Joan eduki nagusira

zoom Argentinan egindako lan-bilera, Juana Hermoso de Mendoza (1. lerroa, 4.a, ezkerretik hasita) eta Blanca Marín (2. lerroa, 3.a ezkerretik hasita) irakasleekin

Argentinan egindako lan-bilera, Juana Hermoso de Mendoza (1. lerroa, 4.a, ezkerretik hasita) eta Blanca Marín (2. lerroa, 3.a ezkerretik hasita) irakasleekin

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Europar Batasunak kofinantzatzen duen proiektu batean parte hartzen du, latinoamerikako erizainen prestakuntza hobetzeko, eta modu honetan generoak eta ekonomiak sortzen duten desberdintasuna gutxitzen laguntzeko eta pertsonen gizarte-txertaketa aldezteko. Proiektua Europako Alfa III programaren barruan dago. Programak EBko eta Amerikako goi mailako hezkuntzako erakundeen arteko lankidetza sustatzen du. Proiektuan beste bost unibertsitatek hartzen dute parte, herrialde hauetakoak: Argentina, El Salvador, Italia, Paraguay eta Peru.

Proiektuak hiru urteko iraupena dauka, eta bere izena honako hau da: "Alfa Funda Erizaintza: erizaintzako laguntzaileak profesionalizatzeko unibertsitate-prestakuntza". Proiektuari hasiera emateko, parte hartzen duten unibertsitateen artean partzuergo bat eratu da. Zehatz esateko, proiektuaren burutza ISALUD-Argentina Unibertsitateak darama, beste unibertsitate hauen laguntzarekin: Universitá degli Studi di Pavia (Italia), Cayetano Heredia Unibertsitate Peruarra (Peru), San Salvadorreko Unibertsitate Berria (El Salvador) eta Gran Asuncion Unibertsitatea (Paraguay). Eta, jakina, Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Europako ezagutza bestetaratzea

Proiektuaren helburua da Argentina, El Salvador, Paraguay eta Peruko goi mailako hezkuntza-erakundeen irakaskuntza-langileen prestakuntza sustatzea, curriculum-proposamen baten oinarriak egiteko, komunitateen aniztasun kulturala eta erakundeen autonomia errespetatuz. Halaber, gaitasunen araberako definizio bateratuan eta profesionalizazio-curriculumen eskualdeko harmonizazioan aurreratu nahi du. Europako bi unibertsitateen ekarpena beren ezagutza eskaintzea da, Europako konbergentzia-prozesuan eduki dituzten esperientzietan oinarriturik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa lehentasunezko bazkidea da proiektu honetan, eta proiketuaren koordinazioa Osasun Zientzien Saileko Blanca Marín Fernández irakasleak darama.

Orain denbora gutxi egin da, Argentinako hiriburua den Buenos Airesen, proiektua martxan jartzeko bilera, eta lehen eztabaida-mintegia. Horietan, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aldetik, Blanca Marín Fernández eta Juana Hermoso de Mendoza Cantón irakasleak izan dira, parte hartzen duten gainerako unibertsitateetako irakasleekin batera.

Azaroaren bigarren astean bigarren topaketa bat izango da, Iruñean. Proiektuari atxikitako irakasleek, bost egunez, Europako praktika onen transferentzia Amerika Latinora nola doan aztertuko dute.