Joan eduki nagusira

Astearte honetan, azaroaren 27an, Gizarte Kontseiluak bilera bat egingo du Nafarroako Unibertsitate Publikoaren sorreraren 25. urteurrena ospatzeko. Kontseiluaren sorreratik organo honen kide izan diren pertsona guztiek parte hartuko dute bileran. Ekitaldia 18:00etan egingo da Errektoretzako eraikinean, eta Julio Lafuente Unibertsitateko errektorea, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehenkaria eta Jesús Irurre Gizarte Kontseiluko burua izango dira ekitaldiaren buru.

Jesús Irurreren hitzaldiak hasiera emango dio programari, eta gero Rolf Tarrach Luxenburgoko Unibertsitateko errektoreak hitzaldi hau emango du: "ausardia urrun iristeko: unibertsitate indartsuak biharko Espainiarako". Julio Lafuente errektorearen eta Yolanda Barcina Gobernuko lehendakariaren hitzaldiek amaiera emango diote bilerari.

UPeko Gizarte Kontseilua 1994an sortu zen, eta, ordutik hona, ehun bat kontseilukide izan ditu gizarteak unibertsitatean parte hartzeko duen erakunde kolegiatu honetan. Gaur egun, Gizarte Kontseiluak 19 kide ditu; horietatik hamahiru gizartearen partekoak dira eta gainerako seiak unibertsitate komunitatekoak. Zehazki, gizartearen partekoak diren hamahiru kontseilukideetatik 5 Nafarroako Parlamentuak izendatzen ditu, 4 Nafarroako Gobernuak eta 4 ordezkaritzarik handiena duten enpresarien eta sindikatuen erakundeek.

Ekonomiari dagokionez eginkizun garrantzitsuak dituen organo bat da Gizarte Kontseilua. Izan ere, Unibertsitatearen aurrekontua eta urteanitzeko programazioa onetsi behar ditu eta jarduera ekonomikoak eta bere zerbitzuen errendimendua gainbegiratu behar ditu. Era berean, bere ardura da gizarteak Unibertsitatearen finantzabidean lagun dezan sustatzea.

Rolf Tarrachen curriculuma

Rolf Tarrach Luxenburgoko Unibertsitateko errektorea da 2005ean sortu zenetik. Tarrachek Zientzia Ikerketa Zientifikoen Goi Mailako Zentroa (CSIC) zuzendu zuen 2000. urtetik 2003. urtera, eta, Hezkuntza Ministerioak eskatuta, Espainiako unibertsitate sistemari buruzko txosten bat egin zuen nazioarteko adituen batzorde baten buru izan da. Aipatu txostenaren izenburu bera dauka bihar NUPen emango duen hitzaldiak.

Tarrach Valentzian jaio zen 1948an, Fisikan doktorea da Bartzelonako Unibertsitatean eta Fisika Teorikoko katedraduna 1983tik. Ehun bat argitalpenen egilea da nazioarteko aldizkarietan, eta bere ibilbidean hainbat aitorpen eman dizkiote. Horien artean, aitorpen hauek: honoris causa doktorea San Petersburgoko Unibertsitatean, Isabel Katolikoaren Zaldun-gurutzea eta Consell Valenciá de Culturaren Zilarrezko Domina. Bartzelonako Zientzia eta Arteen Erret Akademiako eta Erromako Klubaren Espainiar Kapituluko Administrazio Kontseiluko kidea da.