Joan eduki nagusira

zoom Bideoaren fotograma bat, non Joaquín Sevilla (ezk.) eta Javier Armentia ageri baitira

Bideoaren fotograma bat, non Joaquín Sevilla (ezk.) eta Javier Armentia ageri baitira

 "Nola transmititzen da informazioa zuntz optikoan?". Hori da "Zientzia tabernan" saileko bideo berriaren izenburua, izen bereko webgunean argitaratu berri dena. Joaquín Sevilla Moróder Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Ezagutzaren Zabalkundeko arduradunak eta Javier Armentia Fructuoso Iruñeko Planetarioko koordinatzaileak laser baten eta ur zurrusta baten bidez azaltzen dute nolako portaera duen argiak, zeinak material mota horren bidez transmititzen baititu datuak. NUPeko Esperientziaren Gelako ikasleek egindako galderei erantzuten diete horrela. Esperientziaren Gelak orotariko prestakuntza eskaintzen die 50 urte baino gehiago dituztenei, Giza eta Gizarte Zientzietan.

Ziklo honetako ikus-entzunezko piezen ezaugarri komuna da taberna batean egiten direla, kasu honetan NUPeko Arrosadiko campuseko jantokien eraikineko kafetegian. Beren azalpenetan adituek taberna batean arruntak diren materialak eta elementuak erabiltzen dituzte, esaterako katiluak, platerak, kopak edo kafeontziak, egiteko haiek "tabernako esperimentuak" izendatzen dituztenak. Bideoak www.cienciaenelbar.com webgunean eta YouTubeko http://www.youtube.com/user/cienciaenelbar kanalean ikusten ahal dira.

NUPek abian jarri duen ekimen hau Zientziarako eta Teknologiarako Espainiako Fundazioak (FECYT) – Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatu du, eta haren xede nagusia eduki zientifiko eta teknologikoak jende guztiarentzat zabaltzea da, hizkera erraz eta ulergarrian. 2014tik gaur arte zabaldu diren 28 bideoek 270.000 bisita eduki dituzte guztira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko Kultura Zientifikoaren Unitateak (KZU) bultzatzen du proiektua, eta Iruñeko Planetarioak laguntzen du. Abiapuntutzat hartzen du Zientziaren Lagunen Klubak 2013an martxan jarri zituen "Zientziaren ostegunak" (gaur egun "Zientzia tabernan"), gai zientifikoak lasai eta lagunarteko giroan jende guztiarengana hurbiltzeko xedez sortu zen ekimena.