Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Paloma Azcárate, Hugo López eta Rebeca Ibáñez

Ezkerretik eskuinera, Paloma Azcárate, Hugo López eta Rebeca Ibáñez

Nafarroako Unibertsitate Publikoko bi ikaslek irabazi dute sari bat III Iberoamerican Tax Moot Court lehiaketan. Hau Nazioarteko Zerga Zuzenbideko lehiaketa bat da, aurten Mexikon jokatu dena. Taldea finalerdietaraino iritsi zen, eta Zerga Administrazioaren errepresentazioan Memoranda onenaren saria eskuratu zuen.

Edizio honetan parte hartu zuten NUPeko ikasleak Rebeca Ibáñez García eta Paloma Azcárate Ortega izan ziren. Lehena doktoretzako lehen ikasmaila ikasten ari da, eta bigarrena Abokatutzarako Sarrerako Masterreko ikaslea da. Taldearen entrenatzailea Hugo López López izan da, Finantza eta Zerga Zuzenbidearen Arloko irakaslea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako arloko zuzendaria. Gainera, parte hartzaileek Óscar Orzáiz oratoria irakaslearen laguntza eduki zuten, lehiaketako ahozko aldia prestatzeko.

Lehen edizioan bezala, lehiaketa irabazteko antolatzaileek proposatutako kasu praktiko bat ebatzi behar zen. Kasu praktikoa egiazko eta gaurkotasunezko gaietatik abiaturik prestatu zen, eta enpresa multinazionalen nazioarteko zergei buruzkoa zen, zerga-plangintzako testuinguru batean. Aurtengo kasuak antz handia zeukan multinazional teknologikoek egiten dituzten zerga-plangintza erasokorreko eragiketa ezagunekin.

Talde bakoitzak kasua ebatzi behar zuen gertaeretan sartuta zeuden enpresen ikuspegitik (salatzailea), eta ukitutako zerga-administrazioaren ikuspegitik (salatua). Talde bakoitzak salaketa-idazki bat aurkeztu behar zuen (memoranda on behalf of the applicant), eta salaketari erantzuteko beste bat (memoranda on behalf of the defendant). Aurkeztutako idazkien balioespenak baldintzatu egin zuen NUPek aurketu zuen taldea ahozko aldira pasatzea.

Hasieran 12 taldek eman zuten izena, eta horietatik zazpi baizik ez dira iritsi lehiaketaren ahozko aldira. Azken aldian Argentinako unibertsitate bat, Kolonbiako bi, Brasilgo bi eta Espainiako bi aritu ziren, horien artean NUP. Lehiaketa ingelesez izan zen, oso-osorik.

NUP lehiaketako finalerdietara iritsi zen eta defentsa-idazki onenaren saria irabazi zuen, haren kalitate tekniko, sakontasun eta argudioen egokitasunarengatik. Halaber, ingelesa erabiltzean erakutsitako hizkuntza-zuzentasuna ere balioetsi zen.

"Lehiaketa honetan eduki dugun esperientzia oso aberasgarria izan da biontzat, zergari buruzko Moot Court batean parte hartzen dugun lehen aldia baita. Lehiaketa honen zailtasunik handiena, eta aldi berean puntu interesgarriena, izan da epaileek etengabe egiten zituztela zailtasun tekniko handi samarreko galderak. Horrek bidea ematen zizun gaian oso interesgarriak diren aferen eztabaidan sakontzeko", esan du Rebeca Ibáñezek, zeinak ikasle guztiei gomendatzen baitie lehiaketa honetan parte hartzea. "Esperientzia oso-oso ona da, oso aberasgarria, modua ematen baitizu gradu ikasketak bukatzen dituzunean, are master ikasketak bukatzen dituzunean ere, guztiz ezezaguna den mundu bat, lan egiteko eta horretaz gozatzeko gogoa daukan edonori gomendatzen diot", bukatu du.