Joan eduki nagusira

Nafarroako Unibertsitate Publikoak bere sorreraren 25. urteurrena ospatuko du datorren ostiralean, apirilaren 25ean, Unibertsitatearen Egunaren ekitaldi akademikoan. Julio Lafuente López errektorea izango da ekitaldiaren burua, eta 12:00etan hasiko da Fernando Remacha aretoan (Sario eraikinean), eta Nafarroako agintari nagusiek parte hartuko dute.

Unibertsitatearen Egunaren ekitaldiaren hasieran 2010-11 ikasturteko Aparteko Sariak emango zaizkie ikasleei, ondoren intsigniak jarriko zaizkie langile erretiratuei, doktore berriak inbestituko dira eta azken urte honetan izendatutako irakasle funtzionarioak lanpostuaz jabetuko dira.

Gero, 25. urteurrena ospatzeko programari hasiera emango zaio, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren sorrerako hasierako prozesuan hainbat eremutan parte hartu zuten pertsonei omenaldia egingo zaie. Lehenbizi, omenaldia egingo zaie 1987ko Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko kideei, urte hartan onetsi baitzen NUP sortzeko Legea.

Halaber, egitarauan, aitortza egingo zaie NUP abian jartzen jardun zuten Nafarroako Gobernuko pertsonen taldeari, eta urte hartan Nafarroan zeuden unibertsitate irakaskuntza zentroetako zuzendariei. Zeremoniaren parte honi amaiera jarriko dio Roman Felones Morrás 1987an Nafarroako Gobernuko Hezkuntza eta Kultura kontseilaria izan zenaren hitzaldiak. Ekitaldiari amaiera emango dio Julio Lafuente López Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak.