Joan eduki nagusira

zoom Ikastaroa iragartzen duen kartela

Ikastaroa iragartzen duen kartela

Ba al zenekien Caravinagrek "jotzeko lizentzia" daukala? Edo pertsona batek erreklamazioa aurkezten ahal duela zezensuzkoak sortutako kalteengatik? Zer dira Sanferminetako negozioetarako lizentzia expres direlakoak? Nork ordaintzen du entzierroko lesioen osasun-zaintza? Zezenek eskubiderik al dute? Hauek eta hauek bezalako beste galdera batzuk erantzungo dituzte gai juridikoetako aditu batzuek "Sanferminetako zuzenbidea. San Fermin eta beste herri jaietako zuzenbidea" izeneko udako ikastaroan, Kondestablearen Jauregian egingo dena ekainaren 30ean, uztailaren 1ean eta 2an, Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatua.

Iruñea San Fermin jaietan legerik gabeko hiri bihurtzen dela dioen esana, behin eta berriz errepikatua bada ere, gezurra da. Badago jaietako zuzenbide bat, sanferminetako alderdi bereziak arautzen dituzten arau espezifikoez osatua dagoena. Gainera, jaietan aplikatu beharreko beste arau batzuk ere badaude, zorrotzago edo lasaiago aplikatuko badira ere. Hori ere ikusten ahalko da NUPeko Zientzia Juridikoen Fakultateko dekanoak, José Francisco Alenza García irakasleak alegia, zuzentzen duen ikastaro honetan.

Ikastaroa hiru egunetan egingo da, eta egun bakoitzean jaien hiru protagonista nagusiren arabera multzokatuko diren arazo juridikoak aztertuko dira: antolatzen duen administrazioa, herritarrak (beren izaera asoziatiboa kontuan hartuta, baina baita kontsumitzaileak eta langileak diren aldetik), eta zezena, entzierroan eta zezenketan.

Ikastaroan hamahiru ponentzia ikusiko dira, unibertsitateko irakasleek, abokatuek eta administrazioko teknikariek egindakoak. Horietan, lehen aldiz, San Fermin jaiei buruzko azterketa juridiko sakon bat egingo da.

Ikastaroak 20 euroko prezioa dauka, eta izen ematea interneten bidez egiten ahal da. Horretarako ikastaroen web-orrialdean sartu eta inskripziorako inprimakia bete behar da. Ikastarora joateagatik hautaketa libreko kreditu bat edo ECTS bat emango da, baldin eta norberak egiaztatzen badu programatutako eskola-orduen % 90era joan dela. Jardunaldiaren programa osoa unibertsitatearen web-orrialdean dago ikusgai.