Joan eduki nagusira

Gobernuak enplegu agentziaren maila eman dio NUPeko Unibertsitate - Gizarte Fundazioari. Lege-irudi honi esker, Fundazioak lan-bitartekariaren, lanbide-orientazioaren eta informazioaren lanak egiten ahalko ditu, Nafarroako Enplegu Zerbitzuarekin batera. Fundazioa NUPek sortu zuen irabazi asmorik gabeko erakunde bat da. Bere helburua da gizartearekin lankidetza-moduak sortzea, unibertsitateko ikasleen eta profesionalen prestakuntza osoa bilatzen duten formulen bidez, ikasleak eta profesionalak lanpostu kualifikatuetan sartzeko eta enplegua ematen dutenekin bitartekaritza lanak egiteko.

2010eko 1796/2010 Errege Dekretuak ezartzen duenaren babesean, Unibertsitate - Gizarte Fundazioak enplegu agentziaren maila eman dio bere buruari. Izan ere, dekretu horrek lege-irudi honen funtzionamendua eta enplegu zerbitzu publikoekin eduki behar dituen lankidetza-erregimena arautzen ditu. Agentziak honela definitzen dira: erakunde publiko edo pribatuak dira, irabazi asmoarekin edo gabe, dagokion enplegu zerbitzuarekin lankidetzan, lan-bitartekaritza funtzioak egiten dituztenak, langileei beren ezaugarriei egoki zaizkien enpleguak emateko, eta enplegu-emaileei erraztasunak emateko beren beharrak beteko dituzten pertsona egokiak bilatzen.

Agentzia hauek egiten dituzten jarduerak enplegua bilatzea, orientazio eta informazio profesionala ematea eta langileak hautatzea dira, besteak beste. Era berean, profil, joera, ezagutza eta kualifikazio profesionalak balioesteko gaitasuna edukiko dute.

Fundazioko Enplegu Arloak, Prestakuntza Arloarekin eta Alumni Programarekin koordinatuta, urte batzuetatik hona egiten ditu lan-bitartekaritza eta laneratzeko jarduerak, ikasle tituludunentzat. Zehatz esateko, enpresetako eta erakundeetako praktika-programak egiten ditu, prestakuntza-programa berariazkoekin. Halaber, enplegu-eskaintzen zerbitzu bat kudeatzeaz arduratuko da, horixe izango baita, aurrerakoan, enplegu agentziaren zeregin nagusia.

Lan hau osatzeko, hainbat laguntza-jarduera izango dira, eta horien artean honako hauek egongo dira: lan-orientazioa, enplegu-behatoki bat eta unibertsitatearen eta gizartearen arteko topaketak. Programa hauek Nafarroako Enplegu Zerbitzuareren eta beste hainbat eragile publiko zein pribaturen laguntza daukate.

Hori horrela, azpimarratzekoa da Fundazioak 500 hitzarmen baino gehiago izenpetu dituela enpresa, Nafarroako Gobernuaren departamentu, enpresa publiko, enpresari-konfederazio, elkargo profesional eta Europako agentziekin. Esku-hartze erabateko honen ondorioz, Fundazioaren programek laneratze-ehuneko handiak ohi dituzte. Tituludunentzako praktika-programaren kasuan, parte hartzen dutenen laneratze-ehunekoa % 43 da.

Agentziaren lanaren ardatzak

Fundazioko Enplegu Agentziaren helburu nagusia hauxe izango da: unibertsitatetik ateratzen diren ikasleek beren kualifikazioarekin bat datozen lanpostuak lortzea. Lan hori, hainbat jardueraren bidez burutuko da. Lehena, enplegu-emaileen eta tituludunen arteko bitartekaritza da, lan-eskaintzak kudeatzeko. Zerbitzu honen barruan eginkizun hauek sartzen dira: eskaintzak jasotzea, aurkeztutako merezimenduak egiaztatzea, hizkuntzaren maila egiaztatzeko azterketa, gaitasunen ebaluazioa, elkarrizketak egitea eta erabiltzaileen asebetetasunaren jarraipena eta ebaluazioa.

Agentziaren bigarren lana enpleguko zerbitzu publikoekin eta beste hainbat erakunderekin lankidetzan aritzea izango da, enplegu-aukerak bultzatuko dituzten ekintzen garapenaren bidez. Horretarako, prestakuntzarako eta gaitasunerako programa integralak bultzatuko dira, nazioko eta nazioarteko merkatuetako bitartekaritza eta prospekzioa aurrera eramango dituztenak.

Beste alde batetik, Unibertsitate - Gizarte Fundazioa lankidetzan arituko da NUPekin, ikasleentzako gizarte-enpleguaren poltsa baten kudeaketan. Ekimen honen helburua da tasa akademikoak ordaintzeko arazoak dauzkaten familietako ikasleek lan egiteko aukera izan dezaten, arduraldi partzialean, karrera egiten duten artean. Fundazioak programa berariazko bat eskainiko dio minusbaliotasuna daukaten pertsonen enpleguari. Horretarako, pertsona hauek harremanetan jarriko ditu haientzako moduko lanpostuak eskaintzen dituzten enpresekin. Enplegu agentziak pertsona hauen etengabeko jarraipena egingo du, eta ekintzailetzarekin lotura daukaten ekintza espezifikoak egingo ditu.

Agentziaren azken lan ardatza hauxe da: unibertsitatetik ateratzen diren tituludunen ekintzailetza sustatzea. Fundazioak, Alumni programaren bidez, martxan jarri ditu aurten ekintzailetza-lantegi batzuk, sare baten sorrera tinkoagotzeko, sare horren bidez aholkularitza eta prestakuntza emateko, eta ekintzaileak eta inbertsoreak elkarrengandik hurbiltzeko.