Joan eduki nagusira

zoom Ikerketako parte-hartzaileetako bat entrenamenduetan

Ikerketako parte-hartzaileetako bat entrenamenduetan

12 astez entrenamendu berariazko bat egin eta gero, 90 urtetik gorako adinekoek indarra, potentzia eta gihar masa hobetu zuten, eta horri esker lasterrago ibiltzen ziren, aulkitik altxatzeko trebetasun handiagoa zuten, oreka hobea, eroriko kopurua nabarmen jaitsi zen eta beheko gorputz adarren indar eta gihar masa nabarmen handitu zen. Zahartzearen Elkarte Amerikarraren Age aldizkarian duela gutxi argitaratutako ikerketaren emaitzetako batzuk dira hauek. Mikel Izquierdo Redín Nafarroako Unibertsitate Publikoko Fisioterapia katedradunak zuzendu du ikerketa. Berarekin batera lan egin dute ikertzaile hauek: Eduardo L. Cadore, Fabricio Zambom-Ferraresi, Nora Millor eta Marisol Gómez (NUP); Álvaro Casas (Nafarroako ospitalea), Fernando Idoate (San Miguel klinika) eta Leocadio Rodríguez-Mañas (Getafeko ospitalea).

Ikerketan 91 urtetik 96 urtera bitarteko 24 pertsonak parte hartu zuten, horietatik 11 talde esperimentalean eta 13 kontrol taldean. Astean bitan, 12 astean, osagai anitzeko entrenamendua egin zuten: ariketa desberdineko programa bat, berariaz haientzat prestatua, eta indar entrenamendua eta oreka hobetzeko ariketak zituena. Mikel Izquierdok azaldu duenez, “entrenamenduak gaitasun funtzionala eta giharretako indarra handitu eta erorikoak izateko arriskua gutxitu zuen. Ahultasun egoeran dauden adinekoen gaitasun fisikoa nabarmen hobetzeaz gain, ikerketak frogatu du ahultasun egoeran dauden agureek ere egin dezaketela indar entrenamendua.

Zahartzean, sistema neuromuskularraren, sistema kardiobaskularraren eta arnasketa sistemaren gaitasun funtzionala pixkanaka gutxitzen hasten da, eta horrek ahultasuna izateko arrisku handiagoa dakar. Ariketa fisikorik eza da faktore nagusietako bat gihar masaren eta gaitasun funtzionalaren galera eragiteko, ahultasunaren muina hain zuzen.

Ikuspegi praktikotik —gogoratu du Izquierdo irakasleak—, emaitzek iradokitzen dute gaixo hauentzat ariketa programak ezartzeak duen garrantzia, giharretako indarra, oreka eta martxa garatzeko ariketak alegia”. Bere iritzian "onuragarria litzateke ahultasun egoeran dauden adinekoek ariketa mota hauek egitea, zahartzearen eraginari aurrea hartzeko, beren ongizatea hobetzeko, eta gizartera hobeki egokitzeko".

Zahartzearen Elkarte Amerikarrak jaso duen ikerketa lanaren izenburua hau da “Multicomponent exercices including muscle power training enhance muscle mass, power output and functional outcomes in instituzionalized frail nonagenarians” (Giharretako indarrarraren entrenamendua kontuan hartzen duen osagai anitzeko ariketa programa batek ahultasuna duten laurogeita hamar urtetik gorako adineko instituzionalizatuen gihar masa eta gaitasuna funtzionala hobetzen ditu).