Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera, Maya Valencia, Javier Casalí, Kay Hradilak eta Katrín Simón plataformaren aurkezpen ekitaldian.

Ezkerretik eskuinera, Maya Valencia, Javier Casalí, Kay Hradilak eta Katrín Simón plataformaren aurkezpen ekitaldian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa da Academy Cube online plataformako kide izateko aukeratu duten Espainiako unibertsitateetako bat. Alemaniako SAP AG multinazionala, enpresa kudeaketarako informatika produktuen diseinuan aritzen dena, da ekimenaren buru. Bere helburua da Europako hegoaldeko gazte talentudunen enplegua sustatzea Informazioaren Teknologien eta Ingeniaritzaren eremuan, eta ekimen horretan lankidetzan ari dira esparruko enpresa handiak.

Julio Lafuente Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ostegun honetan, abenduak 12, sinatu du hitzarmen bat Kay Hradilak Academy Cube programaren arduradunarekin. Plataforma unibertsitateko tituludun atera berriei zuzendua dago, eta Olibondoak eraikineko Gradu Aretoan egin den ekitaldi batean aurkeztu da. Ia 200 lagun joan dira ekitaldira. Honako hauek parte hartu dute aurkezpenean: Javier Casalí Nazioarteko Harremanetarako eta Lankidetzarako errektoreordeak; Kay Hradilak Academy Cube programaren zuzendariak; Maya Valencia Academy Cuberen arduradunak Espainian eta Portugalen; eta Katrín Simón Enpresen Kudeaketa Saileko irakasleak, ekimen honen arduraduna NUPen.

zoom Ekitaldiko parte-hartzaileen irudi bat.

Ekitaldiko parte-hartzaileen irudi bat.

Academy Cube sarea e-learning plataforma bat da, eta plataforma horrek uztartzen ditu zientzietako, teknologietako eta matematikako karreretako unibertsitateko ikasleei zuzendutako IKTen eta Ingeniaritzaren arloko prestakuntza aurreratua eta Europa mailako lan poltsa bat, enpresak tituludun atera berriekin harremanetan jartzen dituena. Interneten bidez sartzen da www.academy-cube.eu gunean.

Academy Cubek Ingeniaritzaren eta Informazioaren Teknologien arloko garapen ikastaroak eskaintzen dizkie gazteei enpresa parte-hartzaileei behar dituzten trebetasunen edo gaitasunen arabera. Informazioa ematen die ikasleei Alemanian edo Europako beste herrialde batzuetan beren karrera garatzeko dituzten aukerei buruz eta lan eskaintza zehatzak, batez ere Alemanian.


Enpresa, erakunde eta unibertsitate laguntzaileak


zoom Ezkerretik eskuinera, Katrín Simón, Kay Hradilak, Julio Lafuente eta Maya Valencia.

Ezkerretik eskuinera, Katrín Simón, Kay Hradilak, Julio Lafuente eta Maya Valencia.

Erakunde hauek parte hartzen dute proiektuan: Festo Didactic GmbH & Co.KG, LinkedIn sare soziala, Microsoft Alemania, Robert Bosch GmbH, Software AG, Alemaniako Adimen Artifizialaren Ikerketa Zentroa, Europako Berrikuntza eta Teknologia Institutua (EIT ICT Labs), Alemaniako Informazioaren Teknologietarako, Telekomunikazioetarako eta Hedabide Berrietarako Elkartea (BITKOM), Alemaniako Informatika Elkartea eta Duisburg-Esseneko Unibertsitatea. Espainian, Madrilgo eta Valentziako Unibertsitate Politeknikoekin batera parte hartzen du proiektu honetan Nafarroako Unibertsitate Publikoak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak talent partner gisa parte hartuko du proiektu honetan, eta bere helburua da tituludun atera berriei lehiarako abantailak ematea lan merkatuan, eta, hainbat bideren bidez, plataforma honi buruzko informazio zuzena ere bai, eta proiektuan parte hartzen duten konpainiekin bitartekaritza lanak egitea.


Harreman luzea SAPekin


NUP Academy Cube proiektuan aukeratu izanaren arrazoi nagusietako bat da esperientzia handia daukala SAP teknologiekin. Izan ere, Madrilgo Politeknikoarekin batera, Espaniako unibertsitateen artean lehenetarikoa izan zen, orain dela hamar urte, teknologia horiek irakaskuntzan integratzen. SAP sisteman oinarritutako enpresa kudeaketaren esparruko irakaskuntza-eskaintza honi balio handia eman diote beti ikasleek beren curriculumeko ezaugarri bereizle gisa.

2000. urtetik aurrera, SAP España S.A. eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Enpresen Kudeaketa Sailaren arteko lankidetza-hitzarmen bat dago, enpresa kudeaketako sistema horien eremuko prestakuntzaren zorroztasuna eta interesa bermatzen duena. Urte hauetan, NUPek ahalegin handia egin du baliabide teknikoen eta giza baliabideen arloan, eta irakaskuntza hori emateko maila egokia lortzeko modua ematen du.

Gaur egun SAP sistemen bidezko irakaskuntza-eskaintza arautua dago gradu titulazioetan, esaterako Enpresen Administrazioan, eta graduondoko titulazioetan, esaterako Master Titulu Berekia Nazioarteko Merkataritzan eta Master berria ERPn oinarritutako Negozio Prozesuetan (enpresa baliabideen plangintzarako sistemak). Master hau aurki ezarriko da.

2012an, SAP University Alliances Europako Sareko kide egin zen. SAP softwarea beren irakaskuntzan integratzen duten unibertsitate eta eskolei zuzendua dago sarea. SAP softwareari buruzko ezagutza sakonak eta esperientzia eta konponbideak eskuratzeko aukera eskaintzen die sareak 260.000tik gora ikasleri Europako eta Latinoamerikako 1.300dik gora unibertsitate eta eskoletan, haien artean NUPeko ikasleak.