Joan eduki nagusira

zoom Eskerretik eskuinera, Javier Lacunza, Eloísa Ramírez, Guillermo Arellano eta Javier Miranda

Eskerretik eskuinera, Javier Lacunza, Eloísa Ramírez, Guillermo Arellano eta Javier Miranda

Nafarroako Unibertsitate Publikoak abian jarri du kanpaina bat baliabide ekonomikoak eskuratzeko joan den urtean onetsi zen Babesletza Planaren bidez NUPek proiektua aurkeztuko die unibertsitate komunitateko hainbat kolektibori eta enpresei, zeinekin lankidetza hitzarmenak izenpetu baititu. Horretarako bideo bat egin du, eta bideo horretan unibertsitatean ikasi duten eta orain Nafarroako gizartean nor diren ikasle ohi batzuek hiritarrei kanpainak parte hartzeko deia egiten diete.

Unibertsitateak Babesletza Plan honen bidez lortzen dituen ekarpenak hiru eremu desberdinetara zuzenduko dira: ikasleei laguntzera zuzendutako gizarte proiektuak; irisgarritasunera hobetzera zuzendutako proiektuak; eta kultura proiektuak. Egingo diren ekarpenei buruzko eta proiektu honetarako ekarpenak egiteko moduari buruzko informazio guztia www.unavarra.es helbidean dago ikusgai.

Astearte honetan, apirilaren 28an, eman da kanpaina honen berri, prentsaurreko batean. Prentsaurrekoan NUPeko Unibertsitate Proiekzioko errektoreorde Eloísa Ramírez egon da, bideoan agertzen diren hiru pertsonarekin batera. Hiru pertsonak hauek dira: Javier Lacunza, Baluarteko zuzendari-kudeatzailea eta NUPeko Telekomunikazio Ingeniaria; Javier Miranda, CORMINeko kidea (Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Nafarroako Batzordea), duela gutxi arte zuzendu duen erakundea, eta Gizarte Moderno Aurreratuetako Aldaketa Dinamikei buruzko Unibertsitate Masterra egin duena; eta Guillermo Arellano, NUPeko Ikasleen Kontseiluko buruordea 2014an, eta Telekomunikazio Teknologien Ingeniaritzako ikaslea.

Bideoa web-orrrialde honetan ikus daiteke: Babesletza Planaren web-orrialdea, eta horretaz aparte, Unibertsitateak asmoa du proiektua unibertsitate komunitateko taldeen artean zabaltzeko. Zehatz esateko, datorren maiatzean kanpaina bat egingo du Esperientziaren Gelako ikasleekin. Azkenik, NUPekin lankidetza-hitzarmena izenpetu dituzten enpresei ere zuzenduko zaie, Babesletza Plana zertan den azaltzeko eta laguntza eskatzeko.

Hiru laguntza lerro

Nafarroako Unibertsitate Publikoa era aktiboan ari da lanean azken urteetan finantzaketa tresna berriak aplikatzeko arlo honetako arau indardunek araututako aukeren barruan. Alde horretatik, Unibertsitateak  babesleak erakarri nahi ditu, gizarte eta kultura arloko programei eragin dien egoera ekonomiko honetan unibertsitateak erantzukizun sozialeko konpromisoari  eutsi ahal izateko laguntza ekonomikoa emango dutenak. Plana proiektu multzo bati zuzendua dago. Proiektu horiek azken urteetan aurkitu diren gabezia batzuk bete nahi dituzte, baina ez da baztertzen, etorkizunean, ikerketari edo irakaskuntzari lotutako beste proiektu batzuetara irekitzea.

Lagundu nahi den lehenengo jarduera gizarte proiektuekin lotutakoa da, batez ere behar bereziak dituzten Graduko ikasleei zuzendua. Zehazki, babesleek egiten dituzten ekarpenak jantoki eta garraio txarteletara, matrikula ordaintzeko laguntzetara, baztertutako kolektiboekiko elkartasunera edo premiazko egoerak konpontzera zuzenduko dira.

Bigarren jarduera-lerro bat egokitzapen eta irisgarritasun proiektuekin lotua dago, bai campuseko berritze lanekin lotuak daudenekin bai teknologia materialean egindako inbertsioekin lotuak daudenekin ere. Kultura proiektuena da laguntzak jasoko dituzten hirugarren eta azken programa. Kasu honetan, kultura-jardueretan eta Unibertsitatearen ondare artistikoa mantentzeko erabiliko da dirua.

NUPen Babesletza Plan honen bidez ekarpen ekonomikoak egiten dituzten pertsona edo erakunde guztiek beren dirua zer jarduera motatara zuzenduko den aukeratuko dute, eta ohorezko babesle izango dira Nafarroako Unibertsitate Publikoari urtero, urte bakoitzeko lehen hiruhileko naturalean, 30.000 eurokoa baino txikiagoa ez den ekarpen bat egiten dioten pertsonak edo erakundeak.

Gogoan izan behar da Nafarroako Parlamentuak Kultura Babesletzaren Foru Lege bat onartu duela berriki. Ezaugarri horiek dituzten dohaintzak egiten dituzten pertsonak eta erakundeek lortzen dituzten zerga onurak arautzen ditu lege horrek.

Bere babesleei urteko txosten bat bidaltzeko konpromisoa hartzen du NUPek. Txosten horretan jakinaraziko da egindako ekarpenak zertan erabili diren eta zer emaitza lortu den, eta aldian behingo informazioa emango da prestakuntza programei, ikerketa ekimenei, berritasunei eta unibertsitateko komunitatearen jarduerak sortzen dituen berri interesgarriei buruz.  Babesleak erregistro publiko batean agertuko dira, era anonimoan lagundu nahi dutenean izan ezik, eta errektorea buru dela urtero egingo den aitorpen ekitaldi batean parte hartuko dute.

35.000 tituludun eta Nafarroako BPGaren % 1

Irakaskuntza kalitate handiena duten eta ikasle berriak erakartzeko ahalmen handiena duten Espainiako unibertsitateen zerrendaren buru da NUP,   eta hamahirugarren postuan dago produktibitate orokorraren adierazlean. Adierazle horrek unibertsitate jarduera guztiak balioesten ditu irakaskuntzan, ikerketan eta transferentzian.

Bere ikasgeletatik 35.000tik gora tituludun atera dira bere ikasgeletatik dauzkan 25 urteetan, eta 2012. urtetik aurrera, Nazioarteko Bikaintasuneko Iberus Campuseko kidea da Zaragozako Unibertsitatearekin, Errioxako Unibertsitatearekin eta Universitat de Lleidarekin osatutako partzuergo baten bidez.

Ikerketaren eta ezagutzaren transferentziaren alde egin duen apustuaren bidez, Nafarroako berrikuntza sistemaren ereduzko eragile bihurtu da NUP.  Unibertsitateak gizarteari itzultzen dion aberastasun horren barruan,  Nafarroako Barne Produktu Gordinaren % 1 sortzen du, eta azken hamarkadan Nafarroak izan duen batez besteko hazkunde osoaren % 16 Nafarroako Unibertsitate Publikoari esker izan da.