Joan eduki nagusira

zoom José Félix García Tinoco, NAPIko gela batean. NUPeko bi titulu eta Hezkuntza Ministerioaren bi sari eskuratu ditu, eta irakaslea ere bada.

José Félix García Tinoco, NAPIko gela batean. NUPeko bi titulu eta Hezkuntza Ministerioaren bi sari eskuratu ditu, eta irakaslea ere bada.

Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) José Félix García Tinoco tituludunari eman dio Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziako espediente onenaren hirugarren sari nazionala. Iruindarrak batez besteko 9,61eko notarekin bukatu zituen ikasketak, eta Nafarroako Gobernuko funtzionarioa da gaur egun. José Félix García Tinocok lehenago ere lortu zuen lehiaketa horretako beste sari bat, Enpresa Zientzien diplomaturako 2008-2009ko lehen saria, alegia.

Unibertsitate Hezkuntzako Ikasketa Amaierako Sari Nazionalak goi-mailako ikasketetan nota bikainenak lortu dituzten ikasleak saritzen ditu. Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Hezkuntza, Lanbide Heziketa eta Unibertsitateetarako Estatu Idazkaritzak hilabete honetan ezagutzera eman duen erabakiaren deialdian, ikasketak 2012-2013 ikasturtean bukatu zituzten ikasleak lehiatu dira. José Félix García Tinocok 2.200 € jasoko ditu sari gisa.

Santa María la Real ikastetxean (Maristas ikastetxean) ikasi zuen; gero, Lanbide Heziketako Arte Grafikoen eta Merkataritza Kudeaketa eta Marketinaren goi-zikloa gainditu zuen, eta, horren ondotik, Enpresa Zientzietako diplomatura lortu zuen NUPen. Goi-hezkuntzako ikasketak egiten zituen bitartean, lanean aritu zen frankizia bat kudeatzen eta unibertsitate-ikasleei eskola partikularrak ematen akademia batean.

Horrez gainera, bi Erasmus beka izan zituen: lehenengoan, Pragako (Txekiar Errepublika) enpresa batean aritu zen lanean; bigarrenean, aldiz, Danimarkako hiriburura joan zen Copenhagen Business School zentroan ikastera. Enpresa Zientzietako ikasketak amaitzean, Googlek antolatutako publizitateari buruzko nazioarteko online lehiaketa bateko finalerdietarako sailkatu zen.

Ikasten eta lanean

Diplomatura batez besteko 9,84ko notarekin bukatu eta karrerako irakasgai guztietan ohorezko matrikula lortu ondoren, José Félix García Tinocok NUPen ikasten segitu zuen, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentzian. Unibertsitatean ikasten ari zela, Nafarroako Gobernuko oposizio bat prestatu zuen. Hala, funtzionario-plaza bat eskuratu zuen, eta erakunde horretan ari da lanean orduz geroztik. Azkenik, 2015ean amaitu zituen NUPeko ikasketak graduondo honekin: Zuzendaritza eta Kudeaketan Aditua titulu berekia.

Gaur egun, teknikaria da Nafarroako Gobernuaren Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuko Jasangarritasunaren, Ingurumen Hezkuntzaren eta Partaidetza Publikoaren Atalean; aurreko legegintzaldian, berriz, Ekonomia, Ogasuna, Industria eta Enpleguaren Departamentuko Berrindustrializazio, Lehiakortasun eta Proiektu Estrategikoen Zerbitzuaren zuzendaria.

Bestalde, irakasle-lanetan ere badabil Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko (NAPI) Estatistika eta Finantzetarako Matematikak eta Finantzak irakasgaietan eta unibertsitateko ikasleentzako zenbait akademiatan, eta oposaketak prestatzen ere laguntzen du.