Joan eduki nagusira

zoom David Gómez Castillo

David Gómez Castillo

Patataren kalitateari begira, une garrantzizkoenetako bat da biltegiratze garaia, une horretan ernamuintzeko edo usteltzeko arriskua delako, bakterioak edo onddoak bezalako eragile patogenoengatik. Hori gerta ez dadin, David Gómez Castillok, nekazaritza ingeniariak, bere doktoretza tesian ikertu du ea posible den gaur egun erabiltzen diren tratamendu kimikoak alde batera uztea, eta horien ordez olio esentzialen bidezko tratamenduak erabiltzea, menda, txarpoil, martorri, eukalipto edo iltze-belarraren olioak erabiliz, "atzeman diren arazo nagusien aurkako ahalmen inhibitzaile handia erakutsi baitute".

Gaur egun, produktu kimiko bat (CIPC: Clorprofam) da gehien erabiltzen dena patata, biltegiratzen denean, ernamuin ez dadin. Hala ere, produktu sintetiko horien ordezkoak bilatu behar dira, hainbat arrazoirengatik: batetik, onartzen diren erabilera-dosiak gero eta txikiagoak dira, eta bestetik, merkatuak eta kontsumitzaileak presioa egiten dute produktu osasungarriagoak eta ingurumenarentzat hain kaltegarri ez direnak bilatzeko, patatak merkataritzari, sukaldaritzari eta teknologiari begira daukan kalitatea galdu gabe.

Testuinguru honetan ulertu behar da David Gómez Castilloren ikerketa lana. Menda, txarpoil, martorri, eukalipto edo iltze-belarraren olioen bidezko aukerako tratamendu bat ebaluatu du. Hauxe izan zen egin zuena: olio hauek aplikatu zizkien mahai-pataten zenbait barietateari (Agata eta Monalisa patatak), eta industria-pataten beste batzuei (Agria eta Kennebec). Gero tratamendu honen eta tratamendu kimikoaren emaitzak alderatu zituen.

Elikagaien Teknologia Saileko Paloma Vírseda Chamorro katedradunak eta Cristina Arroqui Vidaurreta irakasle titularrak zuzendu dute tesi hau, "Olio esentzialen erabilera erabiltzea ernamunitzea galaratzen duten eragile, eta zer ondorio daukan horrek azken emaitzaren kalitatean" izena daukana. Kalifikaziorik gorena lortu du, Gai cum laude.

Aukera ona

Ikerketan merkataritzarako kalitatearen parametroak neurtu ziren (tuberkuluaren ernamuintzea, testura eta kolorea), eta sukalderakoak zein teknologiaren aldetikoak (patata-xerren kolorea eta testura, gai lehorra, solido solubleak denera, azukre erreduzitzaileak, zentzumen-azterketa). Era berean, biltegiratu eta 10, 25, 40, 55 eta 70 egunetara ebaluazioak egin ziren, eta olio esentzialek fitopatogeno nagusien aurka (onddo eta bakterioen aurka) daukaten eragin antimikrobianoa ebaluatu zen.

David Gómezek azaltzen duenez, "martorriaren eta mendaren olio esentzialen tratamenduetan ernamuintzea galarazteko gaitasun handia ikusi dugu, bai industria-patatarentzat, baita mahai-patatarentzat ere. Ahalmen inhibitzaile handia erakutsi zuten aztertu ziren arazo fitopatologiko garrantzizkoenen aurrean. Beraz, olio horiek erabiltzea aukera ona da patatak biltegiratzean CPCIren erabilera ordezkatzeko".

Beste alde batetik, ikusi da eukaliptoaren olio esentziala, mahai-pataten aldaeretan ernamuintzea galarazteko gaitasun handia daukanez, "beste aukera on bat izan litekeela arazo fitopatologikoengatik gertatzen diren uzta eta geroko galerak gutxiagotzeko. Tratamenduak are emaitza hobeak lortzen ditu iltze-belarraren olio esentziala gehitzen bazaio".

Ikertzaile honen iritziaren arabera, olio esentzialen bidezko tratamenduak erabiltzeak patata biltegiratzean "ernamuintzea galarazteko tratamenduari balio erantsia emango lioke, fitopatogeno garrantzizkoen garapena kontrolatzeko eraginkorra baita".

David Gómez Castillo Costa Ricako Unibertsitateko Nekazaritza Ekonomia eta Negozioen Eskolako irakaslea eta ikertzailea, Elikagaien kalitatearen kudeaketa eta kaltegabetasunaren alorrean. Unibertsitate hartan lortu zuen Nekazaritza Ingeniari titulua (2001) eta Nekazaritza Ekonomiako Lizentziadunarena (2004). NUPen "Elikagai industrien teknologia eta kalitatea" doktoretza egin du, eta orain gutxi irakurri du bere doktoretza tesia.

Irakasle eta ikertzaile jarduna Costa Ricako Nekazaritza Ekonomiako eta Nekazaritza Enpresen Garapeneko Ikerketa Zentroan egiten duen lanarekin batera garatzen du. Hainbat aldizkaritan artikulu batzuk egin ditu, bakarka edo taldeka, denak elikagaien teknologia eta berrikuntzari buruzkoak.