Joan eduki nagusira

zoom Gregorio Monreal, bigarren lerroan errektorearekin batera, ekitaldira bertaratu ziren unibertsitate komunitateko gainerako kideekin batera.

Gregorio Monreal, bigarren lerroan errektorearekin batera, ekitaldira bertaratu ziren unibertsitate komunitateko gainerako kideekin batera.

Gregorio Monreal Zia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Zuzenbidearen Historian katedradun emerituak, Gasteizen jaso du 2013ko Euskadi Ikerketa Saria Giza eta Gizarte Zientzien modalitatean. Ekitaldiaren buru izan zen Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, Iñigo Urkullu, eta bertan egon ziren Julio Lafuente errektorea, Alfonso Carlosena Ikerketako errektoreordea, eta Unibertsitateko komunitateko ordezkaritza zabal bat.

Euskadi Ikerketa Sariaren xedea da jarduera zientifikoa sustatzea, eta Euskal Autonomia Erkidegoko edo kanpoko ikertzaileen eta talde kualifikatuen ahaleginak bultzatzea, promozionatzea eta balioestea, haien lanak "Euskadin eragin positibo nabarmena" bete badu.

Hezkuntza, Hizkuntza Politikarako eta Kultura Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerketa Saria. Urte bakoitietan saria Giza eta Gizarte Zientzien arloan deitzen da, eta bikoitietan, Zientzia eta Teknologiaren arloko profesionalen lanari aitorpena egiten zaio. Saria 40.000 eurokoa da.

Sariaren epaimahaiak, Giza eta Gizarte Zientzien arloan prestigio handiko bost kidez osatua, Monreal irakaslearen lanari aitortu zion "Euskal Herriko ikasketa historiko juridikoen berrikuntzan egindako aparteko ekarpena". Hori horrela, balioetsi zuen, bere ikerketekin, "euskal instituzio publikoen garrantzia nabarmendu duela, herri baten identitatearen eta askatasun espirituaren eta herritarren parte-hartzearen adierazpena baita hainbat mendetan zehar".

Gregorio Monreal Zia (Etaiu, Nafarroa) Zuzenbidean doktorea da Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko katedradun emeritua, Zuzenbidearen Historian. Irakaskuntza-ibilbide luzea eduki du, eta horretan zehar honako unibetsitate hauetan eman ditu eskolak: Deustuko, Valladolideko, Extremadurako unibertsitateetan, Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean,
Euskal Herriko Unibertsitatean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan; irakasle bisitaria izan da Paris XII Unibertsitatean, eta Visiting Scholar (1985-86 ikasturtean) Nevada-Renoko Unibertsitatean eta Kalifornia-Berkeleyko Unibertsitatean, eta Distinguished Visiting Scholar (2005-2006 ikasturtean) Nevada-Renoko Unibertsitatean.

Euskal Herriko Unibertsitateko errektorea izan zen (1981-85). gainera, Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria izan zen, Revista Internacional de Estudios Vascos RIEVeko zuzendaria (1997-2005) eta Euskal Herriko Zuzenbide Historiko eta Autonomikoa Aztertzeko Fundazioko zuzendari zientifikoa, 2003. urtetik aurrera. Anuario de Historia del Derecho Español argitalpeneko erredakzio kontseiluko kidea da, eta gaur egun Iura Vasconiae zuzenbidearen historiari buruzko aldizkariko zuzendaria da.

Gregorio Monrealek berrogeita hamar argitalpen inguru egin ditu, gai hauei buruzkoak: Nafarroako Erresumaren eta Probintzia Baskongadoen iturri eta instituzio historiko-juridikoak, forutasunaren krisia, pentsamendu politiko tradizionalaren historia, unibertsitate-erakundearen lehen eta gaurko arazoak. Gainera, ondoren aipatzen diren erakunde hauetako kide osoa da: Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País, Société d'Histoire du Droit eta Association Française des Historiens des Idées Politiques.