Joan eduki nagusira

zoom Aitor Plaza Puértolas ingeniaria, NUPeko doktore berria.

Aitor Plaza Puértolas ingeniaria, NUPeko doktore berria.

Aitor Plaza Puértolas industria-ingeniariak teknika eta algoritmo multzo bat garatu du, sistema mekanikoen (hala nola ibilgailuen, trenen, roboten edo haize-sorgailuen) funtzionamendua simulatzeko, abantaila batekin: denbora eta memoria-baliabide gutxiago behar ditu ordenagailuan informazioa prozesatzeko. Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) defendatu duen doktoretza-tesian jasotako ikerketa horrek bide emango dio kalkulu-potentzia txikiagoko konputagailuak erabiltzeari.

Mekanismo baten funtzionamendua simulatzeko, programazio-lengoaia jakin batzuk behar dira, mekanikaren ekuazio dinamikoak kalkulatze aldera. Programazio horren muga nagusietako bat ordenagailuak ekuazio horiek sortzeko behar duen gehiegizko exekuzio-denbora da, baita problema soilen kasuan ere. Bere doktoretza-tesian, Aitor Plazak edozer formulaziorekin eta edozer koordenatu motarekin erabil daitezkeen tekniken eta algoritmoen multzo bat garatu du, eta horien emaitzek ia-ia ez dute alderik formulaziorik onenaren bidez lortzen direnekin.

Sortutako kodean kalitate optimoa lortzeaz gainera, teknika horien abantaila nagusia da eskuratutako ekuazioak optimizatzen direla. “Optimoak izanik, ordenagailuak denbora gutxiago behar du horiek ‘digeritu’ eta ondoren haiekin lan egiteko, eta, hortaz, bide ematen dio kalkulu-potentzia txikiagoko konputagailuak erabiltzeari”, adierazi du Aitor Plazak. Bere tesia Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritza Saileko Javier Ros Ganuza irakasleak zuzendu du, eta bikain “cum laude” kalifikazioa lortu du.

Tesiaren beste ekarpen bat izan da ekuazio sinboliko optimoak sortzeko sinplifikazio trigonometrikoaren prozesua deuseztatzea. “Oro har, aukera dago sistema mekanikoen ekuazioak sinplifikatzeko —azaldu du Aitor Plazak—. Sinplifikazio hori lagungarria da ekuazioen tamaina txikiagoa izan dadin; baina, hori lortzeko, konputazio-denbora luzea behar da. Proposatutako teknikak trigonometrikoki sinplifikatutako ekuazioak eskuratzen ditu zuzenean, sinplifikazio hori esplizituki egin beharrik gabe, eta, horri esker, kode optimo bat sor daiteke, azkarragoa eta memoria-baliabide txikiagoekin”.

Askotariko aplikazioak

Tesian, ingeniariak bere proposamena praktikara eramateko aukera izan zuen, NUPeko Ingeniaritza Mekaniko, Aplikatu eta Konputazionala – IMAC ikerketa-taldearen (zeinaren kide baita) eta trenbidearen esparruko enpresa baten arteko lankidetza-proiektu batean. Proiektu horren ataletako bat lokomotor baten konputazio-eredua garatzea izan zen, zenbait esperimentu birtualetan erabiltzeko. “Konplexutasun handiko eredua izanik, ordenagailuak denbora luzea behar izaten zuen hura sortzeko: bi ordu eta erdi inguru. Hori, alde batetik, eredua kalkulu sinbolikoetarako xede orokorreko merkataritza-software baten bidez garatzeagatik izaten zen. Orokorra zenez, eta eredu teknikotan zentratuta ez zegoenez, ez zituen eragiketak ahalik eta modu optimoenean egiten”, adierazi du.

Ikerketan proposatutako tekniken eta algoritmoen multzoa aplikatu eta gero, ekuazio horiek sortzeko denbora hamar minutura jaitsi zen, eta ordenagailuak eredu hori “digeritzeko” behar izan zituen eragiketa matematikoen kopurua software orokor baten bidez sortuz gero beharko liratekeen eragiketen % 0,3 izan zen. Gainera, ez zen xede orokorreko merkataritza-software bat erabili beharrik izan, zeina lizentzia ordaintzen duenak baizik ezin baitu erabili.

Ekuazioak lortzeko teknika hori askotariko sistema mekanikoetan aplika daiteke. “Une honetantxe, esaterako, haize-sorgailu baten ereduan ari gara lanean. Halaber, autoen, roboten eta ibilgailu-esekiduren ereduak egin ditugu, baita gure ikerketetarako eta irakaskuntzarako erabiltzen ditugun beste eredu batzuk ere”, aipatu du.

Curriculum laburra

Aitor Plazak Industria Ingeniaritzako titulua lortu zuen 2009an Nafarroako Unibertsitate Publikoan, non Ingeniaritza Mekaniko, Aplikatu eta Konputazionaleko Masterra egin baitzuen gero. Azken urteotan ikerketan aritu da, denbora errealeko aplikazioetara bideratutako gorputz anitzeko sistemen dinamikaren eremuan. Horrez gain, zenbait lankidetza-proiektutan parte hartu du, Nafarroako nahiz estatu-mailako enpresekin.

Egun, Nafarroako Unibertsitate Publikoan egiten du lan, energia eolikoarekin lotutako proiektu batean, eta irakasle da erakunde horretako Mekanika, Energetika eta Materialen Ingeniaritzako Sailean.