Joan eduki nagusira

zoom José F. Alenza dekanoa, Cristina López Barrio aurtengo promozioaren amabitxia eta LyDER Programan parte hartu duten ikasle batzuk

José F. Alenza dekanoa, Cristina López Barrio aurtengo promozioaren amabitxia eta LyDER Programan parte hartu duten ikasle batzuk

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Zientzia Juridikoen Fakultateko 45 ikaslek hartu dute parte ikasturte honetan LyDER Programan (Literatura eta Zuzenbidea). Programako bosgarren promozioko graduazio ekitaldia izan zen berriki. Aurten, hogei bat ikasle graduatu dira. Ekitaldian, Cristina López Barrio idazle eta abokatuak hitz egin zuen bosgarren promozioaren amabitxi gisa, zeina 2017ko Planeta Sariaren finalista izan baitzen “Niebla en Tánger” eleberriarekin. Ikasturte bakoitzean, LyDER programaren segimenduan une desberdinetan dauden ikasleak eta programaren bukaeran daudenak elkartzen dira.

LyDER ekimenak “Zuzenbidea besterik ez dakienak, Zuzenbidea ere ez daki” leloa dauka, eta José F. Alenza García NUPeko Zientzia Juridikoetako dekanoak bultzatua da. Irakurgai plan bat dauka, graduko lau ikasmailetan banatua, eta ikasleek irakurgaiei buruz eztabaidatzen dute mintegietan, betiere lagungarria izan dadin giza jakintzan eta balioetan oinarritutako prestakuntza emanez ikasleen hezkuntza integralerako. Aipatutako irakurketez gainera, ohiz kanpoko mintegiak ere eskaintzen dira programan. Orain arte, literatura fantastikoa eta zuzenbidea izan dute aztergai, besteak beste, “Tronuen jokoa” eta “Eraztunen jauna” sagetan eta Eduardo Mendozaren "Savolta kasuari buruzko egia"lanean.

Cristina López Barrioren hitzaldia

zoom José F. Alenza García eta Cristina López Barrio

José F. Alenza García eta Cristina López Barrio

Cristina López Barrio idazleak literaturaren eta zuzenbidearen arteko loturak aipatu zituen, baita fikzioaren eta errealitatearen artekoak ere, erreferentzia literarioz eta errealismo magikoaren eta erreal miresgarriaren aipamenez betetako hitzaldi batean: “Bai literatura bai zuzenbidea hitzaren ahalmenaz baliatzen dira konbentzitzeko eta besteari zerbait sinetsarazteko; lehenak edertasuna baliatzen du; bigarrenak, berriz, arrazoi juridikoa", esan zuen idazleak.

Gainera, azaldu zuen fikziozko istorioak kontatzeko teknika auzi eskeetan islatzen diren "kasu" juridikoak eraikitzeko teknikaren antzekoa dela. Hitzen magia eta ahalmena nabarmendu zituen: magia “literaturak mundua ulertzeko eta bizirik egotearen larrimina arintzeko balio duelako”, eta ahalmena, “aldizka, arrazoia izatea aski ez delako: konbentzitu egin behar da, eta besteari sinetsarazi kontatzen ari garena egia dela. Horregatik da hain garrantzitsua zuzenbidean elokuentzia, erretorika eta kasu juridikoak ongi "kontatzen" jakitea”, azaldu zuen idazleak. 

LyDER Programa eta literatura lanen hautaketa

LyDER programa 2010ean jarri zen abian, eta “gozaraziz irakasteko” asmoarekin sortu zen, José F. Alenzaren esanean. Jarduera honek “helburu bat baino gehiago du, baina denak elkarren osagarri dira; laburbilduz, prestakuntza kultu baterako bidea ematea, ikasleari gaitasuna eman diezaion errealitatea kritikoki interpretatzeko eta gizartearen bilakaerara egokitzeko. Zuzenbidea produktu kultural bat denez eta gizarte jakin batean sortu eta aplikatzen denez, legelariek jakin behar dute zer nolako oinarriak dituen lan egiten duten sistema kulturalak eta sozialak”, gaineratu zuen.

Irakurgai planak nahitaezko hogeita hamar bat lan dauzka (aukerako beste lan batzuez gainera): lehenik, Cervantes, Shakespeare eta Espainiako Urrezko Mendeko idazle batzuk (Calderón de la Barca, Lope de Vega); gero, XIX. mendeko beste batzuk (Poe, Sthendal, Stevenson, Dostoievsky, Dickens, Balzac, Galdós, Benavente); aurrerago, XX. mendeko idazle batzuk (Camus, Kafka, Golding, Orwell); eta, azkenik, idazle garaikideak (García Márquez, Vargas Llosa, Eduardo Mendoza, Javier Marías, Jesús Sánchez Adalid o Juan Manuel de Prada).

Bosgarren promozioko ikasle graduatuak

Aurtengo promozioan, ikasle hauek graduatu dira: Raquel Artigas Laseca, Paula Bravo Jorajuria, Pedro Doria Sevine, Amaia Elizalde Izquieta, Miriam Errea Aroca, Íñigo Garcia Martinez, Irina Elena Girbea, Andoni Hernandez Campos, Melanie Hernandez Hicks, Íñigo Jimenez Jaunsaras, Javier Justo Bañon, Wahiba Lansari, Esther Marcos Rodríguez, Paula Martinez Dominguez, Irene Martinez Izco, Miriam Sanchez Moreno, Cristina Soto Sanchez, Marta Viedma Ansa, Ibai Yerro Arribillaga.