Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoko plataforma birtualak (NireIkasgelategia) bideokonferentzia tresna berri bat sartu du (software librea den BigBlueButton aplikazioan oinarrituta), irakaskuntza eta ikerketa komunikazioa eta oro har unibertsitateko komunitatearena hobetzeko. Funtzionalitate hau NireIkasgelategia 2009an ezarri zenetik erabiltzen diren beste batzuei gehitu zaie, esaterako hauek: proiektu baten inguruko blogak eta webguneak sortzeko, irakasgaiak eta azterketak kontsultatzea, eta gaikako komunitateak antolatzea informazioa trukatzeko eta dokumentazioa gorde eta partekatzeko, edo edukiak taldean garatzea wikien bidez.

NireIkasgelategian integratutako bideokonferentzia tresna berria plataformako gune jakin bateko parte-hartzaileekin online bilerak egiteko aukera ematen du. Tresna honek web-kamera eta mikrofonoa erabiltzeko aukera eskaintzen du bideo eta audio seinaleak bidaltzeko, dokumentuak partekatzeko, arbel komun batean grafikoak partekatzeko edo ordenagailuaren pantaila partekatzeko.

Beraz, geografikoki bata bestearengandik urrun dauden pertsonen arteko ikusizko kontaktua eta ahozko komunikazioa izateko aukera ematen du tresnak, eta horrela joan-etorri gutxiago egin behar dira eta denbora aurreztu eta kostuak jaisten dira. NireIkasgelategiari gehitu behar zaio gainerako tresnekin egiten den bezala, Ezarpenak ataletik editatuz. 


Sare sozial bat bezala


NireIkasgelategia (https://miaulario.unavarra.es/portal) NUPeko barneko sare sozial baten antzekoa da. 8.000tik gora ikasle, irakasle eta administrazio eta zerbitzuetako langile daude NireIkasgelategian. Tresna honen erabilera orokortua dago irakasleen artean, eta, hain zuzen, irakasleen % 96,8k dio tresna hori erabiltzen duela, aurten EAZLko ikasle talde batek "Merkatuen azterketa" irakasgaian egindako inkestaren arabera.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak, Hezkuntza Berrikuntzaren Goi Mailako Ikastegiaren bidez, azken bi urteetan ia hirurogei prestakuntza ikastaro eman ditu irakasleei zuzenduak, NireIkasgelategiari buruz. Haien ardatza izan da plataforma erabiltzea irakaskuntzarako laguntza gisa, irakasgaien edukiak egokitzea eta berrantolatzea, eta kudeaketarako eta irakaskuntzari laguntzeko tresnak erabiltzea. Denbora honetan, ia 500 irakasle agertu dira informazio saioetara, plataforma birtualaren erabileran trebatzeko.
 

Argibide gehiago