Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Gobernu Kontseiluak onetsi du gaur, astelehenean, azaroak 27, bere sailak berregituratzeko prozesua burutzen duen erabaki bat. Berregituraketa eta gero, 22 izatetik 11 izatera pasatuko dira. Horrela, urte honetako hasieran abian jarri zen prozesua burutu da, unibertsitate komunitatearen parte-hartze handi baten ondoren onetsi dena. Gobernu Kontseiluaren erabakiak ezartzen du hemendik aurrera aldi iragankor bat irekiko dela, 2018ko maiatzaren 2ra arte, egun horretan sartuko baita indarrean sail-egitura berria.

Hauek dira hamaika sail berriak: Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura; Zientziak; Osasun Zientziak; Giza eta Hezkuntza Zientziak; Zuzenbidea; Ekonomia; Estatistika, Informatika eta Matematika; Enpresen Kudeaketa; Ingeniaritza; Ingeniaritza Elektrikoa, Elektronikoa eta Komunikazio Ingeniaritza; eta Soziologia eta Gizarte Lana.

Sailen berregituraketa gaurko errektore Alfonso Carlosenaren hautagaitzan zegoen konpromisoetako bat zen, eta 2016-19 IV. Plan Estrategikoaren helburuen artean sartuta zegoen. Beste unibertsitate publiko batzuek ere ekin diote sail berregituraketari.

Unibertsitateak onetsi duen berregituraketa honen helburu orokorra da sailen arteko egituraketak, ikuspuntu akademikotik, oreka eta koherentzia handiagoa edukitzea, eta ekonomiaren eta antolamenduaren ikuspegitik eraginkortasun handiagoa edukitzea, eta barne araudiarekin eta gaurko unibertsitate ereduarekin egokiagoa den egituraketa bat lortzea, proiektu honen txostenean adierazten den bezala.

Era berean, ekimen honekin nahi dena da irakasleak unitate handiagoetan sartuta egon daitezela, eta irakaskuntza- eta ikerketa-sinergia handiagoak eduki ditzatela, bai eta administrazio eta zerbitzuetako langileek lana hobeki egin dezatela ere, eta NUPek zerbitzu hobea eman diezaiela ikasleei.

Prozesu honetatik ateratzen diren finantza-baliabideak erabiltzen ahalko dira unibertsitate-politikaren alderdi batzuei garrantzi gehiago emateko, esaterako irakasleriaren egituraren hobekuntzari, bere arduraldi osoa eta lotura iraunkorra sustatuz; ikerketarako pizgarriak eta Unibertsitatearen nazioartekotzea sustatzeari, edo eta 2018-19 ikasturtetik aurrera martxan jarriko den titulazio mapa berriaren garapenari.

Sail-egitura berria ez da indarrean sartuko 2018ko maiatzaren 2ra arte, Gobernu Kontseiluaren erabakiak ezartzen duen bezala, zeinak organo pertsona bakarrekoak eta kolegiatuak aukeratzeko hauteskundeen deialdiaren epeak ezartzen baititu. Aldi iragankor honetan, administrazio laguntzarako egiturak eta azpiegitura berriak eratuko dira, baita agertoki berri honetan behar diren beste gauza batzuk ere.

Sailen funtzioak

Sailak Unibertsitateak ematen duen irakaskuntza koordinatzeaz arduratzen diren organoak dira, eta irakasleen irakaskuntza eta ikerketa ekimenak bultzatzen dituztenak. Sailek jakintza-arlo batzuekin lotutako irakasle multzo bat biltzen dute. Irakasle hauek eskola edo fakultate baten edo batzuen titulazio batean edo batzuetan irakasten dute aldi berean. Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak agintzen duenez, unibertsitateari dagokio sailak sortzea, aldatzea eta ezabatzea, haren estatutuekin bat etorrita.