Joan eduki nagusira

zoom Adolfo Josué Rodríguez Rodríguez.

Adolfo Josué Rodríguez Rodríguez.

Adolfo Josué Rodríguez Rodríguez Elektronikan ingeniariak Tamaulipaseko Unibertsitate Autonomoan (Mexiko), doktoretza tesian material nanoegituratuetan oinarritzen diren zuntz optikoko sentsoreak garatu ditu, inguruneko hainbat parametro atzematea ahalbidetzen dutenak. Zehazki, ikertzaileak lan egin du interes handiko hiru industria-aplikaziotan: amoniako gasa atzematea kontzentrazio txikietan, edari alkoholdunen faltsutzea atzematea eta erregaien kalitate-kontrola.

Tesiaren izenburua “Optical fiber sensors based on nanostructured materials for the detection of environmental parameters” da. Carlos Ruiz Zamarreño NUPeko Teknologia Elektronikoko Saileko irakasleak zuzendu du, eta zuzendarikideak izan dira Ignacio Raúl Matías Maestro (NUP), Daniel Alberto May-Arrioja (UAT, Mexiko) eta René Fernando Domínguez Cruz (UAT, Mexiko). Lanak Bikain cum laude kalifikazioa erdietsi du.

Adolfo Josué Rodríguezek zuntz optikoko sentsore bat fabrikatu du ron edari alkoholdunaren eta gasohol erregaiaren kalitate-kontrola egiteko; izan ere, etanolaren industriaren produktu garrantzitsuenetako bi direnak. “Sentsorearen funtzionamenduaren oinarria da —azaltzen du—, substantzia hauetako bat faltsutzen denean, errefrakzio indizea jatorrizko substantziak azaltzen duenaren desberdina dela. Honelako sentsorearekin, zehaztasunez jakin dezakegu ron edo gasohol lagin batean kutsatzailerik dagoen edo beste likido batekin faltsutua dagoen. Sentsoreak, halaber, bere neurketaren errepikakortasun eta itzulgarritasun handia ematen du, fabrikazio prozesua azkarra eta erraza izateaz gainera".

Ildo horretatik, sentsore horrek estaldura berezirik behar ez duenez, fabrikazio prozesua merkeagoa da zuntz optikoko teknologia tradizionaletan erabiltzen diren prozesuak baino. “Gainera, erabili genuen estainuarekin dopatutako Indio oxido (ITO ingelesezko siglekin) geruza bat sentsoreen sentiberatasuna nabarmen hobetzeko, eta horri esker ezagutza berria egin genuen material horietan oinarritzen diren gailuen ikerketan”.


Amoniako gasa atzematea


Bestalde, bere ikerketan zehar, Adolfo Josué Rodríguezek, teknika berriak sartuz, zuntz optikoko sentsoreen erantzuna hobetu du amoniako gasa kontzentrazio txikietan atzemateko (10 eta 100 parte artean milioi bakoitzeko), eta lortu ditu “amoniako gasa atzemateko sentsore fidagarri eta sendoak, industrian egiazko aplikazioetan erabili ahal direnak”.

Azaltzen duenez, “bi sentsore aurkeztu ditugu pH adierazle kolorimetrikoak erabiltzen dituztenak (osagai edo elementu kimikoak identifikatzeko eta/edo kuantifikatzeko erabiltzen direnak), multimodo zuntz optiko baten gainean jarrita. Adierazle horiek dira Bromokresol Berdea eta Adierazle Unibertsal bat, eta bereizirik diluitzen dira poliuretano hidrofobo eta gasean iragazkorra den Tecoflex ® izeneko geruza batean, matrize inmobilizatzaile batek bezala jarduten duena”.

pH Adierazle Unibertsalaren eta Tecoflex ® geruza inmobilizatzailearen konbinazioak bidea eman du neurketa ratiometrikoak egiteko, eta horrek, “seinale hobetua emateaz gainera, ezaba dezake hezetasunak eragindako edo tenperatura aldaketek eragindako kanpoko edozein asaldura”. Gainera, hidrofobotasunak (ura aldaratzeko ahalmena) beste abantaila batzuk ere ematen ditu, hau da, oso oso lehorrak diren lan inguruetan lan egiteko gaitasuna, neurketaren garraio eraginkorra, eta material sentikorra hondatzea saihestea.

Adolfo Josué Rodríguez Rodríguez irakaslea da Tamaulipaseko Unibertsitate Autonomoko Reynosa Rodhe Diziplina Anitzeko Unitate Akademikoan. Bertan, Elektronika Ingeniaritzan lizentziatu zen 2006. urtean eta 2009. urtean Elektronika Ingeniaritzako Zientzietan Maisutza erdietsi zuen. “Diseño, Automatización y Programación (DAP)” izeneko ikerketa eta garapen teknologikoko taldeko sortzaile eta koordinatzailea da, eta zuntz optiko sentsoreen arloko hainbat zientzia artikuluren egilea da beste batzuekin batera.