Joan eduki nagusira

zoom Sergio Rota Rodrigo ikertzailea, Bordeleko (Frantzia) Fotonikaren, Teknologia Digitalaren eta Nanozientzien Laborategian.

Sergio Rota Rodrigo ikertzailea, Bordeleko (Frantzia) Fotonikaren, Teknologia Digitalaren eta Nanozientzien Laborategian.

Sergio Rota Rodrigo (Iruñea, 1985) Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Telekomunikazio Ingeniaritzako doktoreak Marie Sklodowska-Curie banakako beka bat lortu du. Bi Nobel Sari jaso zituen zientzialari frantziar-poloniarraren omenez ematen du Europar Batasunak beka hori. Laguntza horri esker, ikertzailea bi urtez arituko da ikertzen Bordeleko (Frantzia) Fotonikaren, Teknologia Digitalaren eta Nanozientzien Laborategian (LP2N). Laborategi hori Akitaniako Optika Institutuaren, Bordeleko Unibertsitatearen eta CNRS Ikerketa Zientifikoaren Erakunde Nazionalaren mendekoa da. Ikertzaileak zuntz optikozko laser mota berri bat diseinatuko du, zeina atomoak hozteko fasean erabiliko baita grabitazio-uhinen detektagailu berri batean. Horrez gain, urpeko haririk gabeko komunikazioetarako eta dermatologiako aplikazio medikoetarako ere balia daiteke laser hori.

Marie Sklodowska-Curie banakako bekak Horizon 2020 Europako Ikerketa Programaren Zientzia Bikaina atalekoak dira, eta zientzialari onenen eta etorkizun handienekoen mugikortasuna bultzatzen dute. Ikertzaileen ahalmen berritzaile eta sortzailea areagotzea da beren helburua. Beraz, Europa osoko proiektuak lehiatzen dira ebaluazio-prozesu zorrotz batean.

Sergio Rotak 173.000 €-ko laguntza ekonomikoa eskuratu du gorago aipatutako laborategian ikertzeko. Giorgio Santarelli Paris VI Unibertsitateko Fisika doktore eta Starligth+ taldeko liderra izango du gainbegiratzaile. LP2Nren, Akitaniako Optika Institutuaren eta Azur Ligth Systems (ALS) enpresaren laborategi bat da Starligth+, eta “laser ultraegonkorrak garatzea” du helburu, ikertzailearen hitzetan.

Laser bidezko hozketa, komunikazioetarako eta dermatologiarako

Zuntz optikozko laserrak teknologia ahaltsuak dira, eta hainbat abantaila dituzte, besteak beste, kanpoko perturbazio elektromagnetikoekiko immunitatea, laser-sortaren kalitatea, disipazio termikoa eta tamaina konpaktua. Hori dela eta, mota horretako teknologiak hazkunde handia izan du bai ikerketaren arloan baita industrian ere.

Sergio Rotaren proiektuak NeoLas izena du, zeina neodimio (taula periodikoko elementu kimiko bat, lur arraroen multzokoa) eta laser hitzak laburtuz osatuta baitago. Proiektuaren helburua da zuntz optikozko laser berriak garatzea, maiztasun bakarrekoak, potentzia altukoak eta zarata txikikoak, infragorri hurbilari (gizakiarentzat ikusezina) eta urdinari (espektro ikusgaia) dagozkien uhin-luzera dutenak.

Proiektuaren motibazioa argiaren eta materiaren arteko interakzioan oinarritutako aplikazioekin dago lotuta. Gaur egun, estrontzio-atomoetan oinarritutako ordulari atomiko berriak eta grabitazio-uhinen detektagailu berri bat, interferometria atomikoan oinarritutakoa, garatzen ari dira elementu horrekin berarekin. Bi aplikazio horietan erabiliko dira proiektuan garatzen diren laserrak, zehatz-mehatz, estrontzio-atomoak hozteko lehen fasean, 0 absolutuaren (-273º C) gainetik gradu-milareneko tenperatura erdietsi arte.

Aplikazio horiez gainera, laser mota hori urpeko haririk gabeko komunikazioetarako eta larru-tratamenduarekin lotutako aplikazio medikoetarako baliatzearen aldeko apustua egiten du proiektuak.

Proiektuan garatzen diren laserrek darabilten zuntz optikoen nukleoa neodimio-ioiez dopatu da, eta horrek aukera ematen du seinale optikoa gorago aipatutako aplikazioek behar dituzten uhin-luzeretara anplifikatzeko. “Proiektuak erronka teknologiko handiak ditu, baina arlo akademikoaren eta enpresen arteko lankidetza-esparru batean egingo denez, fotonikaren esparruko Frantziako eragile nagusien esperientzia izango dugu”, esan du Sergio Rotak.

Curriculum laburra

Sergio Rotak Telekomunikazioko Ingeniaritza Teknikoko eta Telekomunikazioko Ingeniaritzako tituluak lortu zituen NUPen, eta Komunikazioetako Unibertsitate Masterra egin zuen erakunde horretan bertan. Bestalde, zuntz optikozko laserrei eta sentsoreei buruz egin zuen doktoretza-tesia, Manuel López-Amo Sainz katedradunaren zuzendaritzapean. Tesia defendatu ondoren, doktoretza ondoko ikertzaile gisa aritu da Bordeleko LP2N laborategian (Frantzian), eta hor garatuko du Europar Batasunaren Marie Sklodowska-Curie beka ere.

Sergio Rotak NUPeko lau ikerketa-proiektutan lan egin du, eta gaur egun LP2N laborategiko beste lau proiektutan murgilduta dago (horietako bat NUPekin elkarlanean). Bere ikerketa-ibilbidean, hamahiru artikulu argitaratu ditu nazioarteko aldizkari indexatuetan, zazpi ekarpen egin ditu nazioarteko biltzarretan –haietako bati ikasleen artikulu onenaren saria eman zioten–, eta beste bi biltzar nazionaletan, eta, horretaz gainera, ikerketa-egonaldiak egin ditu Kantabriako eta Portoko (Portugal) unibertsitateetan.