Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak diru-laguntzak emateko deialdia ireki du zailtasun ekonomiko larriak dituzten ikasleek bigarren seihilekoko matrikula ordain dezaten. Laguntzak NUPen matrikulatuta dauden eta graduko ikasketak eta lehen eta bigarren zikloetako titulazio zaharrak egiten dituzten ikasleei zuzenduta daude. Matrikularen zenbatekoa osorik edo zati batean ordaintzeko dira, eta bateragarriak dira beste beka batzuekin, baldin eta bien baturak ez badu inskripzio-kostuaren % 100 gainditzen. Eskaerak aurkezteko epea apirilaren 17an bukatuko da eta ikasleek laguntza eskatzeko aukera dute, urteko matrikula edo seihilekoko matrikula egin badute.

Programa honen helburua da diru-laguntza bat ematea matrikula ordaintzeko zailtasun ekonomiko larriak dituzten eta, zailtasun horiek direla-eta, unibertsitateko ikasketak uzteko arriskuan dauden ikasleei.

Beka hauek NUPeko matrikularako ez diren beste zenbait laguntzarekin bateragarriak dira. Halaber, beste beka bat lortu badute, beka horrekin bateragarriak izango dira, baita ere, baldin eta beka horrek matrikularen % 100 ordaintzen ez badu. Horrelakoetan, matrikula osorik finantzatzeko falta den kopurua emago zaie, gehienez ere. Edonola ere, ikasleek beka eskatu behar izan diete Hezkuntza eta Zientzia Ministerioari, Nafarroako Gobernuari edo Eusko Jaurlaritzari, baldintzak beteko dituzte eta ez dute edukiko unibertsitate titulurik.

Hartzaileen profila

Unibertsitatearen deialdiaren arabera, ikasle bat egoera ekonomiko larrian dago, bere bizikidetza unitateetako eusle nagusiak langabezian daudenean edo beren diru-sarrerak asko murriztu direnean. Langabezi eta gizarteratze sariak edo beste batzuk jasotzen dituzten familia-unitateetako kideak diren ikasleak ere egoera ekonomiko larrian daudela jotzen da. Azkenik, oinarrietan ezarritakoaren arabera, goiko egoeren astungarriak dira aitaren, amaren edo bien heriotza; aitaren, amaren edo familiako beste kide batzuen osasun arazoak, betiere ikaslea lan merkatura sartzea oztopatzen badute; mantenu saririk jasotzen ez duten familia gurasobakarrak; edo etxebizitza dela-eta egiten diren kaleratzeak.

Laguntza eskaerak NUPeko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira. Aurkeztu eta gero, eskatzaileak Gizarte Ekintzarako Unitatearekin jarriko da harremanetan. Unitate honek aztertuko ditu laguntza-eskaera guztiak. Deialdi publiko honen oinarriak  Unibertsitatearen webgunean daude.

Gogorarazi behar da Nafarroako Unibertsitate Publikoak sistema berri bat jarri zuela abian 2013-14 ikasturtean. Sistema horren bidez, titulazio ofizialetako ikasleek matrikula lau epetan ordaintzeko aukera daukate. Ekimen honen helburua da ikasleei eta beren familiei erraztasunak ematea gradu, master eta lehengo zikloetako titulazioak ordaintzeko. Ordainketa epeetan egiteko aukera horri gehitzen zaio Unibertsitateak finantzaketa formula bat sustatu duela banku batzuekin, matrikula baldintza berezi batzuekin ordaintzeko.