Joan eduki nagusira

zoom Unibertsitateko Antzerki Erakusketan parte hartu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoko Antzerki Taldeko kideak.

Unibertsitateko Antzerki Erakusketan parte hartu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoko Antzerki Taldeko kideak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Gizarte eta Kultura Proiekziorako Errektoreordetzaren mendeko Kultura Jardueren Atalaren bidez, 2011-2012 ikasturtean 270 jarduera antolatu ditu guztira, eta horietan 22.244 pertsonak parte hartu dute. Nafarroako Filmotekarekin batera antolatuta Ezinbesteko Zinema Zikloak, Baluarten egin zen Jazz Zikloak, Civivox Iturraman eskaini den Unibertsitateko Antzerki Erakusketak eta Batxilergorako hedapen zientifikoari buruzko hitzaldiek bildu zituzten parte-hartzaile gehien.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko kultura jarduerak gelatan egituratzen dira: Ondarea eta Arte Plastikoak, Musika eta Arte Eszenikoak, Komunikazioa, Irudia eta Soinua, eta Zientzia eta Teknologia. Gela horietan, kultura jarduerak hiru ardatzen inguruan egituratzen dira: prestakuntza, hedapena eta sormena.

Zehazki, Ondarea eta Arte Plastikoak Gelak 21 erakusketa eta hiru kultura txango antolatu zituen, eta horietara 10.586 pertsona bertaratu ziren. Halaber, Iruñeko Arrosadiko campusean publikoarentzat ikusgai dauden arte-obrak biltzen dituen gidaliburu bat editatu du. Irene López-Goñi Psikologia eta Pedagogia saileko irakaslea da argitalpenaren egilea. Liburuaren izenburua "Art-te-osadía / Ausar-te-dia" da, eta hamahiru artista ezagunen hamalau obra (gehienak eskulturak) biltzen ditu. Artisten artean, Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea edo José Antonio Eslava daude. Horretaz aparte, Francisco Javier Sáenz de Oiza nafar arkitektoak diseinatu zituen campuseko eraikinen erreferentzia bat dago.

Musika eta Arte Eszenikoak Gelak hemezortzi jarduera antolatu zituen kontzertuen eta antzezpenen bidez, eta 4.071 pertsona bertaratu ziren jardueretara. Bigarren urtez jarraian Unibertsitateko Antzerki Erakusketa Civivox Iturraman antolatu zen (546 lagun bertaratu ziren), eta Baluarten egin zen XII. Jazz Zikloaren edizioak 960 pertsona bildu zituen. Gainera, Unibertsitateko Antzerki taldeak, estreinakoz, Tuterako Gaztambide Antzokian jardun zuen, eta aretoa bete-betea zegoen.


Eztabaida unibertsitateko eta batxilergoko ikasleentzat


Komunikazio Gelak Nafarroako Parlamentuarekin duen hitzarmenaren esparruan, eztabaidarekin lotutako jarduerak egiten jarraitu zuen. Hortaz, Batxilergoko II. Eztabaida Liga antolatu zen Nafarroako ikastegien artean, eta horietan hamasei ikastegik parte hartu zuten guztira (aurreko urtean baino bi gehiago). Unibertsitateko XI. Eztabaida Liga ere antolatu zen, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek Iruñetik kanpo unibertsitateko lau eztabaida txapelketetan parte hartu zuten.

Irudia eta Soinua Gelak 21 filmen proiekzioak antolatu zituen, eta horietara, 1.921 pertsona bertaratu ziren guztira. Atal honetan, aipatu beharrekoa da Ezinbesteko Zinema Zikloaren I. edizioak izan duen arrakasta. Unibertsitateak antolatu du Nafarroako Filmotekarekin lankidetzan, eta 1.861 pertsona bertaratu ziren guztira. Programa hau sortu da 2010-2011 ikasturtean bukatu zen "Zinema Atik Zra" zikloaren jarraipen gisa. Ziklo hark 34.196 ikusle bildu zituen hamaika edizioetan. Filmotekan egiten ari den ziklo berriak filmak jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin eskaintzen ditu, eta adituek aurkezpenak egiten dituzte filmak eman aurretik.

Azkenik, Zientzia eta Teknologia Gelaren bidez zientzia hedapeneko 161 hitzaldi eskaini ziren Batxilergo ikastegientzat, eta horietan 4.830 pertsona bildu ziren. Kultura ikastaroen atalean, hogeita bi ikastaro eman ziren eta, horietan, guztira, 268 pertsonak eman zuten izena.