Joan eduki nagusira

zoom Partner Alumni-Erasmus programako partaideak

Partner Alumni-Erasmus programako partaideak

Nafarroako Unibertsitate Publikoak abian jarri du programa bat Alumniko kideek Erasmus ikasleen integrazioan lagun dezaten. Ekimena ikasturte honetan egiten ari da estreinakoz, eta aukera eman du NUPeko 15 ikasle ohi boluntario beste horrenbeste Erasmus ikasleren erreferentzia eta laguntzaile bihur zitezen udazkeneko seihilekoan; izan ere, hizkuntzak eta esperientzia pertsonalak partekatu dituzte.

Partner Alumni-Erasmus zerbitzua Alumni Programak sustatu du Unibertsitatearen Nazioarteko Harremanetarako Zerbitzuarekin lankidetzan. Ekimen honen xedea da konfiantzazko harreman pertsonala izateko aukera ematea, eta bi aldeek nolabaiteko onura jasotzea. Alde batetik, Alumni kidea erreferentzia eta laguntza da Erasmus ikaslearentzat, hizkuntza hobetzeko, hirian integratzeko eta Unibertsitateko administrazio eta irakaskuntza kudeaketak egiteko. Eta, bestalde, Erasmus ikasleak aukera ematen dio Alumni kideari bere erreferentziako hizkuntza praktikatzeko (frantsesa, ingelesa, alemana, italiera, txinera...) eta bere kulturari eta jaioterriari buruzko informazioa partekatzeko.

Mota honetako programak europar unibertsitateetan aspalditik garatzen dira, eta arrakasta dute, hala ere, NUPen ezartzen den estreinako aldia da. Lehen deialdian tituludun berrien eta Erasmus ikasleen hamabost bikotek partekatu dituzte esperientziak urritik abendura bitartean.

Beste deialdi bat otsailean

Ekimen honetan parte hartzeko baldintza bakarra da Alumni Programako kidea izatea eta nazioarteko mugikortasunerako programa baten bidez NUPen matrikulatutako atzerriko ikaslea izatea. Bigarren deialdia otsaileko lehen hamabostaldian egingo da, atzerriko ikasle gehiago iristen direnean. Ikasle horiei programa honen berri emango zaie sei hilabeteko egonaldia egiteko NUP aukeratzen dutenean igortzen zaien dokumentazioan, eta baita harrera egiteko jardunean ere.

Kideek Alumni Programako web-orrialdearen Partner Alumni-Erasmus atalean atxikitzen den fitxa bete (www.unavarra.es/amigosyantiguosalumnos/) eta alumni@unavarra.es. helbide elektronikora igorri besterik ez dute egin behar. Programan parte hartu duten Alumniko zenbait kidek adierazi dute beren nahia beste Erasmus ikasle bat hartzeko bigarren seihilekoan.