Joan eduki nagusira

zoom Urretxindorra proiektuan parte hartzen ari diren unibertsitarioak.

Urretxindorra proiektuan parte hartzen ari diren unibertsitarioak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) hamabost ikasle hasi dira jada ikastetxe publiko hauetako haurrei laguntza emateko programarekin: Hegoalde Ikastola HLHIPa (Iruñea), Altsasu BHIa (Altsasu), Los Sacues-Sahats (Barañain) eta Luis Fuentes-Lakuntzako Herri Eskola IPa (Lakuntza). Urretxindorra proiektua izena duen ekimen horretan parte hartzen duten Unibertsitateko ikasleak haur horien mentore bihurtzen dira, kultura eta gizarte topaguneak eta ikaskuntza pertsonaleko guneak sortzeko, laguntza emateko eta haientzat eredu egoki moduan agertzeko xedez.

Programa Unibertsitate Proiekziorako eta Erakundeekiko Harremanetarako Errektoreordetzaren Gizarte Ekintzarako Unitateak sustatzen du, Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedrarekin eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuarekin lankidetzan. Ekimenak aipamen berezia jaso zuen iaz Nafarroako Onda Ceroren II. Elkartasun Sarietan.

Urretxindorra Proiektuaren seigarren edizioa duela gutxi jarri da abian. Aurkezpen jardunaldi bat egin zen, eta Unibertsitateko ikasleek 2017-18 ikasturte osoan zehar lagunduko dituzten adingabeak ezagutzeko lehen saioa eduki zuten. Ekitaldi horretan izan ziren Natalia Tajadura Arizaleta NUPeko Gizarte Unitateko arduraduna; María Flores, Altsasu BHIa ordezkatuz; Marga García (Los Sauces-Sahats) eta Reyes Pérez-Irizarbe (Hegoalde); ikastetxeetako zenbait irakasle, eta NUPeko Gizarte Ekintzarako Unitateko langileak. Modu horretan, ongietorria eman zitzaien aipatu ikastetxeetako haurrei eta beren familiei.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere Plan Estrategikoaren esparruan sustatzen dituen gizarte erantzukizuneko jardueren barnean kokatzen da proiektu hori. Horrez gain, Unibertsitateko Unesco Katedrak laguntza eman du, ikasle mentoreak prestatzeko eta mentoretza sozialari buruzko gogoeta-guneak sortzeko. Edizio hau kontuan hartuta, 70etik gora dira ekimen horri esker mentore izan direnak, eta hamabi ikastetxe ekimenaren onuradun izan dira.

Programan parte hartzen duten ikasleak

Hauek dira Urretxindorra proiektuan parte hartzen duten Unibertsitateko ikasleak, egiten ari diren titulazioa ere aipatuz: Laura Amezqueta García, Leire Lizoain Lizarraga, Sara Arraiza García eta Teresa Rodríguez García-Barnerena (Haur Hezkuntzako Irakaslea), Ane Bañasco Equiza eta Saioa Galarza Mozo (Haur Hezkuntzako Irakaslea euskaraz), Patricia Manrique Vizcay, Paula Morentin Larrauri eta Santiago Jiménez Rebolé (Lehen Hezkuntzako Irakaslea), Rubén Garciandía Rosa (Ingeniaritza Elektriko eta Elektronikoa), Daniel Ameztoy Zúñiga (Informatika Ingeniaritza), Stella Iantzi Vicente (Gizarte Lana), Wahiba Lausari (Zuzenbidea), Ángela Fernández Rodríguez (Lan Harremanak eta Giza Baliabideak) eta Iker Arregui Alegría (Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza).

Heldu den maiatzeraino luzatuko den programaren helburua da gazteak testuinguru sozial ezberdinetako haurrekin harremanean jartzea, abiapuntutzat hartuta bien arteko harremana aukera egokia dela esperientzia berriak edukitzeko, trebetasunak jorratzeko eta pertsonen arteko harreman moduak lantzeko. Xedea da esperientziak onura ekartzea tartean diren alderdi guztiei, adingabeei, haien familiei, ikastetxeari, Unibertsitateko ikasleei eta Unibertsitateari berari.

Mentoretza, gaztelaniaz eta euskaraz

Mentoretza gaztelaniaz eta euskaraz egingo da (adingabeak zer hizkuntzatan ikasten duen, horren arabera), eta Unibertsitateko ikasleek aldez aurretik jaso dute prestakuntza, haurrekin egokituko zaizkien egoerei aurre egiteko edo familiarekin zer nolako harremana landu jakiteko. Laguntzeko lanean, jarduera ludikoak eta kulturalak egingo dira, eskola orduetatik kanpo, astean bi ordutik hiru ordura bitartean. Era berean, Unibertsitateko Gizarte Ekintzarako Unitateak mentoretza banaka eta taldeka egiten duten Unibertsitateko ikasleei laguntzen die, kontsultarako espazioak sortuz, zailtasun egoerak aztertuz eta ikasturtean sortzen den edozein zalantza argituz.

Mentore izateak haurrekin denbora partekatzea eta kalitatezko arreta ematea dakar berekin, itxaropen anitzagoak izan ditzaten eta bizitzan esperientzia berriak edukitzeko aukera izan dezaten. Jarduera amaitzean, Unibertsitateko ikasleek beren parte-hartzearen ebaluazio txostena egiten dute. Parte-hartzaile bakoitzak beka bat jasoko du, jarduerak egiten diren bitartean sortzen diren gastuak ordaintzeko xedez.