Joan eduki nagusira

zoom Campus Iberus Health-Tech I. jardunaldiak aurkezteko ekitaldiko parte-hartzaileak

Campus Iberus Health-Tech I. jardunaldiak aurkezteko ekitaldiko parte-hartzaileak

Campus Iberusek eta Banco Santanderren Santander Universidades erakundeak deialdi bat egin dute osasunerako teknologien esparruan I+G+b-ko talde aitzindariak sortzeko. 

Campus Iberusen, Ebro Ibarreko Nazioarteko Bikaintasun Campusaren —Zaragozako, Lleidako eta Errioxako unibertsitateek eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak osatutakoa— espezializazio arloetako bat herritarren osasunerako teknologiak dira, energia iraunkorraren, elikadura eta nutrizioaren eta kultura ondarearen kontserbazioaren arloez gainera.

Santander Universidades erakundearen bidez Banco Santanderrekin izandako lankidetzari esker, Iberus Health-Tech Osasunerako Teknologien Ekintza Plana prestatu du Campus Iberusek (www.campusiberus.es), herritarren osasunerako teknologien sektorean berrikuntza hobetzeko. Horrez gainera, deialdi bat egin du gorago aipatutako lau unibertsitateetako eta beste ikerketa-zentro eta enpresa batzuetako ikertzaileek osatutako partzuergoak martxan jartzeko.

Campus Iberusen xedea da osasunerako teknologia berrien espezializazio-arlo estrategikoan Ebro ibarreko unibertsitateen bikaintasuna, espezializazioa eta nazioartekotzea sustatzea.

70etik gora ikertzaileri eta profesionali aurkeztu zitzaien Plana

70etik gora ikertzaileri eta profesionali aurkeztu zitzaien Osasunerako Teknologien Ekintza Plana eta deialdia, Campus Iberus Health-Tech I. jardunaldietan. Urriaren 20an eta 21ean egin ziren jardunaldiak Jakan, osasunerako teknologia berriak espezializazio-arloa bultzatzeko.

Jardunaldian, sustapen- eta networking-jarduerak egin ziren, Campus Iberuseko lau unibertsitateetako ikertzaileen eta osasunerako teknologien espezializazio-arloko eskualde-ekosistemetako beste eragile batzuen artean partzuergoak eta batze-egiturak era ditzaten, ikerketako eta berrikuntzako ekintza bateratuak katalizatzeko.

Jardunaldian, halaber, osasunaren eta teknologia berrien arloko I+G+b finantzatzeko Europako Batasuneko baliabide nagusiak aurkeztu zituzten Harremanetarako Gune Nazionaleko ordezkari eta Horizonte 2020ko Osasuna, Aldaketa Demografikoa eta Ongizatea izeneko 1. Erronka Sozialeko Programa Batzordeko Espainiako adituak (ISCIII Karlos III.a Osasun Institutua) eta Interreg POCTEFA 2014-2020 programako baterako idazkari teknikoak (CTP Pirinioetako Lan Komunitatea).

Iberus Health-Tech: teknologia, herritarren osasunaren zerbitzura.

Teknologia erabiltzearen ondorioz, aldatzen ari da praktika klinikoa nahiz osasun-laguntzakoa, bai eta biomedikuntzako ikerketa ere. Erronka horri aurre egiteko, funtsezkoa da bioespezialistak (medikuak, kirurgialariak, biologoak, biokimikariak), ingeniariak eta zientzialariak etengabe elkarlanean aritzea, eta haien esparruen arteko interfaseetan (ingeniaritza biomedikoa, ingeniaritza biologikoa, bioteknologia eta nanomedikuntza) trebatzea.

Iberus Health-Tech jardunaldiari esker, batetik, hobetu egingo da herritarren bizi-kalitatea, eta murriztu egingo da osasun publikoaren kostua, prebentzioa areagotuz eta ospitaletako laguntzaren ordez urruneko laguntza bultzatuz; eta, bestetik, aurrerapausoak emango dira irudian oinarritutako diagnostiko- eta kirurgia-sistema modernoenetan, terapia aurreratuetan (ehunen ingeniaritza, gene- eta zelula-terapia) eta azken belaunaldiko farmakologian (nanokonjugatu terapeutikoak, gidatze-kontroldun nanopartikulak, hipertermia, sendagaien askatze kontrolatua eta abar).

Horiek dira Campus Iberusek landuko dituen arloetako batzuk, campusa osatzen duten unibertsitateetako I+G+b-ko gaitasunak batuz bikaintasuna bultzatzeko.

Badira zenbait urte unibertsitateetako ikerketa-gaitasunak eta -baliabideak batzeko ildo estrategikoak sustatzen direla, I+G+b-ko proiektuak aitzindariak izan daitezen Espainian eta Europan —Horizonte 2020 programako funtsak eskuratzeko plataforma gisa— eta enpresekin berrikuntza-proiektuak gara daitezen.

Nabarmentzekoa da osasunaren arloaren alde Campus Iberus partzuergoak egindako apustua. Izan ere, Campus Iberuseko bi unibertsitatek, Lleidakoak eta Zaragozakoak, Carlos III Osasun Institutuaren akreditazioa jaso dute.

Horrez gainera, esperientzia arrakastatsuak izan ditu energiaren eta nekazaritzako elikagaien arloan ikerketa-partzuergoak sortzen. Nekazaritzako elikagaien esparruan, hain zuzen, Europako I+G+b-ko proiektu garrantzitsuen lider izateko ari da lehiatzen gaur egun, programa martxan jarri zenetik urtebete pasatxo besterik igaro ez denean.

Bestalde, Banco Santanderren babesari esker garatu da programa hau. Hezkuntza diruz laguntzeko inbertsio handiena egiten duen munduko enpresa da Banco Santander (Varkey/UNESCO – Fortune 500 txostena) eta 1.200 lankidetza-hitzarmen baino gehiago ditu Santander Universidades erakundearen bidez 21 herrialdetako unibertsitateekin eta ikerketa-zentroekin.