Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) jardunaldi hau antolatu du abenduaren 18rako, ostirala: “Nafarroako zerga-erreforma: alderdi tekniko-juridikoak”. Zenbait Zerga eta beste Zerga Neurri batzuk Aldatzeko Foru Legearen Proiektuaren zerga aldaketa aipagarrienak aztertuko dituzte bertan hainbat adituk. Saiorako sarrera doakoa da, aldez aurretik izena emanez gero, eta bertan parte hartuko du, halaber, Mikel Aranburu Urtasun Nafarroako Gobernuaren Ogasun eta Finantza Politikako kontseilariak.

Jardunaldiaren programaren barruan dago bost adituren esku-hartzea. Adituek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren (PFEZ), Ondarearen gaineko Zergaren, Oinordetzen eta Dohaintzen gaineko Zergaren eta Elkarteen gaineko Zergaren aldaketak aztertuko dituzte, bai eta beste zerga-neurri batzuk ere.

Zehazki, Mikel Aranburuz gainera, Finantza eta Zerga Zuzenbidearen Arloko aditu hauek emango dituzte hitzaldiak: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik, Fernando de la Hucha Celadorrek (katedraduna), José Manuel Arlabán Esparzak (ohorezko irakaslea) eta Miguel Álvarez Ervitik (irakasle elkartua); eta Sevillako Unibertsitatearen aldetik, Francisco Escribano Lópezek (katedraduna). Hugo López López (Nafarroako Unibertsitate Publikoako kontratupeko irakasle doktorea) izango da moderatzailea.

Jardunaldiak formatu dinamiko eta irekia edukiko du, hizlari bakoitzak ponentzia bakoitzaren gaiari buruzko iritzia emango du, eta bertan daudenek ere parte hartzeko aukera izango dute.

Izena eman behar da aldez aurretik

Nafarroako Finantza Zuzenbidearen Azterketarako Ikerketa Taldeak antolatu du saioa, eta ikasleei (Gradukoak, Abokatutzarako Sarrerako Masterrekoak, Zerga, Lan eta Kontabilitate Aholkularitzako Aditu Titulukoak) eta zerga-erreformaren alderdi teknikoekiko interesa duten profesionalei.

Jardunaldia 9:30etik 13:30era egingo da Ada Byron Aretoan (Iruñeko Arrosadiko campuseko Arteak eraikineko beheko solairuan), eta jardunaldira joan nahi dutenek izena eman behar dute aldez aurretik. Horretarako mezu bat bidali behar dute helbide elektroniko honetara: rebecajudith.ibanez@unavarra.es

Fernando de la Hucha eta Hugo Lópezek zuzenduko dute jardunaldia eta Rebeca Judith Ibáñez García Nafarroako Unibertsitate Publikoko Finantza eta Zerga Zuzenbidearen Arloko ikertzaileak koordinatuko du.