Joan eduki nagusira

zoom Ander Iraizoz, Cambridgen

Ander Iraizoz, Cambridgen

Ander Iraizoz Olaetxea (Iruñea, 1992), Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan graduatua Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Ekonomia Ikerketako Master bat egingo du ikasturte honetan Cambridgeko Unibertsitatean (Erresuma Batua) Ramón Areces Fundazioaren beka bati esker.

Iraizoz ikasketen amaierako aparteko sariarekin graduatu zen 2014an Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta 2014-2015 ikasturtean Ekonomiako graduondo bat (Diploma in Economics) ikasi du Warwick-eko Unibertsitatean (Erresuma Batua) Gizarte Zientzietan atzerriko unibertsitate eta ikerketa zentroetan ikasketak sakontzeko Ramón Areces Fundazioaren 22 beketako bat lortu eta gero.

Erakunde horrek beka luzatu dio Ander Iraizozi 2015-2016 ikasturterako, eta horri esker Cambridgen ikasteko aukera izango du. Diru-laguntza horiek matrikula- eta mantenu-gastuak estaltzen dituzte.

Iraizozek Cambridgen ikasiko duen masterra urtebetekoa da, eta Ekonomian ikerketa lan bat garatu nahi duten ikasleei zuzenduta dago. “Ekonomiako doktoretza bat egiteko prestakuntza ematen du, eta doktoretza egiteko asmoa dut masterra amaitu eta gero”, esan du Ander Iraizozek.

Zientzia mezenasgoan aritzen den fundazio bat

Atzerrian graduondoko ikasketak egin nahi dituzten unibertsitateko tituludunei zuzendutako beka-deialdi bat egiten du urtero Ramón Areces Fundazioak. Deialdia bi esparru hauetara zuzenduta dago: Europar Batasuneko zuzenbidea eta ekonomia (ekonomia publikoa, historia ekonomikoa, politika ekonomikoa, enpresaren ekonomia, merkataritzako banaketa, nazioarteko ekonomia eta hezkuntzaren ekonomia).

Ramón Areces Fundazioa zientzia mezenasgora zuzenduta dago 1976an eratu zenetik, eta horretarako ikerketa sustatu, giza kapitala sortzen lagundu eta ezagutza zabaltzen ditu. Ramón Areces (Asturias, 1904-Madril, 1989) enpresariaren izena dauka, El Corte Inglés saltegi handien katearen sortzailea.