Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2013ko Sormen Sarietarako deialdia egin du. Sariketa horren xedea da unibertsitate komunitateko jarduera artistiko eta kulturala hainbat eremu artistiko eta kulturaletan sustatzea eta hedatzea. Unibertsitate Proiekziorako Errektoreordetzak sustatzen du lehiaketa, eta sei sail biltzen ditu: poesia gaztelaniaz eta euskaraz, narratiba gaztelaniaz eta euskaraz, argazkigintza eta Campus Music. Lanak aurkezteko epea heldu den urriaren 31n bukatzen da.

Sormen Sariak irekita daude Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleentzat, irakasle eta ikertzaileentzat, administrazio eta zerbitzuetako langileentzat, ikasle ohientzako Alumni programako kideentzat, eta, halaber, Esperientziaren Gelako, Hizkuntzen Goi Mailako Ikastegiko eta Praktika Juridikoko Eskolako ikasleentzat. Azken ediziotako batean sariren bat jaso dutenek ezingo dute modalitate berean aurkeztu.

Sail bakoitzean 750 euro banatuko dira; 500 irabazlearentzat, eta 250 bigarren sailkatzen denarentzat, Campus Music sailean izan ezik. Kasu honetan, sari bakar bat ezarri da talde irabazlearentzat, 1.500 eurokoa.

Poesia lehiaketan parte hartzen dutenentzako oinarrietan ezarrita dago parte-hartzaileek argitaratu gabeko lan jatorrizkoak aurkeztu behar dituztela, hiru poesia multzotan, bakoitza gutxienez 14 bertsotakoa, eta gehienez 50ekoa. Narratiba lehiaketen kasuan, lanek, era berean, jatorrizkoak izan behar dute, 3 foliotik gorakoak eta 20 foliotik beherakoak.

Argazki lehiaketako gaia askea da. Irudiak jatorrizkoak eta argitaratu gabeak izango dira, kolorez edo, bestela, zuri-beltzez eta, gehienez ere, 30 x 40 cm-ko neurrikoak. Lehiakide bakoitzak hiru argazki aurkezteko aukera du, gehienez.


G-9ren musika lehiaketa Iruñean


Azkenik, Campus Music sailean solistek eta taldeek parte hartu ahalko dute (aurkezpena egiteko unean, gutxienez kideetatik bat unibertsitate komunitateko kide izan behar da) eta emanaldia, jendearentzako ekitaldi irekian egingo da, azaroan edo abenduan, ikasgelategiko kafetegian. Talde bakoitzaren emanaldia gutxienez ere 15 minutukoa eta gehienez ere 30 minutukoa izango da. Parte-hartzaile kopuruaren arabera, epaimahaiak beretzat gordetzen du lehiaketa aldian parte hartuko duten lehiakideen aldez aurreko hautaketa egiteko eskubidea, aurkezten dituzten grabazio edo maketetan oinarrituta. Talde irabazleak kontzertua eman beharko du 2013-14 ikasturtean, Unibertsitateak erabakiko dituen egun-ordu eta tokian.

Gainera, irabazten duen taldea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren ordezkaria izango da Unibertsitateen G-9 Taldeko musika lehiaketan, 2014ko udazkenean Iruñean.

Oinarri guztiak http://www.unavarra.es/cultura/ Unibertsitatearen webgunean daude kontsultatzeko, edo, bestela, Kultura Jardueren Bulegoan (Ikasgelategiko 019. ikasgelan) jasotzeko. Lanak aurkezteko tokiak eta epea: Unibertsitateko Erregistro Orokorrak, Iruñeko eta Tuterako campusetan, heldu den urriaren 31ko 14:30ak baino lehen.