Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2015. urteko Ikerketa Taldeen Katalogoa argitaratu du, eta bertan biltzen dira 105 ikerketa talderen osaera, ikerketa-lerro oinarrizkoak eta harremanetarako datuak. 892 ikertzaile ari dira lanean talde horietan. Joan den urteko erroldarekin alderatuz, ikertzaile kopurua joan den urtekoa baino handixeagoa da, zazpi pertsona gehiago baitaude.

Unibertsitatean ikerketa taldeak dira ikerketa egituratzeko eta antolatzeko dauden oinarrizko unitateak. Lau eremu zabaletan egituratzen dira: Ingeniaritza eta Teknologia (26 talde), Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientziak (32 talde), Zientzia Ekonomikoak eta Juridikoak (21 talde) eta Giza eta Gizarte Zientziak (26 talde). Katalogo berrian Giza eta Gizarte Zientzien arloko bi taldek bat egin dute (Eredu kognitiboak eta beren aplikazioak eta Nafarroako irakaskuntza elebiduna) beste bat garatzeko (Garapen psikologikoa eta hezkuntza), hortaz, bat murriztu da kopuru osoan.

Arloka xehatuz, badaude 298 ikertzaile Ingeniaritza eta Teknologiakoak; 260 Oinarrizko Zientziak eta Osasun Zientzietakoak; 173 Zientzia Ekonomiko eta Juridikoetakoak; eta 161 Giza eta Gizarte Zientzietakoak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ikerketa-politika etengabeko hobekuntzara bideratuta dago, hala oinarrizko ikerketan nola aplikatuan, eta jakintza eta teknologia bestetaratzera, bai sektore produktibora bai gizartera. Hori guztia bere ikerketa taldeen ikerketa-jardueraren barneko eta kanpoko ebaluazio jarraitu baten bidez egiaztatzen da.

Denboran zehar izan duen bilakaerari dagokionez, Nafarroako Unibertsitate Publikoak 74 talde zituen 1999an, 2002an 88ra igo zen, 2005ean 98, 2010ean 105 eta 2012an 111 (kopururik handiena). Azken bi urteotan, 2013an 107 izan dira, eta 2014an 106.

Halaber, unibertsitatearen ikertzaile kopurua aldatu egin da azken hamarkada honetan: 1999an erroldaturik zeuden 516tik 2005ean 882ra iritsi zen. Azken urteotan kopurua aldatuz joan da. Hala, 2010ean 943 zeuden erregistratuta; 2011n 893;  2012an 948; 2013an 903; eta 2014an 885.

Urtero katalogoa

Ikerketa Batzordeak urtero egiten dituen datu baseen bidez eguneratzen da katalogoa. Onetsi ondoren, katalogoa argitaratu egiten da unibertsitateko ikertzaile izan daitezkeenengana lehen hurbilketa bat egiteko gida modura balio dezan.

LOU Unibertsitateei buruzko Lege Organikoak xedatzen du ikerketa unibertsitateetako irakasle eta ikertzaileek duten eskubidea eta eginbeharra dela eta, nagusiki, ikerketa-taldeetan, sailetan eta unibertsitateko ikerketa-institutuetan egingo dela. Gainera, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuetan ezartzen da ikerketa instituzioaren "funtsezko eginkizun bat" dela, "irakaskuntzaren oinarria, komunitatearen aurrerabiderako bitartekoa eta gizarte garapenerako tresna den aldetik, emaitzak gizartera bestetaratzearen bidez". Horretarako bere egiten du ikerketa zientifiko, tekniko eta artistikoaren garapena, baita ikertzaileak prestatzeko helburua ere.