Joan eduki nagusira

zoom Micäel Lowy (argazkia: Adrián Estevez)

Micäel Lowy (argazkia: Adrián Estevez)

Micäel Löwy frantses eta brasildar jatorriko soziologo eta filosofo marxistak, heldu den asteartean, ekainaren 2an, "Ekosozialismoa, alternatiba erradikala hondamendi ekologiko kapitalistaren aurrean" izenburua duen hitzaldi-solasaldia emango du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Hiritartasunari, Bizikidetzari eta Aniztasunari buruzko Unesco Katedrak antolatu du ekitaldia. Hitzaldia Sario eraikineko 04. gelan egingo da arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Michäel Löwy (São Paulo, Brasil, 1938) gaur egun CNRS Frantziako Ikerketa Zientifikorako Zentro Nazionaleko ikerketa-zuzendari emeritua da eta EHESS-eko irakaslea (Gizarte Zientzien Goi Mailako Ikasketen Eskolan Parisen). 2001ean Nazioarteko Manifestu Ekosozialistaren egilekide izan zen, Munduko Gizarte Foroan parte hartu du hasieratik, eta hainbat hitzaldi eman ditu bertan. Espezialista handia da erlijioaren gertakariaren gaian eta, bereziki, berak askapen kristautasun izenarekin definitzen duen gaian. 

Bere lanen artean, aipatzekoak dira: El pensamiento del Che Guevara (Siglo XXI, Mexiko), La teoría de la revolución en el joven Marx (Siglo XXI,  Mexiko), La guerra de los dioses: religión y política en A. Latina (Siglo XXI,  Mexiko DF), Walter Benjamin: Aviso de incendio  (Fondo de Cultura Económica, Buenos Aires), El Marxismo en América Latina. Antología (LOM, Txile) eta Ecosocialismo (Herramienta, Buenos Aires).

Löwyk bere hitzaldian, ekosozialismoaren kontzeptua azpimarratuko du hain zuzen ere, haren ustez ez baita aski egiten produkzio aparatua eta jabetza ereduak aldatzearekin, baizik eta beharrezkoa da kontsumoaren eredu kapitalista aldatzea, ezertarako balio ez duten objektu artifizial eta arriskutsuen produkzio masiboan oinarritzen baita, gizartearen egiazko beharrei erantzuteko eta eguneroko bizimodua iraultzeko xedez, diruaren kultura ezeztatuz.

Löwyren ustez, zenbait sektorek "urritu" beharrean, zuzenean desagertu egin beharko lukete, bereziki publizitateak; eta beste batzuk murriztu egin beharko lukete, ibilgailuen produkzioak gehienbat. Teoria honen arabera, aldiz, beste sektore batzuk hazi eta garatu egin behar dira, adibidez, energia berriztagarriena eta nekazaritza ekologikoarena.