Joan eduki nagusira

zoom Mikel Izquierdo, Tuterako campusean sortutako Biomekanika eta Mugimenduaren Fisiologiako laborategian.

Mikel Izquierdo, Tuterako campusean sortutako Biomekanika eta Mugimenduaren Fisiologiako laborategian.

Nafarroako Unibertsitate Publikoa parte hartzen ari da Europar Batasunak finantzatutako proiektu batean, 2 motako diabetesa duten 70 urtez gorakoen bizi kalitatea hobetzeko modua ikertzen duen programa baten onurak aztertzea xede duena. Azterlan honetan Espainiako, Erresuma Batuko, Italiako, Alemaniako, Frantziako, Txekiako eta Belgikako 17 instituzio parte hartzen ari dira, eta proiektu honen lehen aurkezpen ofiziala apirilaren 19rako programatu den jardunaldi batean egingo da NUPen. Programaren lehen aurkezpen honetan instituzio guztietako ordezkariak egongo dira, eta aste horretan bilera bat egingo dute NUPen Tuterako campusean, proiektua abian jartzeko eta jardueren egutegia ezartzeko.

Ikerketa proiektu honi Europar Batasunaren VII. Esparru Programak eman dio diru laguntza, eta asmoa da aztertzea zer onurak dituen glukosaren kontrol klasikoaz gain, II. motako diabetesa duten adinekoen bizi kalitatea eta ahalmen funtzionala hobetzean oinarritzen den programa batek.

Zehazki, osaera anitzeko programa batek duen aplikazioa aztertuko da, programa hori kontrol klinikoan, ariketa fisikoan eta, heziketa diabetologikoan oinarritzen da, paziente talde horren bizi kalitatea eta hauskortasuna ikusteko. Bigarrena, osaera anitzeko (kontrol klinikoa, ariketa fisikoa eta, heziketa diabetologikoa) mota honetako esku hartzeak duen eraginkortasuna aztertuko da, osasunarekin lotutako gastu ekonomikoei, ospitaleratze indizeei, eta paziente horien zainketarekin lotutako gastuari begira, gaur egun egiten den esku hartze klinikoarekin alderatuta.

II. motako diabetesaren ezaugarriak dira, batetik, nahasketa metaboliko multzo bat hainbat organori eta ehuni eragiten diena, eta bestetik, odolaren glukosa maila handitzea (hipergluzemia). 65 urtetik gorakoetan % 25ekoa da eta, gutxienez, paziente guztien % 40 65 urtetik gorakoak dira. Kalkulatzen da 2050. urtean hirurogeita hamar urtetik gorakoetan diabetes kasuak halako lau izango dela. Gaixotasun hau gaitasun funtzionalaren galerarekin lotzen da, eta desgaitasun arriskua % 20an handitzea ekar dezake adinekoen artean, eta horrek osasun eta gizarte gastua nabarmen areagotzea dakar.

Esku hartze esperimentalak arrakasta baldin badu, kalkulatzen da desgaitasunarekin eta gaitasun funtzionalaren galerarekin lotutako 700.000 kasu murrizteko aukera izango dela. Kalkulatzen da murrizketa horren bidez Europan 3 bilioi eurotik gora aurreztuko liratekeela osasunarekin lotutako gastuetan.

Proiektu honetan parte hartzen duten entitateak honako hauek dira: Getafeko Hospital Universitarioko Fundación para la Investigación Biomédica, Carlos III. Osasun Institutuko CAIBER (Ministerio de Economía y Competitividad), Bedfordshire Unibertsitateko adinekoen Diabetes Institutua (Erresuma Batua), Bordeleko Unibertsitatea (Frantzia), Cardiffeko Unibertsitatea (Erresuma Batua), Napoliko Unibertsitatea (Italia), Bethesda-ko Ospitalea (Stuttgart, Alemania), Charles Unibertsitatea (Praga, Txekia), Vrije Unibertsitatea (Brusela, Belgika), Gaztela Mantxako Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.


NUPen parte hartzea proiektuan


Nafarroako Unibertsitate Publikoaren parte-hartzea proiektu honetan ariketa fisikoko programen diseinuan gauzatuko da, bai muskuluen potentzia eta indarra hobetzera zuzendutako entrenamendurako programa bai ondoren pazienteek beren etxeetan egingo duten mantentze programa. Azterlanak iraungo duen bi urteetan zehar, ariketa fisikoko programak heziketa diabetologikoko programa batekin tartekatuz egingo dira Europa osoko 59 zentrotan, eta 1.700 lagun baino gehiagok parte hartuko dute. Bestalde, Nafarroako Unibertsitate Publikoak muskulu-potentzia, oreka eta gaitasun funtzionala balioesteko proben diseinuan parte hartuko du NUPen azelerazioa eta jarrera neurtzeko garatutako inertzia unitateak erabiliz.

Proiektu honen arduraduna NUPen Mikel Izquierdo Redín Fisioterapiako katedraduna eta (BIOFIM) Biomekanika eta Mugimenduaren Fisiologiako Ikerketa Taldeko arduraduna da. Harekin batera lankidetzan ari dira honako irakasle hauek: Marisol Gómez, Pablo Lecumberri, Alazne Antón eta Roberto Aguado, eta prestakuntzan dabiltzan langile hauek: Alicia Martinez eta Nora Millor. Beren lankidetza ariketa fisikoa balioesten eta hura agintzen, eta adineko pertsonen oreka eta gaitasun funtzionala balioesteko sentsoreen bidez lortutako seinaleak prozesatzean datza.