Joan eduki nagusira

zoom Kepa Fernández de Larrinoa, bere liburuarekin.

Kepa Fernández de Larrinoa, bere liburuarekin.

Kepa Fernández de Larrinoa Pablos, Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea da, eta argitaratu berri den liburu baten egilea da, zeinean erakusten baitie helduei nola azaldu haurrei Lurraren gaineko bizitzaren jatorria eta garapena, eta nolakoa izan den gizakiaren bilakaera luzea. Liburuaren izenburua da "Nola hitz egin umeei eboluzioari buruz", eta elementu grafiko asko dauzka (argazkiak, mapak, eskemak), azalpenak emateko hainbat laburpen eta baliabide didaktikoen zerrenda bat (bibliografikoak eta ikus-entzunezkoak).

Nerea Donostiako argitaletxeak argitaratu du liburu hau, eta haurrei eboluzioari buruz hitz egin nahi dieten guztiei zuzentzen zaie. Edukia denek ulertzeko modukoa da, nahiz eta antropologiari edo pedagogiari buruzko ezagutzarik ez eduki. Gidaliburu honek haurren galderei erantzuten laguntzen du, eta jakintza arlo honetako nozio gakoak azaltzen.

Giza bizitza nola hasi zen, haren bilakaera biologiko, sozial eta kulturala nolakoa izan den hobeki ulertzeko, eta horrela "Homo sapiens" gure espeziearen geroaz gogoeta egin ahal izateko, Kepa Fernández de Larrinoak galderen eta erantzunen bidez antolatu du liburua. Liburuak mapak, laburpenak, grafikoak eta laguntzeko baliabide pedagogiko aukeratu batzuk dauzka, haurrek, bai oso txikiak direnek eta baita ia nerabezaroan daudenek ere, egin ohi dituzten galdera guztiak erraz erantzuteko, eta horrek hurrenez hurreneko aurrerapen baterako bidea ematen du, adinaren edo aurrerapen-mailaren arabera.

Liburuak gaiaren arabera sailkatutako 200 auziri egiten die aurre, honako hauei, besteak beste: Lurreko bizitzaren jatorria, gizadiaren jatorri ebolutiboa, "Homo" generoa, gizadiaren eboluzioaren basoa, gizakion pentsatzeko modua, ea gure adimena pertzepziozkoa edo soziala ote den, primateen pentsatzeko modua, Historiaurrea nola izan zen edo labar-artea.

Obra osatzeko, azken aldean badira koadro kronologiko batzuk, gizadiaren eboluzioa non eta noiz gertatu zen kokatu ahal izateko. Halaber, kontsultarako bibliografia eta baliabide elektronikoak eskaintzen ditu, eta haien bidez bai umeek eta baita helduek ere gehiago jakin ahalko dute eboluzioari buruz.

Egilearen biografia laburra

Kepa Fernández de Larrinoa (Bilbo, 1958) Soziologian lizentziaduna da (Gizarte Antropologiaren espezialitatean) Madrilgo Konplutentse Unibertsitatean eta Filosofian lizentziaduna eta doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean. Halaber, Antropologia Sinbolikoaren Masterra egin zuen Western Ontarioko Unibertsitatean (Kanada), eta 2000. urtean Londreseko Unibertsitateko London School of Economics delakoaren Antropologia Sailean doktoretza egin zuen.

1995etik aurrera esku-hartze sozialari aplikatutako antropologia eskolak ematen ditu Gizarte Laneko eskoletan, lehen Euskal Herriko Unibertsitatean eta 2005etik aurrera NUPen.

Ikertzailea den aldetik, Fernández de Larrinoak ikerketa-egonaldiak egin ditu, hainbat proiekturen barruan, toki hauetan: Max Planck Fundazioko Gizarte Antropologiako Institutuan (Alemania), Pindo-Mirador Estazio Biologikoan  Universidad Tecnológica Equinoccial izenekoan (Kito, Ekuador) Estazio Biologikoan, Oxford Brookes University delakoan (Oxford, Britania Handia), Scott Polar Research Institute delakoan (Cambridgeko Unibertsitatea, Britania Handia), eta Institute of Social And Cultural Anthropology delakoan (Oxfordeko Unibertsitatea, Britania Handia).