Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoan nekazaritza ekologikoari buruzko lehen saioa egingo da heldu den apirilaren 3an. Nafarroako Nekazaritza Ekologikoko Ekoizpen Kontseiluarekin (CPAEN) eta Landare produktu ekologikoen kontsumitzaileen elkartearekin lankidetzan antolatu dira jardunaldiak. Jardunaldietarako ez da aldez aurretik eman behar izena, eta apirilean eta maiatzean emango zaie jarraipena.

Saio hauen helburua da ezagutzera ematea nekazaritza ekologikoa eta haren onurak, ekoizleen eta merkaturatzen dutenen esperientziak ezagutzea eta sektorearen topaketa eta hedapen gunea izatea. Era berean, topaketak baliatuko dira aurkezteko CPAEN eta nekazaritza ekologikoa Nafarroan eta merkatuaren eta merkaturatzearen berezitasunak ezagutzeko.

"Nekazaritza ekologikorako sarrera" izeneko saioa 16:00etatik 18:00etara egingo da Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan, Arrosadiko campusean. María José Imaz Gurrutxaga irakasleak emango du saioa. Apirilean bi saio gehiago emango dira: hilaren 10ean, osteguna, Natxo Irigoien Iriarte irakasleak emango duen hitzaldiaren gaia honako hau da: “Zergatik kontsumitu produktu ekologikoak”; eta 29an, asteartea, Sara Machínek Nafarroako Nekazaritza Ekologikoko Ekoizpen Kontseilua aurkeztuko du.

Maiatzean zazpi saio egingo dira, eta horietan aukera izango da nekazaritza ekologikoari buruzko hainbat alderdi ezagutzeko nekazarien eta eraldatzaileen eskutik. Asteartean, hilak 6, ekoizleen txanda izango da: Daniel Ausejo eta Juan Simón “Fruta eta barazki freskoak" gaiari buruz mintzatuko dira. Ostegunean, hilak 8, "Zerealak eta okintza" izeneko saioan produktu ekologikoak prestatzen dituztenak izango dira gaiaren ardatz, eta bertan parte hartuko dute Spica okindegiko (Gares) eta El Alcaraván elkarteko (Arguedas) ordezkariek. “Fruta eta barazki eraldatuak” gaia aurkeztuko da maiatzaren 13ko, astearteko, saioan, eta bertan parte hartuko dute Gumendi (Lodosa) eta Monjardín (San Adrian) enpresetako kideek.

Azkenik, maiatzaren 20an, Ramo Barrena irakasleak produktu ekologikoen merkatua eta haien merkaturatzea aurkeztuko ditu, eta Valero Casasnovas irakasleak dinamizatuko du merkaturatze esperientziei buruzko mahai-ingurua.

Era berean, jardunaldi hauek egin bitartean, bi bisita tekniko egingo dira: maiatzaren 10ean fruta eta barazki ekoizpeneko etxalde bat ikusiko da, eta, hilaren 24an, produktu ekologikoak banatzeko eta merkaturatzeko guneak ezagutuko dira.