Joan eduki nagusira

zoom Vicente Ríos Ibáñez, NUPeko doktoretza ikaslea.

Vicente Ríos Ibáñez, NUPeko doktoretza ikaslea.

Vicente Ríos Ibáñez (Valentzia, 1985) Nafarroako Unibertsitate Publiko (NUP) doktoretza ikasleak Alexandre Pedrós Saria lortu du. SEBAPek (Herrialdearen Adiskideen Bartzelonako Elkartea) 40 urtetik beherako ekonomialariek egindako ikerketa hoberenari ematen dion saria da. Saria 1.500 eurokoa da, eta Ekonomia Publikoko XXIII.  Topaketan eman zen, zeina Vigoko Unibertsitatean egin baitzen. Espainiako udalerrietan dagoen errenta pertsonalaren desberdintasunari buruzko azterketa bat aitortzen du, eta azterketaren ondorioetako bat da gizarte maila sortzaileak (lan zientifiko eta intelektualetan erabiltzen den hori) aipatu desberdintasunaren areagotzean duen eragina “lan merkatua polarizatzeko” joera duelako.

Ríosek Miriam Hortas Ricorekin (Madrilgo Unibertsitate Autonomoko irakaslea) batera egin du azterketa,  eta errenta pertsonalaren desberdintasun maila aztertu du 5.000 biztanletik gorako udalerrietan 2001-2005 aldian, bere banaketa espaziala eta bere faktore erabakigarri nagusiak. Horretarako, “toki desberdintasuneko neurriei buruzko datu base berri bat erabili du”, gizarte eta ekonomia, politika, zerga eta ingurumen arloko aldagai askorekin batera, aipatu aldagaiek desberdintasunean eragin erabakigarria dutelakoan.

“Azterketa hau oso garrantzitsua da, errentaren desberdintasunak ikerketa ekonomiko eta politikoan aztergai nagusi gisa daukan garrantzia dela-eta —esan du Vicente Ríos—. Desberdintasuna ekonomiaren eta sistema politikoen funtzionamenduari buruzko ondorio negatiboen multzo batekin lotuta dagoelako gertatzen da hori. Hala, esaterako, lehenagoko azterketa ekonomikoek esaten dute errenta metaketak gutxi batzuen eskuetan pilatzen duela erabakitzeko ahalmena, eta horrek demokraziak desitxuratzen ditu erregimen oligarkiko eta plutokratikoetan. Era berean, eragin negatiboa dauka hazkunde ekonomikoan eta zerga eta finantza egonkortasunean. Horretaz gainera, desberdintasunezko errenta banaketek gatazka sozial eta zibilak sortzea errazten dute, pobrezia eta heriotza-tasak, kriminalitatea eta inbidia ere areagotzen dituzte”.

Herrialdeen eta udalerrien arteko desberdintasunak

Azterketa gehienek herrialdeen konparaziozko analisian jarri badute ere beren arreta, eta “desberdintasuna areagotzeko funtsezko faktore gisa identifikatu badituzte ere aldaketa teknologikoa, globalizazioa eta sindikatuen botere galera, eta zerga sistemen progresibitate galera, baliteke faktore makroekonomiko hauek ez edukitzea halako azalpen gaitasunik tokiko esparruan”. “Beste arrazoi espezifiko batzuk leudeke hirien artean dauden desberdintasun arloko alde handien atzean ”, esan du Ríosek. Hainbat faktore aipatu ditu, hala nola faktore ekonomikoak (batez besteko errenta, diru-sarreren metaketa % 1 aberatsenaren eskuetan, enpleguaren egitura), demografikoak (populazioa, dentsitatea, immigrazioa, familien kide kopurua), giza kapitalaren faktoreak (gizarte maila sortzailea eta langile ez kualifikatuak), zerga politika (gastu soziala eta zerga bilketa) eta aldagai politikoak (kolore politikoa, gogaidetasuna eskualde gobernuarekin) eta ingurumen faktoreak (krimena eta eskuragarritasuna).

Lortutako emaitzek erakusten dute udalerrietako errenta desberdintasunean aldeak daudela “gizarte maila sortzailearen garrantzian, hezkuntza mailan eta batez besteko errentan dauden aldeengatik eta  diru-sarrerak % 1 aberatsenean metatzen direlako”. “Ondorio politiko gehien dituen emaitzetako bat da gizarte maila sortzailearen sorrera. Ezagutza abstraktuaren arloko lan trinkoetan lan egiten duen populazioaren ehunekoa da. Kudeaketarekin, zientifikoekin eta intelektualekin lotutakoak eta negozio eta finantza eragiketekin lotutakoak hartzen ditu barnean. Lanbide horiek nahitaezkoak badira ere hiri garapenerako, gizarte talde honetako gizabanakoek kualifikazio txikiko lan eskaera bat sortzen dute, aldi berean, hala nola, etxe zerbitzariak, saltzaileak edo ostalaritzako langileak. Horrek lan merkatua polarizatu eta hiri mailako errenta desberdintasunak areagotzen ditu”, ondorioztatu du.

Curriculum laburra

Vicente Ríos Ekonomian Graduatua da Valentziako Unibertsitatean, Masterra Macroeconomic Policy and Financial Markets-en Barcelona Graduate School of Economics-en (Pompeu Fabra Unibertsitatea eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoa) eta Masterra Finantza Tresna eta Merkatuetan Kataluniako Universidad Obertan.

Ríosek praktiketako irakasle gisa lan egin du La Caixaren Ikerketa Zerbitzuan Bartzelonan eta Paraguaiko Banku Zentralean. Paraguain eskolak eman zituen Negozioen Administrazio Eskolan (EDAN).

Egun Vicente Ríos LOU laguntzailea da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ekonomia Sailean, eta espazio eta denbora ekonometriaren aplikazioei buruzko doktoretza tesia prestatzen ari da Roberto Ezcurra Orayen irakaslearen eta Pedro Pascual Arzoz katedradunaren zuzendaritzapean.

2014an Eskualde Zientziaren Elkarte Ekonomikoak (AECR) Juan Ramón Cuadrado Saria Gazte Ikertzaileari irabazi zuen, Europako eskualdeetako langabezi tasen desberdintasunean oinarritutako ikerketa bati emana.