horregatik, har neurtzailearen kudeaketa integratuan sar zitekeela.

Curriculum laburra

Ernesto Gabriel Fuentes Barrerak Nekazaritza Ingeniaritza ikasi zuen La Lagunako Unibertsitatean, eta Agrobioteknologiako Masterra egin zuen NUPen. Doktoretza-tesia egin bitartean gauzatu dituen ikerketen ondorioz, zazpi argitalpen egin ditu, eta Entomologia Aplikatuko IX. Kongresu Nazionalean parte hartu du Valentzian.