Joan eduki nagusira

zoom Aldizkariaren ale batzuk

Aldizkariaren ale batzuk

Vértice aldizkariaren bilduma osoa dohaintzan eman diote Nafarroako Unibertsitate Publikoari. Argitalpen falangista hori 1937tik 1946ra arte argitaratu zen. Bildumak 83 zenbakiak dauzka, bai eta gehigarriak eta ohiz kanpoko zenbaki batzuk ere. Vértice aldizkariak formatu handia, luxuzko inprimatzea, koloretako marrazkiak, fotograbatuak, mapak eta irudiak zituen. Teresa Santesteban NUPeko langileak egin du dohaintza, eta Unibertsitateko Liburutegiko Antzinako Funtseko bilduman gorde da, bertan kontsultatzeko eta kontserbatzeko.

“Vértice: Revista Nacional de la Falange” Gipuzkoan argitaratu zen lehenengo aldiz 1937ko apirilean, Espainiako Gerra Zibilean, Nueva Editorialen bidez. 1940. urtean aldizkari honen edizioa Madrilera eraman zuten, eta han Sucesores de Rivadeneyra argitaletxearen lantegietan argitaratu zen. Aldizkaria argitaratzen jarraitu zuten, FET y de las JONSen Delegación de Prensa y Propaganda izenekoak aldizkaria argitaratzeari uzteko erabakia hartu zuen arte 1946. urtearen hasieran.

Bere 83 zenbakietan hainbat irudi daude, gerra garaian nazionalen alderdian afixagile gisa nabarmendu ziren pintoreenak. Esaterako, Carlos Sáenz de Tejada, Juan Antonio de Acha Pellón, José Caballero eta Jesús Olasagasti.

"Las novelas de Vértice" izeneko bilduma bat argitaratu zuen aldizkariak 1940ko bere hamabi zenbakietan. Bilduma horretan Concha Espina, Gonzalo Torrente Ballester, Álvaro Cunqueiro, Rafael Sánchez Mazas eta Ernesto Giménez Caballeroren lanak daude, besteak beste.

Aldizkaria interes historikoduntzat jotzen da, Espainiako historiaren aldi bateko testigantza den aldetik. Dohaintza-aktak ezartzen du bilduma hau erabiltzeko, ikertzeko edo erakusteko eskubide guztiak izango dituela Unibertsitateak, ezagutza zientifikoan eta kultura zabalkundean gehiago sakontzeko. Bestalde, hartutako bilduma Liburutegiko Antzinako Funtsean begiratzeko baldintza tekniko onenekin kontserbatzeko eta mantentzeko konpromisoa hartzen du Nafarroako Unibertsitate Publikoak