Joan eduki nagusira

zoom EBRoS mugaz gaindiko campusaren zenbakiak.

EBRoS mugaz gaindiko campusaren zenbakiak.

EBRoS Mugaz gaindiko Campuseko Erakunde Batzordea bihar, asteartean, bilduko da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, batzordea osatzen duten hiru erakundeen arteko lankidetza indartzeko: Campus Iberus eta Pabeko eta Toulouseko unibertsitateak. Batzordeak jarduera-plan espezifiko baten definizioa eta  abian jartzea aztertuko du. Plan horretan jardun zehatzak ezartzen dira hurrengo ikasturterako, bi bazkide frantsesen eta Campus Iberusen –Lleida, Zaragoza eta Errioxako Unibertsitateek eta Nafarroako Publikoak osatua– arteko mugaz gaindiko lankidetzaren esparruan.

EBRoS Mugaz gaindiko Campuseko Erakunde Batzordea honako hauek osatzen dute: Campus Iberuseko bi ordezkarik, Pabeko Unibertsitateko bi ordezkarik eta Toulouseko Unibertsitateko bi ordezkarik. Campus Iberusek eta Pabeko eta Toulouseko unibertsitateek 2012ko irailean EBRoS Mugaz gaindiko Campusa sustatzeko izenpetu zuten lankidetza-hitzarmenaren bidez eratu zen batzorde hau.

Aipatu hitzarmenak hainbat helburu ditu, eta helburu horien artean daude hauek: espainiar eta frantziar titulazio bikoitzak sortzea gradu, master eta doktoretzan; Campus Iberuseko unibertsitateetako eta Pabeko eta Toulouseko unibertsitateetako ikertzaileen artean baterako ikerketa eta berrikuntza proiektuak garatzea; industria-sarera ezagutza bestetaratzea; unibertsitate parte-hartzaileen artean baliabideak partekatzea; eta ikertzaileen, irakasleen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen mugikortasun jarduerak eta programak garatzea.

Batzordearen bilera hau EBRoS Mugaz gaindiko Campusa Europako esparruan 2015eko irailerako "Europako mugaz gaindiko Campus"ei buruz antolatzen ari den ekitaldiaren atarikoa izango da. Ekitaldian hainbat parte-hartzaile izango dira: Europako mugaz gaindiko hainbat campusetako ordezkariak, Europako Batzordea, eskualde-agintariak eta eskualdeen ekonomia eta gizarte garapenean aipagarriak diren beste eragile batzuk.