Joan eduki nagusira

zoom I. Ikasle Ohien Topaketa

I. Ikasle Ohien Topaketa

Nafarroako Unibertsitate Publikoak heldu den maiatzaren 23an, ostirala, Ikasle Ohien I. Topaketa egingo du. Egitaraua 19:00etan hasiko da Fernando Remacha Aretoan, Sario eraikinean, eta bertan ongietorria emateko ekitaldi bat, aperitibo bat eta Iruñeko “El Desagüe” taldearen kontzertu bat emango dira. NUPek dauzkan 26 urtetako historian izan dituen ikasle guztiei zuzendua dago ekitaldia, eta doakoa da aldez aurretik inskripzioa eginez maiatzaren 21a baino lehen Unibertsitatearen Adiskideak eta Ikasle Ohiak Alumni programaren webgunean. Ikasle ohien lehen topaketa honen babeslea Gabinete A3 asesores consultores SA da eta laguntzaileak, berriz, Reyno Gourmet, Gráficas Ulzama, Bodega del Jardín eta Bodega Hermanos Úriz Indurain dira.

Ikasle Ohien I. Topaketako ekitaldiaren buru izango da Pablo Salaberri aktore iruindarra, NUPen Telekomunikazio Ingeniari tituluduna 2000. urtean eta Azkoyen enpresako I+G+i arloko langile dena. Topaketan bilduko dira Julio Lafuente Unibertsitateko errektorea, eta Paloma Vírseda Ikasleen Gaietarako eta Enpleguko errektoreordea. Ekitaldiaren lehen zati horretan NUPeko Abesbatzak abestuko du, eta Antzerki Taldeak, umore doinuan, gogora ekarriko ditu nolakoak ziren ikasleen graduazioko diskurtsoak.

Ekitaldia bukatzeko, Sario eraikineko pasabidean aperitibo informal bat emango da, eta 2006. urtean sortutako Iruñeko “El Desagüe” taldeak kontzertu bat emango du. Taldeak laurogeigarren urteetako espainiar taldeen abesti entzutetsuenen bertsioak egiten ditu.

NUPeko Ikasle Ohien I. Topaketa sare sozialetan zabaltzen ari da “Todo vuelve. ¿Y tú?/Dena itzultzen da. Eta zu?” kanpainaren bidez eta NUP#topaketa etiketaren bidez. Bertan Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasle izan direnei gonbit egiten zaie instituzio honetan igarotako garaietako argazkiak jarri eta pasadizoak konta ditzaten.

30.000 tituludunetik gora

Nafarroako Unibertsitate Publikoa 1988. urtean sortu zenetik 30.000 pertsonatik gora erdietsi dute titulua bertan. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Adiskideak eta Ikasle Ohiak Alumni Programaren xedeen artean daude ikasle ohien, NUPen eta gizartearen arteko harremanak sustatzea eta erraztea, eta instituzioko kide izatearen espiritua sustatzea eta NUPen irudia, balioak eta helburuak zabaltzen laguntzea.

Alumni Programak 2013-14 ikasturte honetan ia 600 kide ditu, eta hainbat abantaila eskaintzen dizkie bere kideei; adibidez, deskontuak hainbat zerbitzu erabiltzeko, prestakuntza programak, garapen profesionala eta lanbide-orientazioa, eta instituzioaren jarduerak eta Nafarroako lan munduari buruzko berriak ematen dituen aldizkari digital bat jasotzea hilabetero.