Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Wolfram Rozas, Carme Artigas eta Marcelo Soria, Lola Ugarte NUPeko katedradun eta biltzarreko Antolaketa Batzordeko buruari entzuten.

Ezkerretik eskuinera, Wolfram Rozas, Carme Artigas eta Marcelo Soria, Lola Ugarte NUPeko katedradun eta biltzarreko Antolaketa Batzordeko buruari entzuten.

“Big data” edo datu masiboak enpresetarako aktibo ekonomiko bihurtu dira, eta aukerak ematen dute negozio lerro berriak eta profil profesional berriak sortzeko, esaterako, “chief data officer” (CDO).  Ideia horietan bat etorri dira zenbait aditu, Nafarroako Unibertsitate Publikoan Estatistika eta Ikerketa Operatiboaren XXXV. Biltzar Nazionalaren eta Estatistika Publikoaren IX. Jardunaldien karira 320 ikertzaile bildu baitira.

Biltzarrak gaurko, maiatzak 27, asteazkena, programatu du “big data”ri buruzko saio berezi bat, eta bertan parte hartu dute: Carme Artigas, Synergic Partners enpresako kide sortzailea (“big data”n espezializatutako aholkularitza estrategiko eta teknologikoko enpresa); Wolfram Rozas, IBM enpresan “big data”ren “Business Development executive”; eta Marcelo Soria, BBVA Data & Analytics banku-enpresan New Data Products & Data Stories arloko arduraduna.

“Big data” edo datu masiboak aplikatzen dira beren bolumen handiagatik, aurkez daitezkeen modu ugariengatik, eta informazio zuzena une zehatz batean lortzeko behar den erantzun abiaduragatik, prozesu edo tresna tradizionalen bidez prozesatu ezin diren informazio guztietarako (gailu mugikorrak, audio, bideo, GPS sistemak, sentsore digitalak, etab.).

“Big data” “iraultza sortzen ari da enpresa munduan”, ziurtatu du Wolfram Rozasek (ekonomialaria prestakuntza aldetik). “Diru sarrerak hobetzeko eta kostuak edo arrisku eta iruzur tarteak nabarmen murrizteko espektatiba sendoak sortzen ditu, etengabe hazten ari den eta formatu berrietan azaltzen den informazio berri hori bildu, prozesatu eta aztertzearen bidez”, erantsi du negozio eta optimizazio adimenean nazioarteko aditu den honek.

Datuak, bereizketa faktore bat

Carme Artigasek (kimikaria  prestakuntza aldetik) apustu egin du enpresek “aktibo ekonomiko” gisa har ditzaten datuak eta sor dezaten beren “datuen bereizketa faktorea; beste modu batera esanda, zer nolako datu esklusiboak dauzkaten, eta, hortaz, lehiarako zer abantaila eduki dezaketen”.

Bestalde, Marcelo Soriak (telekomunikazioko goi mailako ingeniaria) etsipenez azaldu du zenbait enpresak pentsatzen dutela errealitate berri horretara egokitzea “bizi guztiko negoziarekin jarraitzeko bide berri bat sortzean oinarritzen dela”, eta hark dioenez, “lehiarako abantailak jokoan jarri gabe beren ahalmenak beste batzuk erabil ditzaten irekitzeko aukerak badaudela ulertzen duen edozein enpresarentzat negozio lerro berriak sortzen dira”. Eta bere lan esparrua, banku jarduera, ardatz hartuta gehitu du, “datu horien ahalmen deskribatzaileak produktu eta zerbitzu tradizionalak hobetzeko aukera berriak irekitzen ditu”.

Izan ere, Wolfram Rozasek “big data” bankuen esparruan aplikatzeko adibide gisa aipatu ditu eskaintzen optimizazioa, iruzurraren detekzioa eta ikerketa edo bezeroen zerbitzuaren eraginkortasuna. Baina ekonomiaren beste arlo batzuetan, "datu handien" erabilera askotarikoa da. Esaterako, IBM enpresa teknologikoaren aditu honek hauek aipatu ditu: aseguruak (hondamendien modelizaziorako), telekomunikazioak (“call center” proaktiboak), energia (bezeroei eskaintzak), bitartekoak eta aisia (audientzien optimizazioa marketin kanpainetarako), “retail” edo xehekako salmenta (bezeroen fidelizazioa), garraio eta turismoa (prezioen optimizazioa), gobernua (defentsa eta inteligentzia), osasuna (hiritarrak beren osasunean inplikatzea) edo farmazia (medikamentuen segurtasunaren eta eraginkortasunaren ikusgarritasuna handitzea). IBMko aditu honen arabera ukitutako arlo gehiago badauden arren: kontsumo handia, automozioa, industria kimikoa eta petrolioarena, abiazioa eta defentsa edo kontsumo elektronika.

Gainera, Wolfram Rozasek azpimarratu du enpresetan  “chief data officer” (CDO) deitzen dena edukitzeko beharra, “negozio buru bat, datuak eta analisirako estrategia sortzen eta gauzatzen dituena, bere negozioan balioa sortzeko xedez”. “Erakundeak datuak kudeatzeko estrategia eta metodoak garatzeko arduraduna da eta, era berean, negoziorako aukera berriak identifikatzeko arduraduna da, enpresaren datuen sormenezko erabilera bat eginez”, azaldu du Rozasek.

Ingurumeneko “big data”

“Big data”ri buruzko saio hau, unibertsitateko komunitate osoari zabalik egon dena, Marc Genton suitzarraren (Saudi Arabiako King Abdullah University of Science and Technology unibertsitateko irakaslea) osoko hitzaldi batekin osatu da, eta konputazioaren erronkak azaldu ditu ingurumenaren “big data”ren aurrean.

Estatistika eta Ikerketa Operatiboaren XXXV. Biltzar Nazionala eta Estatistika Publikoaren IX. Jardunaldi hauek antolatu ditu Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatistika eta Ikerketa Operatiboko Sailak, SEIOk (Estatistika eta Ikerketa Operatiboaren Elkartea) eta hiru estatistika institutu ofizialek: Estatistikako Institutu Nazionala (INE), Nafarroako Estatistika Institutua (NEI) eta Estatistikaren Euskal Institutuak (EUSTAT). Bilera zientifiko hau datorren ostiralera arte luzatuko da, maiatzaren 29ra arte, eta goizeko eta arratsaldeko saioak edukiko ditu.