Joan eduki nagusira

zoom Ezkerretik eskuinera: Paloma Ventura Sánchez, Jon Ciriza Murugarren, Belén Bazán Benítez, Laura Rico Fernández, María Flamarique Esparza, Naiara Balda Arrizurieta eta Carlos Vilches irakaslea.

Ezkerretik eskuinera: Paloma Ventura Sánchez, Jon Ciriza Murugarren, Belén Bazán Benítez, Laura Rico Fernández, María Flamarique Esparza, Naiara Balda Arrizurieta eta Carlos Vilches irakaslea.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek 8,5 orduz erabiltzen dute liburutegia astean, batez beste, eta gehien erabiltzen duten zerbitzua liburuen mailegua da. Hala dio Soziologia Lizentziaturako laugarren mailako ikasleek egindako galdetegi batek. Galdetegia Kontsumoaren Soziologia eta Merkatuen Ikerketa irakasgaiaren barruan egin da. Ikerketa honek dio, baita ere, ikasleen bi herenek zerbitzuaren balioespen positiboa egiten dutela, batez ere taldeentzako ikasketa-aretoei dagokienez.

Honako hauek dira ikerketa hauen egileak: Paloma Ventura Sánchez, Jon Ciriza Murugarren, Belén Bazán Benítez, Laura Rico Fernández, María Flamarique Esparza, Naiara Balda Arrizurieta eta Pelayo Fernández Vélez. Carlos Vilches Plaza, Kontsumoaren Soziologia eta Merkatuen Ikerketa irakasgaiaren irakaslea, izan da galdetegiaren koordinatzailea. Landa lana 2011ko maiatzean egin zen. 23 galderako galdetegi bat prestatu zen, eta 655 ikasleri pasatu zitzaien. Ikasleak titulazioen eta mailen arabera zeuden proportzionalki sailkatuta. Galdetegia osatzeko, liburutegiko langileei eta erabiltzaileei sakoneko elkarrizketak egin zitzaizkien, eta hainbat titulaziotako ikasleek eztabaida bat burutu zuten, taldeka.

Ikerketaren helburua zen liburutegiaren erabiltzaileen profila definitzea, ikasleek atzeman dituzten ahulguneak eta indarguneak ezagutzea, eskaintzen diren zerbitzuei ematen zaien erabilera zein den jakitea eta ikasleek zerbitzu hauei buruz eta langileek egiten dieten harrerari buruz zer iritzi daukaten jakitea.


Ingeniariak dira gehien erabiltzen dutenak


Ikasleen ia % 20ak erabiltzen du liburutegia egunero; % 38,4k astean hainbat egunetan erabiltzen du, eta % 23,7k esaten du hilean egun batzuetan erabiltzen duela. Gehien erabiltzen dutenak Industria Ingeniaritza eta Telekomunikazio Ingeniaritza titulazioetako ikasleak dira. Aldiz, Ekonomia eta Enpresa Zientzietako ikasleak bakarrik azterketak dauzkatenean joaten dira liburutegira.

Liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuei dagokienez, liburuen mailegua da gehien erabiltzen dena (galdetutako ikasleen % 71,5ek erabiltzen du). Puntu honetan, elkarrizketatutakoen bi herenek baino gehiagok uste dute liburutegiak ezartzen dituen mailegu-egunak gutxiegi direla dauzkaten kontsulta-beharretarako. Emakumezkoak eta adinez nagusienak dira liburutegia gehien erabiltzen duten taldeak, galdetegiak nabarmentzen duenez.

Ikerketaren egileek zeukaten beste helburuetako bat zen ezagutzea NUPeko liburutegiaren erabiltzaileek noraino erabiltzen dituzten antzeko beste zerbitzu batzuk. Izan ere, % 47,1ek baiezko erantzuna ematen dio galdera honi, batez ere etxetik hurbil dagoelako (% 78,2k), ikasteko giro hobea dagoelako (% 50ek) edo toki gehiago dagoelako (% 23,3k). Era berean, galdera egin zaien % 70ek esaten du ongi iruditzen zaiola unibertsitatekoa ez den jendeak erabil dezan NUPeko liburutegia.


Zerbitzuaren balioespen positiboa


Galdetegiaren ondorioetako bat da ematen diren zerbitzuen balioespena oso ona dela, orokorrean. Taldeentzako lan-aretoak dira balioespen onena lortzen dutenak, 2,9 puntu lortzen baitute, gehienezko 4ko kalifikaziotik. Txarrena liburu maileguarentzat da, 2,3rekin. Beste alde batetik, liburutegiko langileek egiten duten lana ere balioesten da. Ikasleek positiboki balioesten dute langileen eskuragarritasuna (% 80k), tratua (% 74,1ek) edo eraginkortasuna (% 81ek).

Galdetegiak neurtu zuen, baita ere, ikasleek zer iritzi duten liburutegiak dauzkan argi, tenperatura eta zarata-baldintzei buruz. Ordutegiak eta argiak 4tik 3 eta 3,1eko balioespenak lortu zituzten, hurrenez hurren, eta tenperaturak 2,4koa. Aitzitik, ikasleek 1,9 puntu baizik ez zieten eman zarata-baldintzei. Horri dagokionez, aipatu behar da NUPek hainbat kanpaina abiatu dituela liburutegiko zarata-baldintzak hobetzeko, batez ere ikasketa-aretokoak.

Galdetegia egin duten ikasleen % 60rentzat liburutegiaren balioespen orokorra positiboa da. Horien aurrean, % 32,9rentzat balioespena erdipurdikoa da, eta % 6,8k iritzi negatiboa dauka. Liburutegiak lortzen duen azken nota, galdetegia egin dutenen arabera, 6,6koa da, 10 puntutik. Egunero joaten diren ikasleentzat, ordea, nota 7ra igotzen da. Osasun Eskolako eta Zientzia Juridikoetako ikasleak dira notarik altuena ematen diotenak (6,9). Ekonomiakoek eta Enpresa Zientzietakoek ematen diote notarik baxuena (6).