Joan eduki nagusira

zoom Leoncio Urabayen geografoaren legatuaren lagapenaren izenpetzea. Ezkerretik eskuinera: Ramón Gonzalo (NUPeko errektoreordea), Miguel Urabayen (geografoaren semea) eta Diego Urabayen (iloba).

Leoncio Urabayen geografoaren legatuaren lagapenaren izenpetzea. Ezkerretik eskuinera: Ramón Gonzalo (NUPeko errektoreordea), Miguel Urabayen (geografoaren semea) eta Diego Urabayen (iloba).

Leoncio Urabayen Guindoren (Errotz, 1888-Iruñea, 1968) familiak izenpetu du uztea Nafarroako Unibertsitate Publikoari (NUP) geografo nafarraren artxibo profesionalaren azken partea, zain eta zabal dezan. Legatu honek Foru Erkidegoari buruzko ia 1.300 argazki, marrazki eta postal ditu, eta osatzen ditu 1934tik 1936ra Eskola Normaleko zuzendaria izan zenak utzi zituen eta Unibertsitateko liburutegiko antzinako funtsean 2010. urtetik dauden dokumentuak, ehun baino gehiago direnak.

Leoncio Urabayenen dokumentuak eta jatorrizko lanak Nafarroako Unibertsitate Publikoko liburutegian daude gordeak orain, unibertsitateko irakaslea, kazetaria eta zinema kritikaria izan den Miguel Urabayen Cascante bere semeak hala erabaki baitzuen. “Eskola Normala gaur ez denez, eta hango irakaslea izan zenez, onena zen material guztiaren emaitza egitea, nori eta, nolabait esateko Eskolaren oinordea den erakundeari, orain Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fakultate bihurtu denari. Uste dut aita pozik egon zatekeela bere lana han gordetzen dela ikusi izan balu”, azaldu zuen Miguel Urabayenek “Leoncio Urabayen y el Pirineo Navarro” liburuan, zeina Jose Etxegoien Juanarena ikertzaileak bultzatu eta zuzendu duen obra baita. Irati Bortuak Elkarteak eta Orotz Beteluko Udalak argitaratu zuten liburu hori 2010ean, NUPen babesarekin (beste erakunde batzuen artean).

Hitzarmenaren izenpetzaileak

zoom Iruñeko Kondestablearen Jauregian NUPen 30. urteurrena ospatzeko egin zen argazki erakusketako irudi bat.

Iruñeko Kondestablearen Jauregian NUPen 30. urteurrena ospatzeko egin zen argazki erakusketako irudi bat.

Lagapena 25 urteko eperako egin da, behin betiko izateko borondatearekin, eta izenpetzean egon dira, Unibertsitatearen aldetik, Ramón Gonzalo García Ikerketako errektoreordea, eta Leoncio Urabayenen familiaren aldetik, dagoeneko aipatu dugun Miguel Urabayen semea, baita Diego Urabayen Aróstegui iloba ere.

Orain laga den ondareak 1.279 argazki, postal eta marrazki ditu. Gaiak Iruñea, Foru Erkidegoko landa arkitektura eta ofizioak dira. Material hau guztia gehituko zaio 2010etik Unibertsitatean gordetzen denari, non Nafarroako, Espainiako, Europako eta Amerikako herriak eta paisaiak ageri baitira. Material hauen parte bat Iruñeko Kondestablearen Jauregian urriaren lehen astean egin zen erakusketa batean ikusten ahal izan zen. Erakusketa hura NUPen 30. urteurrena ospatzeko ekitaldietako bat izan zen.

Ehun dokumentu baino gehiagok osatzen dute Leoncio Urabayenen legatuaren gainerakoa. Dokumentu horiek monografiak, separatak, aldizkarietan argitaratutako lanak, aldez aurretiko lanak, jatorrizko mekanografiatuak, hitzaldiak, liburuxkak eta ikasgaiak dira. Dokumentu hauen artean nabarmentzen dira egilearen obraren 48 jatorrizko lan; haietako batzuk ez omen dira argitaratu, eta beste batzuek aldaketak dituzte argitaratu zirenekin alderatuta. Interesgarriak dira, halaber, bere lan-materialak, apunteak, fitxategiak eta obra askotarikoa biltzen duten liburuki batzuk. Legatuak bere baitan hartzen du, baita ere, lan beraren argitalpen bat baino gehiago, eta egileari buruzko azterketak.

Ohar biografikoa

zoom Leoncio Urabayen Guindo geografo nafarra.

Leoncio Urabayen Guindo geografo nafarra.

Leoncio Urabayen geografo modernoa izan zela jotzen da, gaiaren aurrerapenen berri eta bere garaiko ideia berritzaileak ezagutu baitzituen. Giza geografiari buruzko azterketak egin zituen, herrietan eta eskualdeetan, eta arreta bereziarekin aztertu zituen landa etxea eta kokaguneak. Gainera, eskolan ematen zen geografia irakasgaiaren berrikuntza didaktikoan lagundu zuen.

Urabayenek Madrilgo Magisteritzako Goi Mailako Eskolan ikasi zuen, eta Historia irakaslea izan zen Burgosko Irakasleen Eskola Normalean eta Gaztelaniazko Gramatika eta Literatura irakaslea Iruñeko Eskola Normalean, non zuzendari izan baitzen. Idazkari aritu zen Eusko Ikaskuntzaren 1918ko I. Kongresuan, Eusko Ikaskuntza elkartea eratu zuenetako bat izan zen, eta erakunde honetako irakaskuntzako batzordekidea izan zen 1918tik 1923ra.

Ikerketa eta kultura lanetan aritu zen, baina ez hori bakarrik; politikan eta irakaskuntza kudeaketako lanetan ere jardun zuen. Giza geografia grinaz bizitzeaz gain, ikerketa eta kultura jardunean aurpegi askotako pertsona izan zen. Horregatik, hainbat gairi buruz idatzi zuen, baita fikziozko nobela bat ere.

Urabayenek lan aipagarriak argitaratu zituen aldizkari hauetan: “Revista Internacional de Estudios Vascos”, “Hermes”, “Boletín de la Real Sociedad Geográfica”, eta “Munibe”, baita Espainiako eta Portugalgo beste kultura aldizkari batzuetan ere. Bere obren artean, hauek dira azpimarragarrienak: “Oroz Betelu” (Madril, 1916), “Geografía humana de Navarra: la vivienda” (Iruñea 1929-1932), “La casa navarra” (Madril, 1929), “Geografía de Navarra” (Iruñea, 1931), “Atlas geográfico de Navarra” (Iruñea, 1931) edo “Biografía de Pamplona” (Iruñea, 1952).