Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak larunbat honetan, maiatzaren 5ean, egingo du graduondoko irakaskuntzei eskainitako Ateak Zabaltzeko Eguna. Informazio saio bat izango da, zeinean, lehen aldiz, NUPek 2012-13 ikasturtean eskainiko dituen unibertsitate master ofizialak eta irakaskuntza berekiak aurkeztuko baititu. Saioa tituludunei, azken ikasmailako ikasleei, profesionalei eta hauetako titulazioren batean matrikula egiteko interesa daukaten guztiei zuzentzen zaie.

Saioa hasteko, unibertsitate masterrak aurkeztuko dira, fakultateka eta eskolaka. Ondoren, interesa duten pertsonek informazio gehiago jasoko dute, ikasgeletan, titulazio bakoitzari buruz. Jardunaldia Arrosadiko campuseko hainbat gunetan garatuko da, eta Osasun Zientzien eraikinean, non Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolako masterrak aurkeztuko baitira.

Jardunaldian errektoretza taldeko ordezkariek, eskolako zuzendariek eta fakultateetako dekanoek parte hartuko dute, baita titulazio bakoitzeko irakaskuntza-zuzendariek ere. Denek interesdunen galderei erantzungo diete, pertsonalki. Bestalde, Unibertsitate-Gizarte Fundazioaren ordezkariak ere egongo dira, NUPen titulu berekien eskaintzari buruz egon litezkeen galderak erantzuteko.

Saioari 10:00etan emango zaio hasiera, Industria eta Telekomunikazio Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren, Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatearen eta Osasun Ikasketen Unibertsitate Eskolaren graduondoko irakaskuntzak aurkeztuz. Gero, 12:00etan, Zientzia Juridikoen Fakultatearen, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultatearen eta Nekazaritza Ingeniarien Goi Mailako Eskola Teknikoaren graduondoko irakaskuntzak aurkeztuko dira. Gainera, ikasgelategiko beheko solairuan dagoen Ikasleentzako Argibide Bulegoa irekita egongo da, 10:00etatik 14:30era, zalantzak argitzeko. Ordutegiak eta ikasgelak ondoko helbide honetan daude ikusgai: www.unavarra.es