Joan eduki nagusira

zoom Carmen García Olaverri da NUPeko Unibertsitateko Komunitatearen ararteko berria.

Carmen García Olaverri da NUPeko Unibertsitateko Komunitatearen ararteko berria.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Klaustroak Carmen García Olaverri Unibertsitateko Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedraduna aukeratu du astelehen honetan, abenduak 19, Unibertsitateko Komunitatearen ararteko. Gabriel Lera Carreras ordeztuko du, eta hurrengo lau urteetan arituko da karguan.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Klaustroaren ohiko bileran izendatu dute Olaverri. Eguneko aztergaietako bat, Alfonso Carlosenaren errektorearen urteko txostena, unibertsitateko komunitate osoarentzat irekia izan da, aurreko urtean gertatu bezala. Ekimenaren xedea da kudeaketaren garrantzia nabarmentzea eta lehen eskutik ezagutaraztea abian diren proiektuak eta etorkizunekoak. Horrez gainera, gobernu-organo honetako 120 kide hautetsiek Gabriel Lera Carreras kargua uzten duen arartekoaren urteko txostena ezagutu dute.

Lerarekin lehenengo aldiz gertatu bezala, Klaustroak, unibertsitateko komunitatearen ordezkaritza-organo gorenak zuzenean aukeratu du arartekoa (lehen errektoreak izendatzen zuen kargu hau). Zehazki, estatutuetan ezarritakoari jarraiki, saioan dauden kideen hiru bostenen gehiengoa lortzen duten unibertsitateko komunitateko kideen artean egin behar da aukeraketa.

Carlosena errektorea, hitzaldia ematen.

Unibertsitate Komunitateko Arartekoaren figura

Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak Unibertsitateko arartekoaren figura ezartzen du unibertsitateko organoen eta zerbitzuen jarduerek irakasleen, ikasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen eskubide eta askatasunak errespetatzen dituztela zaintzeko.

Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuek bere IV. Kapituluan ezartzen dute Unibertsitateko Komunitatearen arartekoa dela Klaustroaren ordezkari gorena, Unibertsitateko komunitateko partaide guztien eskubideak defendatu eta babesteko ardura duena, bai eta Estatutuetan xedatutakoa betetzekoa ere. Arartekoa ez dago ezein irakaskuntza agintari, gobernu organo edo unibertsitateko komunitateko beste edozein kideren aginduzko mandatuen edo jarraibideen mendean, eta bere eginkizunak autonomia osoz  betetzen ditu.

Ararteko berriaren eginkizunen artean egongo dira Unibertsitatearen funtzionamenduari buruz interes legitimoa duten pertsonek aurkeztutako kexak eta oharrak jasotzea, unibertsitate komunitateko kideen arteko desadostasun eta desberdintasunak konpontzeko bitartekari lana egitea; lotesleak ez diren gomendioak egitea organo eskudunei beraiek aztertu dituzten gaiei buruz; eta Klaustroaren aurrean urteko txosten bat aurkeztea, egindako kudeaketari buruzkoa. 

Ararteko berriaren irakaskuntza eta ikerketa jarduera

zoom Klaustroaren bilerako parte-hartzaileak. Bilera Sario eraikinean egin zen.

Klaustroaren bilerako parte-hartzaileak. Bilera Sario eraikinean egin zen.

Carmen García Olaverri Estatistika eta Ikerketa Operatiboko katedraduna da Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Matematika Zientzietan lizentziaduna eta Ekonomian doktorea da Zaragozako Unibertsitatean. Bere prestakuntza osatu zuen doktore aurreko urtebeteko egonaldi batekin Virginiako Unibertsitatean eta doktoretza ondoko beste urtebeteko egonaldiarekin Boston University-n (biak Estatu Batuetan).

Matematika eta Estatistika irakaslea izan zen zortzi urtez Zaragozako Unibertsitatean, eta gero NUPen hasi zen 1992an. Egun han ematen ditu Ekonometria eta Estatistika Aldagaianiztuna irakasgaiak Ekonomia Fakultatean, eta master eta doktoretza programetako irakaslea ere bada.

Bere ikerketa-esparruaren barruan daude eredu ekonometrikoak aukeratzeko irizpideak eta enpresen lehiakortasunaren analisia datuen analisi aldagaianiztunetik abiatuta; bietan hainbat ikerketa-lan argitaratu ditu nazioko eta nazioarteko aldizkarietan. Bere ekarpenen artean aipatzekoa da “Simplicity, Inference and Modelling” liburuan izan duen parte-hartzea. Liburuaren egilekidea da zenbait zientzialari ospetsurekin batera, hala nola Herbert Simon Ekonomiako Nobel Saria.

Halaber, erakunde publiko eta pribatuek (Hezkuntza Ministerioa, BBVA Fundazioa, Mapfre Fundazioa, Vodafone Fundazioa) finantzatutako hogei bat ikerketa proiektutan parte hartu du.

Irakaskuntza kudeaketaren esparruan, NUPen, Carmen García Olaverri Estatistika Sailaren zuzendaria, Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanordea eta EAZ-Zuzenbidea Gradu Bikoitzeko irakaskuntza zuzendaria izan da.