Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak heldu den ostegunean, abuztuaren 1ean, zabalduko du bederatzi zero ikastarotan izena emateko epea, heldu den 2013-14 ikasturtean Gradu ikasketetan hasiko diren ikasleentzat. Ikastaro hauek abuztuaren bigarren hamabostalditik irailaren hasiera bitartean emango dira, eta helburua dute ikasleei matrikulatu diren titulazioari buruzko gaietan sarrera ematea, beren Batxilergoko edo Lanbide Heziketako prestakuntza sendotzeko eta Unibertsitatean erabilgarriak gertatuko zaizkien metodologia oinarriak emateko. Matrikula egiteko aukera dago interneten bidez edo Arrosadiko campuseko Administrazio eta Kudeaketako eraikinera joanez.

Hauek dira ikastaroak: Adierazpen Grafikoa, Matematika (2), Estatistika (3), Fisikaren Hastapenak, Kimika eta Ingelesa. Programatuta daude hiru Estatistika ikastaro bereizi, batetik Telekomunikazio eta Industria Ingeniarien eta Nekazaritza Ingeniarien Eskoletako ikasleentzat; bestetik, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatekoentzat; eta, azkenik, Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolakoentzat.

Era berean, bi Matematika ikastaro ematea aurreikusten da. Lehenbizikoa Ingeniaritzako titulazioetakoentzat, eta, bigarrena Ekonomia eta Enpresa Zientzietakoentzat izango da. Azkenik, Ingeles ikastaroa Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Irakasle titulazioetako ikasle berriei zuzendua dago.
Ikastaroek izango dituzten egunak, orduak eta titulazioak ikusgai daude NUPen webgunean (www.unavarra.es). Ikastaro bakoitzaren ikaspostu kopurua hirurogei da, eta ikastaro batean parte hartzeak ez du irakaskuntza kredituak aitortzeko eskubiderik ematen. Ikastaro bakoitza hogei ordukoa da, bi ikastaro bat izan ezik, 15 ordukoak izango baitira.

Matrikula egiteko aukera dago interneten bidez edo modu presentzialean Arrosadiko campuseko Administrazio eta Kudeaketako eraikineko Sarbide Atalera joanez, 8:30etik 14:00etara bitartean. Inskripzioa egiteko inprimakia NUPeko webgunean dago jaisteko. Onartuen zerrenda abuztuaren 14an argitaratuko da Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean eta Unibertsitatearen webgunean.