Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek irakasleen irakaskuntza-jarduera ebaluatzeko inkestan parte hartzeko aukera dute abenduaren 21eko 14:00ak arte. Ekimen honen helburua da informazioa lortzea zentroan ematen den irakaskuntzaren kalitateari buruz. Inkesta borondatezkoa da, eta era telematikoan betetzen da Ikaslearen Atariaren bidez. Atari hori Unibertsitatearen webgunean dago, eta ikasle bakoitzak bere sarrera-gakoa dauka. NUPek Android sistema duen tableta bat zozketatuko du parte-hartzaileen artean. Inkesta honi buruzko informazioa www.unavarra.es webgunean dago.

Inkesta hauetako parte-hartzaileek zenbait atali erantzuten diete hainbat galderaren bidez, zeinetan irakasleak emandako irakaskuntzaren plangintza, garapena eta emaitzak aztertzen baitira. Hori guztia gogobetetasun orokorrari buruzko galdera batekin eta iradokizunen atal batekin osatzen da. Sistema honek duen abantaila da askoz ere azkarragoa eta ekonomikoagoa dela, eta ikasleek egin ditzaketen iradokizunak eta iruzkinak zuzenean igortzen zaizkiola irakasleari.

Ikasleek inkestan emandako datuak konfidentzialak dira, eta datu horiei esker Unibertsitateak nahikoa informazio biltzen du eskaintzen duen irakaskuntzaren kalitateari buruz, gero hobekuntzak egiteko. Horretaz gainera, inkesta hauen emaitzak aintzat hartzen dira NUPeko irakasle eta ikertzaileen jarduera ebaluatzeko prozesuan. Irakasleen Gaietarako Errektoreordetzak sustatu duen galdeketa honek Unibertsitateko Informatika Zerbitzuaren eta Kalitate Unitatearen lankidetza du.

Irakasleek ikasturteko eskolak amaitzean ezagutzen dituzte galdeketaren emaitzak. Irakasle bakoitzak erdietsitako emaitzak sail eta titulazio bakoitzak osotasunean erdietsitako emaitzekin alderatzen ditu Unibertsitateak. Horri dagokionez, kontuan hartu behar da irakasle bakoitzak, ematen duen irakaskuntzaren ebaluazio bikaina lortzeko, emaitza positiboa lortu behar duela ikasleei egindako gogobetetasun inkestan.