Joan eduki nagusira

zoom Ikasle batzuk informazio-bilera batean

Ikasle batzuk informazio-bilera batean

Nafarroako Unibertsitate Publikoak nazioarteko mugikortasuneko 611 ikaspostu eskainiko ditu, guztira, 2013-14 ikasturterako. Horietatik, gehienak Erasmusi dagozkio, 488 zehatz esateko, eta gainerakoak horrela banatzen dira: Virrey Palafox (76), Martín de Rada (17), Aldebiko Hitzarmenak (17), ISEP USA (9) eta ISEP Nazioartekoa (4). Interesa daukaten ikasleek izena ematen ahal dute NUPen web-orrialdearen bidez, datorren astelehenetik, urtarrilaren 28tik aurrera, otsailaren 1era arte.

Deialdiaren helburua da nazioarteko mugikortasuneko programetan parte hartuko duten NUPeko ikasleak aukeratzea. Programa hauei esker, ikasle horiek beren ikasketetako parte bat atzerriko unibertsitate batean egingo dute, eta dagokien aitortza akademikoa jasoko dute. Egonaldiak sei hilabetekoak izango dira, gutxienez, eta ez dira izango ikasturte oso bat baino luzeagoak.

Parte hartu nahi duten ikasleek Gradu, Lehen Ziklo edo Bigarren Zikloko ikasketa ofizialetan matrikulatuta egon behar dute, eta egiten ari diren titulazioko kreditu-kopuru jakin bat gaindituta eduki behar dute. Gainera, trukea egiteko unibertsitateak eskatzen duen hizkuntzaren maila egiaztatu behar dute, dela tituluarekin, dela NUPek urtarrilaren hasieran egin zituen mailaketa-probak gaindituz. Batzorde batek balioetsiko ditu eskaerak, eta zerrenda bat prestatuko du titulazio bakoitzeko, ikasleen ikasketa-espedientea kontuan hartuta.

NUPek abian jarri du, urtarrilaren 18tik, informazioa emateko programa bat, nazioarteko mugikortasuneko programetan parte hartzeko interesa daukaten ikasleekin bilerak egiteko. Bilera hauek titulazioen arabera egin dira, Iruñeko eta Tuteako campusetan. Bileretan programen ildo nagusiak azaldu dira, eta ikaspostu bat lortzeko zer egin behar den aipatu da.

Izena emateko epea datorren urtarrilaren 28ko 8:30ean hasiko da, eta otsailaren 1eko 14:30ean bukatuko da. Eskaerak ondoko web-orrialde honen bidez egingo dira: http://www1.unavarra.es/relacionesinternacionales/. Ikasleak 15 norako aukeratuko ditu, gehienez, lehentasunaren ordenan jarrita.

Ikaspostuak programen arabera

NUPeko ikasleek nazioarteko mugikortasuneko sei programetan parte hartzeko aukera daukate. Ikasposturik gehien eskaintzen duena Erasmus da (488). Erasmus goi mailako hezkuntza arloan lankidetzan aritzeko Europar Batasunaren programa bat da. Nafarroako Unibertsitate Publikoak baditu, gainera, beste bi programa bereki. Lehena Virrey Palafox da. Honek aurten 76 ikaspostu eskaintzen ditu, Latinoamerikako unibertsitateekin izenpetutako hitzarmenei esker. Bestea Martin de Rada Programa da. Honek bideratzen du nazioarteko mugikortasuna Asiako unibertsitateetarantz. 2013-14 ikasturtean 17 ikaspostu eskaintzen ditu, Txinan, Taiwanen eta Hego Korean.

Aldebiko hitzarmenek eta ISEP programek osatzen dute eskaintza hau. NUPek aurrekoen artean ez dauden unibertsitateekin izenpetzen ditu aldebiko hitzarmenak. Aurten, aldebiko hitzarmenek 17 ikaspostu eskaintzen dituzte AEBn, Australian eta Kanadan, esaterako. Estatu Batuetako irabazi asmorik gabeko erakunde batek kudeatzen du ISEP programa (AEB eta nazioartekoa), 13 ikaspostu eskaintzen dituena.