Joan eduki nagusira

zoom Gaurko prentsaurrekoaren irudia. Ezkerrean, Joaquín Mencos eta eskuinean, Javier Blázquez.

Gaurko prentsaurrekoaren irudia. Ezkerrean, Joaquín Mencos eta eskuinean, Javier Blázquez.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Giza Eskubideak Sustatzeko Jaime Brunet Nazioarteko Sariaren epaimahaiak 2016ko  golardoa Reprieve britainiar Gobernuz Kanpoko Erakundeari (GKE) ematea erabaki du "babes gutxien duten pertsonen alde lan egiteagatik, torturaren aurka eta bereziki  heriotza zigorraren aurka erabakimenez jarduteagatik, heriotza zigorra oraindik indarrean dagoen lekuetan hura ezeztatzeko eskatuz, lege eta giza laguntza emanez babes gutxien dutenei, heriotzaren korridorean dauden presoen alde epaitegietan auzitan arituz, eta industria farmazeutikoak heriotza zigorra daukaten estatuekin elkarlanean ez jardutea sustatuz kanpainen bidez, esaterako SLIP  “Stop Lethal Injection Project” proiektuaren bidez".  Saria 36.000 eurokoa da, eta aurtengo edizioan 65 pertsona edo erakunde aurkeztu dira guztira.

Erakunde saridunaren izena gaur, ostirala, abenduak 9, ezagutarazi da, bihar, larunbata, abenduak 10, ospatuko den Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren bezperan hain zuzen. Ekitaldian izan dira Joaquín Mencos Doussinague, epaimahaiburua eta Brunet Fundazioaren lehendakariordea, eta Javier Blázquez Ruiz, fundazioaren idazkaria eta Unibertsitateko Zuzenbide Publikoko Saileko irakaslea.

Nazioarteko Sariaren epaimahaiaren erabakiak nabarmendu du  erakundearen borroka "gehiegikeria larrien biktimen eskubideen alde, zeinak batzuetan terrorearen aurkako borrokaren izenean egin baitira, Guantanamon atxilotuta daudenen eskubideak babestuz eta dronen gehiegizko erabilera indiskriminatua salatuz, bai eta dronek eragindako zibilen heriotzak ere". Nabarmendu du, halaber, Reprievek egindako lana "iritzi publikoa mentalizatzeko prentsa kanpainen bidez, gardentasunaren tresnak  eta Zuzenbide Estatuak eskaintzen dituen baliabideak erabiliz horretarako, Davidek Goliaten aurka egindako borrokaren antzekoan; balio eskuzabal batzuk, Jaime Brunet Fundazioaren inspirazio-iturri izan direnak fundazioa sortu zenetik".

Saritutako GKEren historia

Clive Stafford Smith Giza Eskubideetan espezialista den abokatuak sortu zuen Reprieve  GKE 1999an, eta GKEak ikerketa zerbitzuak eta doako lege ordezkaritza ematen dizkie munduko 17 herrialdetan heriotza-zigorrari aurre egin behar dioten 101 pertsonari eta Estatu Batuek Guantanamoko Badian duten presondegian kartzelatutako 8 gizasemeri. Egun 32 langile ditu Londresen, eta Estatu Batuetan, Pakistanen, Malawin, Yemenen eta Indonesian ere langileak ditu, bai eta boluntarioak mundu osoan ere.

Horretaz gainera, erakundeak defendatzen ditu Pakistan eta Yemenen Estatu Batuetako dronen erasoak jasan dituzten 100dik gora familien interesak, eta Estatu Batuei eskatzen die pertsona errugabeen aurkako erasoak egiteari uzteko. Halaber, Reprieve Estatu Batuetan heriotza-zigorra ezeztatzearen aldeko apustua egiten du, eta, alde horretatik, duela sei urte jarri zuen abian Stop the Lethal Inject Projetc (SLIP) konpainia farmazeutiko handiei presio egiteko, beren produktuek gizaki baten heriotza eragiten ez dutela ziurta dezaten.

Erakundeak ez du legezko ordezkaritzako eta borroka eraginkorreko zeregin bat egiten soilik, baizik eta iritzi publikoak estatuek batzuetan egiten dituzten giza eskubideen urraketen berri izan dezan laguntzen du, erakunde saridunak salatzen duenez, eta bere lana prentsari ezagutarazten eta haren zabalkunde handia eginez,  gai horien ezagutza eta eztabaida ahalbidetuz.

Jaime Brunet  Fundazioa eta Saria

Jaime Brunet Fundazioa kultura fundazio pribatua da, eta bere helburuak dira giza duintasuna, oinarrizko askatasunak eta giza eskubideak errespeta daitezen sustatzea eta, era berean, gizatasunik gabeko egoerak edo tratu iraingarriak errotik kentzea. Hainbat jardueraren artean, Jaime Brunet Romero sarirako deialdia egiten du, saritzeko zientzia-lan bat, literatura lan bat edo ikus-entzunezko lan bat, edo giza baliabideen sustapenean nabarmendu den gizabanako edo erakunde baten ibilbidea. Guztira, Fundazioak 1998. urtetik hamazazpi Jaime Brunet Nazioarteko sari eman ditu; azkena, 2015ean, Thelma Esperanza Aldana Hernández Guatemalako fiskal nagusi eta  bertako Justizia Auzitegi Nagusiko lehendakari ohiari.

Jaime Brunet Romero (Baiona, Frantzia, 1926-Donostia, Gipuzkoa, 1992) XVIII. mendean Gipuzkoara etorri zen ekintzaile kataluniarren familia batean jaio zen. Gipuzkoan (industria jarduera garrantzitsua egin zuten) Bizi zuen aldiarekin kritikoa zen jarrera liberal eta kritikoarekin hezi zuten. Aitak bideratu zuen Zuzenbide ikasketetara. Jaime Brunet Goitia, bere aita, Alderdi Errepublikanoaren burua eta Udaleko alkateordea izan zen Donostian, non bere aitona eta birraitona alkate izandakoak baitziren lehenago. Valladolideko unibertsitatean egin zituen ikasketak, eta han irakasle laguntzaile ibili zen.

Irakurtzeko zaletasunaz gainera, hizkuntzak ikasteko grina ere bazeukan, eta hizkuntzei esker aise moldatu zen makina bat bidaiatan. Orduko zailtasunak gorabehera,  hogeita hamarretik gora herrialdetan ibili zen. Bidaia horietan, aitortzen zuenez, ohartu zen eta ulertu zuen zenbat diskriminazio eta bortizkeria, zenbat gehiegikeri jasanarazten dieten boteretsuek ahulei oraindik ere gure mendean, eta nolako erraztasunarekin urratzen diren egunero gizakiaren oinarrizko eskubideak.

Bere bizitzako azken urteetan, giza eskubideen egoerarekiko sentsibilitatea eta herritarraren askatasunaren defentsa izan zituen etengabeko kezka. Ondorengo zuzenik izan ez zuenez, eta bidegabekerien aurka oldarrarazten zuten sentimenduek bultzatuta, erabaki zuen bere ondarea oinordetzan uztea, hiltzen zenean bere izena izango zuen fundazio bat sortzeko, eta giza eskubideen alde egindako lanarengatik aitorpena jasotzeko merezimenduak zituztenak saritzeko. Hala bada, Jaime Brunet Romero Fundazioa sortu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan ezarri zen egoitza, testamentuaren bidez jasotako borondateari jarraituz.