Joan eduki nagusira

zoom Nua Trío taldearen kideak

Nua Trío taldearen kideak

Nua Trío taldeak irekiko du gaur ostegunean, apirilaren 26an, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren XII. Jazz Zikloa. Zikloak hiru emanaldi edukiko ditu eta Baluarteko Ganbera Aretoan izango da. Emanaldi guztiak 20:00etan izango dira, era sarrerako prezioa 10 euro izango da, emanaldi bakoitzeko, edo 25 euro ziklo osorako bonua erosiz gero. Unibertsitate komunitateko kideentzako prezioak hauek izango dira: 5 euro emanaldiko eta 12 euro ziklo osorako bonua. Tracey Reid & The Sweet Rhythm Kings taldeak ostiralean, apirilaren 27an, eta Pat Martino gitarra-jotzaile estatubatuarrak larunbatean, apirilaren 28an, eskainiko dituzten emanaldiek osatuko dute NUParen XII. Jazz Zikloa. Sarrerak eskuragarri daude NUPeko Kultura Jardueren Atalean (Ikasgelategiko 019 ikasgelan), eta Baluarteko txarteldegian.

Espainiako Radio Nacionaleko Radio 3 irratiak grabatuko ditu hiru emanaldiak, Isabel Ruiz Larak zuzentzen duen "Tres en la carretera" programan emateko. Programa hori Iruñetik emitituko da, datorren igandean, apirilaren 29an. Aurten ere, laugarren urtez jarraian, RNEk NUPeko Jazz Zikloa egiteko babesa eman du, bere zuzeneko presentziaren bidez, saio monografikoen bidez edo kontzertuen emanaldiaren bidez.

Honako hauek osatzen dute Nua Trío taldea: Mû, beti ikasten dabilen Ginea Bissauko musikaria eta poeta; Luisa Brito, Mozambiken jaiotako kontrabaxu-jotzailea eta jazzari lotua; eta Jesús Mañeru nafarra, perkusio-jotzailea. Bere lehenengo obrak, “Casa Nua” izenekoak, Ana Patricio lisboarraren bertsoak omentzen ditu. Akustikarekiko eta letrekiko arretari eta kideen arteko harremanari esker sentimenak dastatzea da lan hau.

Bestalde, Tracey Reid & The Sweet Rhythm Kings-ek apirilaren 27an, ostiralean, joko du. Talde honek musika cocktail interesgarri bat proposatzen du, eta bere egiten du abeslari talde ezagunen musika, hala nola Louis Jordan, Nat King Cole, Dinah Washington, Cab Calloway edo Ray Charles. Taldeak jazzean errotutako musika estilo dinamiko, alai eta ireki bat du, eta zazpi musikarik osatzen dute. Horien artean aipatzekoa da Tracey Reiden ahots paregabea edo Enric Peidro saxo tenorearen lidergoa, zeina Espainian jazza eta swing-a jotzen duten tenor bakanetakoa baita.

Pat Martinok eskainiko du hirugarren eta azken kontzertua apirilaren 28an, larunbatean. Philadelphian (EEUU) jaio zen 1944an, eta jazz gitarra-jotzaile profesionala da 15 urte zituenetik. Musikari honen historia harrigarria da. 20tik gora disko ditu eta lan ugari egin ditu elkarlanean eta kontzertu-itzuliak etengabe, harik eta 1980an burmuineko ebakuntza egin zioten arte oroimena eta musika jotzeko gaitasuna galarazi zizkion aneurisma sendatzeko. 1984an berriro jotzen hasi zen bere diskoak entzunez, baina 1987an itzuli zen "The Return" diskoarekin.